Tradizioagaz jarraitzeko prest
Tradizioari eutsiz, San Pedro jaiak hartuko dituzte asteburuan Busturialdeko hainbat herri eta auzok. Ibarrurin, Lumon eta Marmizen mahai inguruetan batuko dira bizilagunak, besteren artean, herri bazkarietan.
Sanjoanetan udaberria agurtu eta udari ongi etorria emanda, dagoeneko ate-joka daude sanpedroak. Hala, Busturialdeko hainbat herri eta auzotan ospakizunez betetakoa izango da asteburua, San Pedro jaietan murgilduko baitira bizilagunak.
Lumo da herritarrak jai giroan elkartuko dituen herrietako bat, hamaika ekintza prestatu baitituzte. Bihar [ekainak 29] eguerdian ekingo diete ospakizunei, txupinagaz eta meza nagusiagaz. Arratsaldean mus txapelketa lehiatuko dute, baina ume eta gazteentzat ere ekintza ezberdinak egongo dira: ur eta herri kirol jolasak edukiko dituzte aukeran, 18:00etatik 19:00etara, eta bits jaia, 19:00etatik 20:00etara. Gauean dantza eta musika bihurtuko dira protagonistak, play-back lehiaketan bilduko baitira lumotarrak. Etzi [ekainak 30], berriz, Ibai Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Asier Galarza bertsolariek girotutako herri bazkarian elkartuko dira.
Mendatarrek, bestalde, topaleku bikoitza izango dute asteburuan, bihar Marmizen elkartuko baitira, eta etzi, berriz, Zarrabenta auzoan. San Pedro Egunean jan-edana izango dute ospakizunen erdigunean. Izan ere, hamaiketakoa eta poteoa egiteko hitzordua jarri dute 11:00etan, eta eguerdi bueltan mahai inguruan batuko dira, herri bazkarian. Arratsaldean, berriz, ez da mus eta briska txapelketarik faltako. Domekan, bestalde, San Pedro baseliza izango dute meza entzuteko topagune. Jarraian, ardoa eta gailetak dastatuta, Bizkaiko Gizonezkoen Giza Proba Txapelketaren lehenengo jardunaldia hartuko du Zarrabentak: Eneko Bilbao, Aitor Etxaniz, Aitor de la Concepcion eta Jose Angel Ikaza arituko dira nor baino nor gehiago.
Arrantzaleen patroi nagusiaren eguna izanik, bermeotarrek ere bat egiten dute San Pedro Egunagaz. Arrantzaleen Kofradiako Eguna ospatuko dute bihar, eta, urte luzeko tradizioari eutsiz, goizean udalbatzak kofradiako zuzendari batzordea agurtuko du; ostean, 10:30ean, Goiko Plazatik irtengo da prozesioa, Alde Zaharretik eta portutik ibili eta gero, berriro ere Santa Eufemia elizara bueltatzeko.
Joan den astean sanjoanak ospatu zituzten, eta oraingo honetan sanpedroetan murgilduko dira ibarruritarrak ere. Trikitilariek girotutako kalejiragaz emango diote hasiera jaiei. Eguerdian herri bazkarian elkartuko dira, baina aurretik ez da ohiko igel txapelketa faltako. Ibarrurin Porra Txapelketak ere ez du hutsik egiten, eta domekakoa ez da salbuespena izango; hala ere, aurretik Baso-Txoritxuren emanaldiagaz eta umeen jolasekin gozatuko dute bizilagunek.
EGITARAUAK
BERMEO
Bihar, San Pedro Eguna
- 10:15. Bermeoko Udalbatza kontziopean batuko da.
- 10:30. San Pedrogaz prozesioa, Goiko plazatik.
LUMO
Bihar, San Pedro Eguna
- 12:00. Jai hasierako txupinazoa eta meza nagusia.
- Ostean. Pintxoak.
- 13:00. Aixerrotara igoera, Arrolaperen eskutik.
- 14:30. Sari banaketa.
- 15:30-16:30. Mus txapelketarako izen ematea, txosnan.
- 16:30. Mus txapelketa.
- 18:00. Umeen txokoa: ur eta herri kirolen jolasak eta bits jaia.
- 20:00. Txokolatea.
- 21:00. PlayBack lehiaketa girotua.
- Ostean. Sari banaketa.
Etzi
- 13:00. Meza nagusia.
- 13:45. Elai Alaiko gaztetxoen taldeko emanaldia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Idi probak: Kamiñoko, Rafa Alegria eta Ekaitz Basaras.
- 20:30. Jai amaierako txupina.
MENDATA (MARMIZ)
Bihar, San Pedro Eguna
- 11:00. Jaiaren hasiera
- Ostean. Hamaiketakoa, poteoa eta umeen jolasak.
- 14:00. Bazkaria.
- 17:00. Mus eta briska txapelketa.
MENDATA (ZARRABENTA)
Etzi
- 11:00. Meza, San Pedro baselizan.
- Ostean. Ardoa eta gailetak. Trikitilariek alaituko dute giroa.
- 12:30. Bizkaiko gizonezkoen giza probaren 1. jardunaldia: Eneko Bilbao, Aitor Etxaniz, Aitor de la Concepción eta Jose Angel Ikaza.
MUXIKA (IBARRURI)
Bihar, San Pedro Eguna
- 11:00. Kalejira, trikitilariek girotuta.
- 11:30. Meza nagusia, abesbatzagaz.
- Ostean. Pintxoak guztientzat.
- 13:00. Igel jokoa.
- 14:30. Herri bazkaria.
Etzi
- 11:30. Meza nagusia, abesbatzagaz.
- 12:00. Baso-Txoritxu Ibarruriko dantza taldearen emanaldia.
- Ostean. Umeen jolasak.
- 14:00. Porra Txapelketa.