Pasabidea eraikiko dute Bakio eta Bermeo Gaztelugatxetik lotzen dituen oinezkoentzako bidean
Bizkaiko Foru Aldundiak lizitaziora atera du Madari errekaren gainean pasabide bat eraikitzeko proiektua. Obrak urte amaieran edo 2025aren hasieran hastea aurreikusten dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak lizitaziora atera du Madari errekaren gainean oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko proiektua. Lana Bermeo eta Bakio Gaztelugatxen zehar lotuko dituen oinezkoentzako ibilbidearen barruan kokatuko da; obrak urte honen amaieran edo 2025aren hasieran hasi ahal izatea espero dute.
Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko saileko foru diputatuak azaldu duenez, pasabidea Urdaibaiko Patronatuaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren —EKZP— zehaztapenei jarraituz eraikiko da, eta “ezin hobeto” integratuko da ingurune naturalagaz: “Erreka horren desnibela bitarteko euskarririk gabe gaindituko duen diseinuarekin eraikiko da, inguruan dagoen landare-espezie babestu bati —Woodwardia radicans— eta errekaren beraren ibilguari ez eragiteko”.
Bakio eta Bermeo arteko ibilbidea bi herrietan bizi direnekk eta Gaztelugatxera doazenek “maiz” erabiltzen duten ibilbidea da, baina egun “ez du segurtasun-ezaugarri nahikorik”. Aldundiak 2019an idatzi zuen Bermeo, Matxitxakoko itsasargia eta Gaztelugatxeko Doniene arteko oinezkoentzako bidearen aurreidatzia, eta pandemia ondoren, lehen fasean gauzatu ere bai: Lurgorri eta Erleko Punt arteko bidezidorra egokitu zen.
Lehen idatzi horretan definitu zen “ezaugarri oso zehatzak” zituen pasabide bat egitea: izan ere, landare-espezie babestua dagoenez, bitarteko euskarririk gabe eraiki behar zen. Hala, pasabide-proiektuaren “konplexutasun teknikoagatik” arazoak sortu ziren eta 2023ko amaietan proiektu berria enkargatu zuten, “burutze-prozesura sinpleago batekin”.
Muntaia azkarra.
Lizitaziora atera duten proiektuak pasabidea tesa banda motakoa izatea aurreikusten du. Azaldu dutenez, Diseinu horren ezaugarri nagusiak liraina izatea eta gainegitura kurbatua edukitzea dira: “Pasabide-tipologia hori ezin hobeto egokitzen da ingurune natural batera, hala nola Madari errekaren ibarbidera, non espero baita egitura mugarri bat izatea bidezidorretik igarotzen diren pertsonentzat”. “Pasabidea eraikitzeko, hormigoizko dobela aurrefabrikatuak jarriko dira aurrez tenkatutako altzairuzko kable gidarien gainean. Dobela horiek kableetatik zintzilikatuko dira, eta taularen pisu propioari eta erabilera-gainkargei eutsi beharko diete”, adierazi du Atutxak. Azaldu duenez, horrela muntaia-prozesu “oso azkarra” lortzen da, ingurumenaren gaineko afekzioak murriztera bideratuta: “Aldez aurretik jarritako euste-kableen dobela esekiak jartzean, ibilguan edozein jarduketa egitea saihesten da”. Ildo horretatik, bide-zorua zurezkoa izatea proiektatu dela azaldu du Atutxak, “altzairu herdoilgaitzezko burdineriarekin eta silize-hareazko eta erretxinazko tratamendu irristagaitzarekin”.
Foru diputatuak iragarri duenez, pasabidea eraikita dagoenean, ibilbide hori birgaitzeko lanekin jarraituko aldundiak; Erleko Puntako begiratokiraino lehenengo, eta handik Bermeoko hilerriaren inguruko disuasio-aparkalekuraino.