I. Berdintasun Planean ari da lanean Murueta Udala
Lehen pausoa herri diagnostikoa egitea izan da, planaren oinarriak ezarri, ibilbide-orria finkatu eta herritarren ekarpenak jasotzeko balio izan duena.
Muruetako Udala Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lehen Plana lantzen ari da, eta dagoeneko amaitutzat eman du lehen fasea: lehentasunezko arloak identifikatzeko herri diagnostikoa. Azaldu dutenez, berdintasunerako planak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako VII. Planaren printzipioak eta lan-estrategiak izango ditu oinarrian, eta udal-kudeaketan genero-ikuspegia ezartzea bilatuko du.
Julen Karrion Muruetako alkateak adierazi duenez, planak “konpromiso politikoa, teknikoa eta herritarra” eskatzen ditu: “Beraz, zeharkako helburu horretan lan egingo dugu ekintza zehatzak martxan jarriz Muruetan benetako aukera-bardintasuna bermatzeko, arauzko bardintasunaren eremutik harago. Hori lortzeko, gure herriko egoerara egokitu behar dogu, aldez aurretik egin dogun diagnostikoan jaso dogun informaziora”.
Aurreratu dutenez, plana “irekia eta malgua” da eta lau urtez egongo da indarrean —2024-2027—; gainera, urte bakoitzeko planak zehaztuta agertuko direla azaldu dute, lortzen diren helburuak neurtzen joateko adierazleak kontuan hartuta. I. Berdintasun planaren jarduera estrategia “lau ardatzetan” oinarritzen dela ere zehaztu dute: Gobernu Ona, Emakumeen Ahalduntzea, Ekonomiak eta Gizarte-Antolakuntza Eraldatzea eskubideak bermatzeko, eta indarkeria matxistarik gabeko biziak. Berdintasun Planak urtero aurrekontu propioa izango du.
Herritarren proposamenak.
Udalak herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko helburuagaz galdetegia zabaldu zuen azaroan, eta dagoeneko aztertu dituzte jasotako erantzun guztiak. Hala, muruetarren ekarpenak berdintasun planaren ardatzen arabera sailkatu dituzte: Gobernu Onari dagokionez, udal-langile eta politikariei zuzendutako formakuntza plan bat ezartzea eta horiek erakunde ezberdinek eskaintzen dituzten formakuntzetan parte hartzen jarraitzea, udal inprimakietan sexu-aldagaia sistematikoki txertatzea edota berdintasun-plana ebaluatzeko estrukturak sortzea dira nabarmendu diren proposamenetako batzuk. Era berean, gutxienez azaroren 25 edo martxoaren 8ko programa sortzeko alkate eta bestelako eragileekin elkarlana sustatzea eta HAPOan genero-ikuspegia txertatzeko dirulaguntza eskatzea ere azpimarratu dituzte.
Emakumeen ahalduntzeari dagokionez, berriz, Muruetako auzoetako emakumeen parte hartzea bermatzeko estreategiak lantzea, emakumeen autozaintza eta ahalduntzeko lantzeko ikastaro “sakonak eta jarraiak” eskaintzea, emakume nagusien bakardadea prebenitzeko programak bultzatzea eta landa-eremuko emakume ekintzaileen lana ikustaraztea dira planteatu diren gaietako batzuk.
Eskubideak bermatzeko ekonomiak eta gizarte antolaketa eraldatzeari dagokionez, honakoak proposatu dituzte: jubilatuen elkarteko kideekin Gizonduz programa lantzea, ama gazteek parte hartzko udal baliabideen zerbitzuak eta ordutegiak zabaltzea eta aita gazteekin lan egitea. Indarkeria matxistarik gabeko biziak esparruan, berriz, indarkeria matxistaren biktimentzat dauden baliabideen inguruko informazioa zabaltzea, indarkeriaren adierazleak hautemateko kanpainak egitea eta Osasun zerbitzuagaz formakuntzagaz egitea dira nabarmendu diren puntuetako batzuk.
Berdintasun plana “zeharkakotasunaren ikuspegitik”, udaleko arlo eta zerbitzu guztiak bere gain hartuz lantzen ari direla azaldu dute: “Bai neurrien kudeaketa ekonomikoan eta gautzatzean islatu den konpromiso formal gisa, baita emakumeen eta gizonen berdintasunearen aldeko konpromiso gisa ere”. Berdintasun planak hainbat alorreri eragiten dielako eta “benetako eragina” lortzeko lana zeharka egitea “askoz eraginkorragoa” izango delako, plana prozesuan sail horretako arduradun teknikoaren “lan eta inplikazioaz gain”, gainontzeko teknikariena ere beharrezkoa izango dela adierazi dute. Gainera, koordinazio-espazio baten beharra ere azpimarratu dute: “Koordinazio-espazio bat sustatu beharko da, herritarrekiaz aurrerapausoak konpartitzeko eta herritarren eta eragileen parte-hartzea eta elkarlana sustatzeko”.