Berrikuntzekin zabalduko dute BBK Klima Abentura
Astelehenean [uztailak 1] irekiko ditu ateak BBK Klimak, hirugarren udaz jarraian. Dibertsioaren, hezkuntzaren eta aisialdearen bitartez ohiturak aldaketa sustatzen jarraitzea dute helburu.
Hirugarren udaz jarraian, BBK Klima ingurumen kontzientziarako parke esperimentalak ateak irekiko ditu astelehenean [uztailak 1]. Gaur goizean [ekainak 28] Urdaibaiko parkeko instalazioetan ingurumenaren ikerketarekin eta zintzarekin lotutako inguruko 30 bat eragilekin egin den gosari-forumean azaldu dutenez, hirugarren aldi honetan “partekatutako klima identitatea sortzea saihesteko aurrerapausoa” eman du BBK Klimak. Bisitariei dibertsioaren eta partekatutako aisialdiaren bitartez klima krisialdiak arintzeko ekintzetan parte hartzeko konpromisoan laguntzeko asmoagaz, programazioa berria aurkeztu dute uda honetarako.
Iazkoagaz alderatuta, esperientzia interaktiboen zerrenda “hobetu eta areagotua” ezagutarazi dute, jarduera ludikoen programazio “berri eta zabal” bategaz. Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak azaldu duenez, dibertsioaren, hezkuntzaren eta aisialdiaren bitartez pixkana ematen ari diren ohitura aldaketetan eragitea du xede abentura parkeak, eta horretako “proposamen osoa eta anitza” garatu dute. Astelehenean Inguratzen gaituen natura horma-pintura eta grafiti tailerragaz emango diote hasiera udako denboraldiari, eta bisitariek inguratzen gaituen natura modu original batean islatzeko aukera izango dute. Lurra kontsumitzen ditugun elikagai askoren jatorri gisa balioan jartzeko, zapatuan [uztailak 6] Gernikako piperraren festa hartuko du parkeak, Km0 produktuen inguruko jardunaldia. Bisubiren eskutik showcookinga egongo da eta musika emanaldiak ere ez dira faltako.
Sarasolak programaren inguruko hainbat xehetasun ere aurkeztu ditu, besteak beste, uztaileko igandeek “izen propioa” edukiko dutela: udako zinema, uztailean eta abuztuan moda eta natura batzeko Fashion Revolution loves Klima izeneko hiru workshop egingo direla, abuztuan igerilekuak itzuliko direla, irailean birziklapenari lotutako workshop gehiago antolatuko dituztela. Era berean, aurten BBK Klimaren jarduerak urriaren bukaerara arte luzatuko direla azaldu du: bertako zuhaitz espeziak landatuko dituzte eta film gehiago eskaintzeagaz batera, itxiera-festa ere egongo dela iragarri du.
Gazteek esperientzia dinamiko eta teknologiko aurreratuen aurrean duten erantzuna ikusita, ezarri dituzten jarduera berriei azken teknologiak eta metodo interaktiboak barneratzen saiatu da BBK Klimaren taldea: “Horrela, ingurumen kontzientziazioan eta hezkuntzan erreferente bihurtzen da, ikuspegi integral eta parte hartzaile baten bidez, klimaren eta ingurumenaren kontzientzia handiago alortzeko hainbat gaie ta mezu nagusitan zentratuz, jolasa ikasteko bide nagusi gisa erabiliz etra eguneroko bizitzan aplikatzeko tresna praktikoak eskainiz”.
Hainbat berrikuntza.
Berritasunekin dator BBK Klima Abenturaren udako denboraldia, izan ere, aurreko urteetan zeuden tirolina, energia eolikoa, energia undimotrizea, eta tirolina bezalako “murgiltze-esperientziei” ondorengoak gehitu baitizkiote: berotegi puzgarria, zorbing balls, urmaela, hondakinen bilketa, ginkana, Nor da nor Kliman, ihes-jokoa, proiekzio berriak Domoan, Paint2Life haurrek itsas pertsonaia bat irudikatu eta, bizidun bihurtzeko pantaila batera eraman ahal izango duten txokoa eta DIWO jolas berri bat.
Parkeko instalazioen bitartez bisitariek naturagaz eta iraunkortasun kontzeptuekin modu ludiko eta dinamikoan elkarreragiten dutela azaldu du Sarasolak: “Energia berriztagarrien erabilera eta ulermena sustatzen ditugu, uraren eta kontserbazioan eta erabilera arduratsuan hezten dugu, elikagaien tokiko kontsumoa eta kontsumo jasangarria sustatzen dugu, ingurumen inpaktua minimizatzen duten garraiobide iraunkorrak sustatzen ditugu eta, gainera, moda jasangarritasunagaz lotzen dugu, alternatiba arduratsuak eta ehungintzaren ingurumen-inpaktua murrizten duten praktikak erakutsiz”.
Kanpoaldeko instalazioei dagokionez ere berrikuntzak egongo dira aurten; izan ere, udako bisitariek janari furgoneta bat eta hainbat etzaulki izango dituztelako inguruneaz eta birnaturalizatutako guneez gozatzeko. Parkerako bisita guztiak, gainera, DIWO pasaportean bilduko dira; hau da, jarduera ezberdinak egin ahala, bisitariak mapa formatuko dokumento batean zigiluak jartzen joango dira, DIWO bat lortzeko puntuak eskuratuz.
Sarasolak azaldu duenez, BBK Klimaren ikaskuntza esperientzia mugikorrerako aplikazio batek indartuko du, jolasetarako “laguntza eta baliabide gehigarriak” eskainiko baititu: “Eguneroren bidez, bizi-estilo jasangarria mantentzen laguntzen duten aholku praktikoak eta inplementantzeko errazak ematen digutu”.
Entzute-prozesua.
“BBKn uste dugu gure etorkizuna gaur egun gure planeta babesteko hartzen ditugun ekintzen mende dagoela. Klima sinesmen horren adierazpena da, ingurumen hezkuntzari, berrikuntza jasangarriari eta ekintza komunitarioari eskainitako gunea. Ikasketa-zentroa eta aldaketarako katalizatzailea”, esan du Sarasolak.
Gizarte Ekintzako zuzendariaz gain Braulio Gomez ikertzaile eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak ere hartu du hitza gaur goizeko ekitaldian. Azaldu duenez, parkearen programazio berria BBK Klimak burututako entzute-prozesu batean oinarritu da: 1.000 pertsonako laginak parte hartu du inkestan, eta horrek ondorio batzuk ateratzea ahalbideratu die. Gomezek plazaratu dituen datuen arabera, hiritarren %83k “oso seriotzat” hartzen du klima aldaketa eta %85ak uste du klima krisialdia arintzeko zerbait egin dezakela. “Hiritar arduratsu bihurtu gara, bakoitzak bere ekintzekin klima krisialdia aritnzen lagundu nahi dugu. Azken finean, axola zaigu klima aldaketa”.
Era berean azaldu dute bizkaitarren %63 ohiturak aldatzearen alde dagoela, eta %71k tokiko produktu eta euskal kostaldeko arrain gehiago kontsumitu nahi dituela. Datuen arabera hitzetatik ekintzetara pasatu da gizartea, %82ak hondakin kategoria guztiak birziklatzen eta bereizten ditu, eta %81a dutxa laburretara aldatu da. Hala ere, gizartearen gehiengoak “informazio berde gehiago” jaso nahi du: “Ingurumen inpaktuko etiketak nahi dituzte kontsumitzen dituzten produktuetan”.
Halaber, inkestaren emaitzetatik komunitatea elkartzearen pisua ondorioztatu daitekeela aipatu du: “Taldeko ekintzak eta baklitzaren erabakiak bihurtu dira gure sendotasun nagususiak. Etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun jasangarria bermatzeko eta gure ingurunea babesteko sendotasunez jarduteko komunitatea elkartu daitekeenaren adierazle bikaina da Bizkaia. Azken finean, aldaketa horren benetako sustatzailea gure eguneroko erabakiak dira”.
Mahai-inguruak.
Datu guztiak eskuartean izanik, parkean bildu diren hogeita hamar eragileak mahai-inguruetan bildu dira erronka batzuk gauzatzeko. Ibon Galarraga BC3ko ikertzaile eta Ekonomi Ekintzako zuzendariak gidatuta, Gomezek emandako datuak erabili dituzte abiapuntutzat partekatutako klima identitatea aurrera egiteko ekintzak proposatzeko. Lehenengo erronkan osatutako taldeetako kide bakoitzak norbere jokabide eta ohituz hausnartu behar izan du; elikadura, mugikortasun jasangarria, lana, birziklapena… gai ezberdinetan aurrera egiteko zer egiten duten eta zer egin dezaketen adierazi behar izan dute. Bigarren erronkan berriz, denboran jauzi egin eta galdera bati erantzun behar izan diote: kazetariak balira, klimari lotutako zer titular idatzi nahiko lukete 2040an? Jasotako erantzun guztiak akta bisual batean bilduta geratu dira.