Urak sua itzali dezake, baina ez ospakizuna
Udako solstizioagaz batera, sanjoanen ospakizunetan murgildu dira eskualdeko hainbat auzo eta herri.
San Joan jaietako ospakizunek hartu dituzte asteburuan eskualdeko herri eta auzoak. Barikuan [ekainak 21] hasita, jaiak izan dira han eta hemen, esaterako, Gernika-Lumoko San Juan Ibarra auzoan, Segundo Olaeta Musika Eskolaren Rock N’ Band ikuskizunaren 12. aldiagaz eman zieten hasiera festari. Banda Sinfonikoko 50 musikari, Rock Konboa eta eskolako zortzi abeslari oholtzaratu ziren, Ross Dantza Eskolako dantzariekin batera ikusleei errepertorio zabala eskaini eta gaua girotzeko. Barikuan legez, asteburu guztian zehar musika, dantza eta janari eskaintzak izan dira protagonistak.
Kanpantxun, bestalde, kirola eginez ekin zieten ospakizunei, III. Buelta Kanpantxu lasterketan elkartuko baitziren ume zein nagusiak, zapatuan [ekainak 22]. Izaera solidarioa mantendu dute aurtengoan ere, izen emate bitartez lortu duten dirua Adouna Elkartera, —Afrikako Garapenerako Lankidetzarako Elkartera— bideratu baitute. 4,9 kilometroko ibilbidea osatu zuten korrikalariek eta Koldo Aiesta eta Diana Ilau izan ziren onenak. Lasterketa ostean, frontoian bildu ziren herritarrak, pilota finalez gozatzeko, eta, kirol emanaldiak bukatuta, herri bazkarian bildu ziren. Ez ziren bakarrak izan, Morgako Ganbe auzoan ere sanjoanetako ohiko herri bazkariari eutsi baitiote beste urte batez. Errigoitiko Sallobanten, berriz, afarian bildu ziren auzokideak, eta gaua erromeria doinu artean bukatu zuten, Obieta aita-semeak taldearen eskutik.
Tradizioei jarraipena eman nahi izan diote Mendatako Lamikiz auzoan ere, San Juan baselizan elkartu ziren atzo [ekainak 23] auzotarrak meza entzuteko; musika, bertsolariak eta jan-edana ere ez ziren falta izan. Ibarruriko Ajurian, bestalde, Baso Txoritxu Dantza Taldeak emanaldiagaz eta Muxika, Ibarruri eta Gorozikako emakumeen Oxygastra Curtisii antzerki taldearen San Joan gaueko ikuskizunagaz gozatu zuten herritarrek.
Jai nagusiak.
Auzoetako jaiez harago, badago sanjoanetan jai nagusiak ospatzen dituen udalerririk ere, tartean, Ea. Ura eta sua uztartzen dituen ospakizunetan murgilduta daude eatarrak barikuaz geroztik. Kaiarrian ekin zioten jaiari, eta ikurrina bertako mastan altxatu eta gero, Eztandap taldearen eta Altxa Porru erromeriaren kontzertuez gozatu zuten ostean.
Zapatuan herri bazkarirako hitzordua zuten eatarrek; beste urte batez, bazkaritarako deialdiari bikain erantzun diote herritarrek aurten ere. Arratsaldean musika izan zuten jaien erdigunean, bingo musikatuan aritu ostean, Gautegiz Arteagako koruaren emanaldiagaz disfrutatu baitzuten. Segidan, Lilibertsoko Julen Ibarguengoitia eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernika-lumotarrekin batera bertso-poteoan bildu ziren herritarrak, gaua DJ Bull-en musika emanaldiagaz borobildu aurretik.
Etzi [ekainak 26] izango da eatarrentzat sanjoanetako egun handia, Erreka Eguna ospatuko dute-eta. Errekara jauzia egin, eta hondartzara arte dagoen tartea uretatik egiteko ordua iritsi bitartean, baina, motorrak berotzen jarraituko dute eatarrek; gaur [ekainak 24], adibidez, hondarrezko gazteluen txapelketa egingo dute, hondartzan bertan.
San Joan eguna goizetik hasi duen udalerririk bada, Bermeo da hori; izan ere, goiztiarrenak 06:30ean joan dira Gaztelugatxeko San Joanera meza entzun eta ohitutari jarraipena ematera.