Barandikak eta Lopezek Johan-Del Rioren aurka jokatuko dute
Zapatuan [ekainak 29] zehaztu ziren Markina-Xemeingo Grand Slameko finalaurrekoak. Bestea Ladutxe-Basque eta Olharan-Ibarluzea bikoteen artekoa izango da. Erkiaga aurten lehen aldiz kanpoan geratu da.
Ezustekoa, Aritz Erkiagak Jai Alai Ligako 2023/2024 denboraldian lehen aldiz ez du txapela jantziko. Jon Bullet Zabalagaz batera bi partidak galduta ezinezko izan dute aurrera egitea. Orain arteko txapelketa guztiak irabazi ditu ispastertarrak: Pau, Biarritz, Winter Series, Lekeitio, Zumaia, All Star, Gasteiz y Bilbo. Zapatuan [ekainak 29] ere bi setetan galdu zuten Markina-Xemeingo Grand Slamean.
Hain zuzen ere, Lea-Artibaiko puntistak ziren 2-0 irabaztera behartuta zeudenak. Ladutxek eta Basquek Uni frontoiari neurria hartuta diotela erakutsi zuten berriro: sailkatzeko txapelketatik ez dute partidarik galdu. Multzorik zailenean gainera, aurkezpenean Barandika-Lopez eta Erkiaga-Zabala bikoteen izenak nabarmendu zirelako, aurrera egitea lortu dute. Ligaxkako azken partidan ere sendotasuna izan zen Iparraldeko bikotearen armarik garrantzitsuena. Basquek erakutsi zuen iazko Markina-Xemeingo txapela ez zela kasualitatea izan eta Ladutxek azken hilabeteetan aurrerapausoa eman du. 15-9 eta 15-8 nagusitu ziren.
Bigarren partidan kontuak errazagoak ziren, irabazleek bakarrik egingo zuten aurrera. Partidaren tentsiogaz huts gutxien egin zituztenek lortu zuten finalaurrekoetarako txartela. Gorka Sorozabalek eta Alex Goitiak nahi eta behar baino hutsegite gehiago egin zituzten, eta horrelako hil edo biziko partidetan, garesti ordaintzen dira. Olharanek eta Ibarluzeak ere sendotasuna bakarrik ez zuten behar izan partida irabazteko. Markina-Xemeindarrak erakutsi du Erkiaga barik ere emaitzak lortzeko gai dela: 15-9 eta 15-8.
Horrenbestez, zapatuko [uztailak 6] finalaurrekoak hurrengokoak izango dira: Ladutxe-Basque Olharan-Ibarluzearen aurka eta Barandika-Lopez Johan-Del Rioren kontra. Finala Karmen Egunean [uztailak 16] izango da, aurretik emakumeen desafioa egongo da eta ETBren kamerak izango dira bertan.