Hautagaitza aurkeztu dute Markina-Xemeinen
Aritz Erkiaga eta Jon Zabala hartu zituzten mendean zapatuan [ekainak 15] Markina-Xemeingo Grand Slameko lehen jardunaldian. Bigarrenean, Laduche-Basque bikotearen aurka jokatuko dute.
Markina-Xemeingo Uni pilotalekua pilotaren unibertsitatea da, eta Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek ‘Aritz Erkiaga zelan sahiestu’ irakasgaiaren klase bikain bat eskaini zuten zapatuan [ekainak 15] Markina-Xemeingo Grand Slameko lehen jardunaldian. Johan Sorozabal eta Julen Del Riok ere maisuki lortu zuten garaipena.
Teoria ikastea erreza izan daiteke, baina errealitate bihurtzea ez hainbeste. Denek nahi izaten dute Erkiaga jokoz kanpo utzi, baina gutxi batzuek bakarrik lortzen dute. Ispastertarrak gainera eroso hasi zuen partida, tantoak amaituz. Pixkanaka Barandika eta Lopez erritmoa hartzen joan ziren, biak ala biak Euskal Herriko frontoietatik urrun aritu dira hilabete batzuetan. Klasea, ordea, ez dute galdu, maisuki pilotak 10-11 koadroetan jarri zituzten, Jon Bullet Zabala sartu behar izateko eta Erkiagaren errebotea sahiesteko. Berdintasuna izan zen nagusi, baina azkenean 15-11 nagusitu ziren lehen setean. Konfiantzaz gainezka 11-4 aurreratu ziren bigarrenean. Zabalak eta Erkiagak ez zuten amore eman eta 14-10 hurbildu ziren, beranduegi, aldiz.
Jean Olharanek bai nabaritu zuela kristalezko frontoian azken ia lau hilabeteetan aritu izana. Honek ere ondo ekin zion partidari, baina azkenean nahi baino huts gehiago egin zituen. Ion Ibarluzeak erakutsi zuen edozein aurrelarirekin maila emateko dagoela. 5-9 aurreratu ziren, baina Johan martxan jarri zen eta hamarna berdintzea lortu zuten. Del Riok ere bere eskuma zitala berotu zuen eta min handia egin zuen. Azkenean, 15-11 nagusitu ziren. Bigarren setean ere, dinamika bera errepikatu zen, marroiak aurretik, baina emaitza izan zen azkenean errepikatu zena: 15-11.
Garaipenekin Barandika-Lopez eta Johan-Del Rio bikoteek Markina-Xemeingo Grand Slamerako haien hautagaitza berretsi dute. Hurrengo jardunaldian set bat irabazita finalaurrekoetarako txartela eskura izan dezakete.
- Ekainak 22, 19:00etan:
- Goitia Gorka vs Johan-Del Rio
- Laduche-Basque vs Barandika-Lopez