Ehundaka mendizale, Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia egiteko
Deiadar Mendien Egunaren 19. aldian bildu ziren mendizaleak, zapatuan [ekainak 15], Sollubeko tontorrean. Bermeoko Sollube 707 taldeak Alpino Tabira klubari pasa dio lekukoa, eta durangotarrek antolatu dute 2025ean Oizera igoera.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako martxagaz bat egin zuten, beste urte batez, ehundaka mendizalek, zapatuan [ekainak 15]. Deiadar Mendien Egunaren 19. aldia izan da aurtengoa, eta Sollubetik entzun da Bizkaiko Batzar Nagusietarako ohiko deia egiteko adar-hotsa.
Deiadar-hotsa indarrez entzunez zen Sollubeko tontorretik eguerdiko hamabietan, baina bertarako iristeko, parte hartzaileak mendiaren bi alde bietatik abitu ziren, goizetik: mendi martxa bat Bermeoko Taraskatik abiatu zen, 9:00etan; bestea, berriz, 10:00etan, Arrietako udaletxetik. Txapartaren soinuagaz egin zuten bat bi taldeek, mendiaren goreneko puntuan.
Urtero deiadar-mendietan tontorrik tontor ibiltzen den deiadarra izan da aurten ere protagonista, eta Bakioko Itxas-Alde dantza elkarteko kideak izan ziren Batzar Nagusietarako deia egiteko adar hori jotzearen tradizioari jarraipena eman diotenak.
Deiadar Mendien Eguna “klasiko” bihurtu da mendi ibiltari herrikoien artean eta, hala, bi hamarkada bete ditu aurten. Deiadar igoeretan laguntzen duten bost mendi taldeetako kideek —Balmaseda Mendi Taldeak (Balmaseda), Gailurrak (Bilbo), Ganzabalek (Lemoa), Alpino Tabirak (Durango) eta Sollube 707 (Bermeo)— ez zuten hutsik egin, eta beste urte batez bat egin Bizkaiko Batzar Nagusian deitutako martxagaz. Aurten, gainera, seigarren talde bat ere gehitu da, Mungiako Tallu Mendizale kluba. Mendizaleez gain, Solluben izan ziren Ana OtaduI Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Aitor Agirre Arrietako alkatea, Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Josu Erkoreka lehendakariordea, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak ere. Otaduik Batzar Nagusiak 2004tik antolatzen duen “tradizio zahar” horretan parte hartzeagatik eskerrak eman zizkien bertaratu ziren guztiei.
Deiadar soinua eta gero, jai giroa izan zen nagusi mendizaleen artean. Izan ere, jaieguna Sollubeko tontorretik 200 metrora lekualdatu zen, trikitixaren soinu eta inguruko produktuekaz gozatzeko: hegaluzea, antxoak, Bizkaiko txakolina… jan-edanik ez zen falta izan Antonio Trueba idazle galdaestarrak XIX. mendeko bere kroniketan aipatutako ohituraren ospakizunean.
Sollubetik, Oizera.
Bizkaiko Batzar Nagusiak deitutako mendi-martxa antolatzea Sollube 707 mendi-taldearen ardura izan da aurten, eta zapatuan, ohituragaz jarraituz, lekukoa pasa die hurrengo urteko antolatzaleei, alegia, Durangoko Alpino Tabiro klubeko ordezkariei. Durangarren esku egongo da Deiadar Mendien Egunaren 20. aldiko igoera prestatzea. Aurreratu dutenez, 2025ean Oiz mendian egitea aurreikusten da, urteko “sasoi honetan”.