Bermeo-Urdaibairen asteburu perfektua
Bermeotarrak jaun eta jabe izan dira asteburuan [ekainak 29 eta 30] Eusko Label Ligako lehen bi banderetan Galiziako uretan.
Urdaibaik ezin izan du Eusko Label liga hasiera hobea izan. Asteburu perfektua osatu du: bi bandera, lidergoa eta ACTko 100. garaipena. Ez dago gehiago eskatzerik. Ezin daiteke esan ere ezustekoa izan denik, Bou Bizkaia hautagai nagusia baita.
Hori bai, gogotik lan egin behar izan zuen zapatuan [ekainak 29] zein domekan [ekainak 30] Galizian. A Coruñan aurkari zuzen guztiak bestelako txandetan izan zituen lehendabiziko estropada izateagatik. Bermeotarrek alde izan zuten azken txandan aritu zirela arraunean, hau da, erreferentzia guztiak izan zituzten. Hondarribiarena izan zuten marka nagusia, lehen bi ziabogetan atzetik ibili arren, hirugarren luzean aldeak ezartzen dituen martxa jarri zuten aurrea hartzeko. Azkenean 20:14.24ko denboragaz 11 segundoko aldea atera zioten Ama Guadalupekoa-ri.
Estuago. Domekan [ekainak 30] berdintasun handiagoa izan zen, itsasoaren egoera ere bestelakoa zen, olatu eta haizerik gabe. Ohorezko txandan gogotik egin behar izan zuen arraunean Bermeo Urdaibaik bandera lortzeko. Aurkari zuzenak izan zituen ondoan eta lehen ziabogan argi geratu zen lana derrigorrezkoa izango dela, hiru segundotan sartu ziren lau traineruak. Hirugarren luzean bermeoatarrek hain berea duten erritmo aldaketa egin duten, baina oraingoan Zierbenak bakarrik eutsi zuen. Azkenera arte estutu behar izan zuten Iker Zabalaren arraunlariek garaipena lortzeko, bakarrik 2 segundo eskaseko tarteagaz: 19:34.65.
Emakumezkoetan ere Arraun Lagunak-ek indar erakustaldi berdinagaz irabazi zituen bi banderak. Hurrengo zapatuan, [uztailak 6] Donostian ariko dira eta domekan [uztailak 7] Zierbenan.