Sanpedroak: denetarik eta denentzat
Herriko jai nagusietan murgildu dira mundakarrak eta elantxobetarrak asteburuan. Baina beste hainbat herri eta txokotan ere ospatu dituzte San Pedro jaiak, denetariko eta denentzako ekintzak prestatuz.
Sanpedro jaietan murgilduta aritu dira asteburuan Busturialdeko hainbat eta hainbat herritan. Arrantzaleen santuaren omenezko jaiak dira sanpedroak, eta ondorioz, herriko jai nagusiak ospatzen aritu dira Mundakan eta Elantxoben. Hala ere, beste hainbat herritan ere jaiak girotu ditu txokoak.
Herri arrantzalea da Elantxobe, eta jai egun nagusiak ospatzen aritu dira asteburuan. Herritarrengan pentsatuz antolatu dituzte, eta herritarrentzako jai bereziak izan dira. Kirolik ez da falta izan herrian: barikuan (ekainak 28) pala txapelketagaz hasi zituzten jaiak, eta zapatuan (ekainak 29) 36. Elantxobeko Traineru Estropada lehiatu zuten KAE2 mailakoek. Astillero gailendu zen 22.59,22ko denboragaz, eta haren atzetik sailatu zen Donostiarra (23.14,23). Busturialdeak, berriz, hirugarren postu bikaina lortu zuen, 23.35,81eko denboragaz.
Uretatik lurrera jo zuten gero, izan ere, Sustabizen eskutik, herri kirol parte hartzaileetan murgildu ziren elantxobetarrak. Denetariko kirolak probatzeko aukera izan zuten, eta, erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izan zuten. Gauean, txarriki janagaz hartu zituzten indarrak, eta Mikosis eta The Uski´s taldeen kontzertuekin mugitu zituzten gorputzak.
Atzo (ekainak30), triki poteoagaz hasi zuten eguna, baina marmitako usainak hartu zuen kostako herria. Marmita jan ostean, umeentzako egurrezko jolasak izan zituzten aukeran, eta elektro orkestragaz agurtu zuten eguna.
Mundakarrek egutegian letra gorriz gorde ohi dituzte sanpedroak, eta, ohi legez, herri bazkarian motorrak berotu ostean, Basaranetik jaitsiera jendetsua eginda hasi zituzten herriko jai nagusiak barikuan (ekainak 28). Zapatuan (ekainak 29), santuaren egunean, Jose Mari Egileor txistulari taldearen kalejiragaz hasi zuten eguna, baina santuari egiten dioten ohorezko aurreskua moldatu behar izan zuten, eguraldiaren eraginez. Elizaren barrualdean egin zuten dantza Egunsenti Dantza Taldeko partaideek, eta ostean, plazarako bidea osatu zuten txistu eta danbolin doinupean. Sardina erreak jan zituzten mundakarrek, eta arratsaldean, karaoke ibiltarian elkartu ziren, tabernaz taberna.
Bermeotarrak ere ospakizunaz gozatzen aritu dira asteburuan. Zapatuan, udal talde osoa Goiko Plazan bildu zen, Alkate Soinua entzuteko. Jarraian, San Pedro kofradiako kideek gonbidatu ondoren, kalejira egin zuten Santa Eufemia elizara. Euriak, baina, Mundakan bezalaxe, bere eragina eduki zuen Bermeon ere: santuaren irudia ez zuten urteroko prozesioan kaleratu, baina, dena dela, portuan eta sirena hotsaren pean bildu ziren herritarrak, ontzien eta uraren bedeinkapena egiteko.
Lumon, berriz, asteburuan egon da zer ikusi, zer egin eta zer dastatu. Zapatuan (ekainak 29), txupinazoak San Pedro jaien hasiera erakutsi zuen, urtero legez. Jarraian, pintxo janean jaietarako indarrak hartu zituzten lumotarrek. Eguerdian Aixerrotara II. Igoera herrikoia egin zuten, Pasealekutik hasi eta Kosnoagaz edo Aixerrota mendiaren tontorreraino. Euriteei aurre eginez, 35 korrikalari animatu ziren eguraldi petralari eta aldapa pikoei aurre egitera; Oriol Cardona kataluniarra eta Alluitz de Bilbao kortezubitarra izan ziren bizkorrenak, hurrenez hurren, 10.38ko eta 15.28ko denborekin. 23 urtez azpikoen sailkapenean, ostera, Ibon Badiola (11.53) eta Bilbao bera gailendu ziren.
Arratsaldeak jokotik eta jolasetik eduki zuen. Mus txapelketa egin zuten, baita ur eta herri kirol jolasak ere. Ez hori bakarrik: bits jaialdiagaz eta txokolate janaldi herrikoiagaz gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek. Iluntzean, play-back lehiaketa egin zuten. Domekan [ekainak 30], berriz, Lilibertso taldeko bertsolariek girotu zituzten sanpedroak; Ibai Amillategi nahiz Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrek eta Asier Galarza muxikarrak herri bazkaria bertso soinekoz jantzi zuten.
Ibarrurin ere jai handiak dira sanpedroak. Zapatuan kalejiran eta pintxo janean elkartu ziren bizilagunak, eta herri bazkarian batu aurretik, igel jokoa lehiatu zuten. Egun berezia, baina, atzokoa (ekainak 30) izan zen. Izan ere, Baso Txoritxu dantza taldearen ikuskizunaz gozatu zuten bertaratu zirenek, eta, besteren artean, azken urteetan ohitura bilakatu den kaixarranka dantzatu zuten.
Marmizen bildu ziren mendatarrak San Pedro egunez, eta Zarrabentan, aldiz, atzo (ekainak 30). Herri bazkarian bildu ziren mendatarrak Marmizen, eta mus eta briska txapelketaz gozatu zuten. Zarrabentan, aldiz, trikitilariek girotu zuten egonaldia, eta Bizkaiko Gizonezkoen Giza proba ikusi zuten.