Martxan da Bermeoko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa
Proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 28a [barikua] izango da. Epaimahaiak eta herritarrek botoa eman ostean, kartel irabazlea uztailaren 19an iragarriko da.
Zabalik dago 2024ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta Bermeoko Udalak herritarrak parte hartzera deitu ditu. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 28a, [barikua] 14:00etan itxiko da.
Kartela Bermeoko jaietako egitaraua iragartzeko erabiliko da; horregatik, jai horien adierazle izateaz gain, ezaugarri batzuk bete beharko ditu: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak. Era berean, Bermeoko jaiak 2024 Irailaren 7tik16ra testua agertzea nahitaezkoa izango da.
Bestelako baldintza batzuk ere ezarri dituzte: proposamenak, derrigorrez, 50×70 zentrimetrokoak izan beharko dira. Lanak aurkezteko, berriz, hiru bide izango dituzte parte hartzaileek: bereizmen handiko PDF formatuan, CD euskarri informatikoan edo euskarri gogorroan entregatu ahal izango dituzte, Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan edota udaleko egoitza elektronikoan.
Aukeraketa prozesua.
Jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea hautatzeko prozesuak bi fase ezberdin edukiko ditu. Batetik, jai batzordeko eta Barrueta arte Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak finalistak aukeratuko ditu. Horretarako, kontutan hartuko dituzte aurkeztu diren proposamen guztien originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika, eta, herriko jaietan partea hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren.
Lehen fase hori gainditu duten karteletatik bat izango da lehiaketako irabazlea, baina hori aukeratzea herritarren esku egongo da. Horretarako, kartel finalistak ikusgai egongo dira udalaren webgunean, sare sozialetan eta Gizarte eta Kultura Etxean, uztailaren 8tik 16ra bitartean. Herritarrek botoa emateko bi bide izango dituzte, kultur etxean jarriko den kutxan edo Internet bidez. Kutxako botoek %70eko balioa izango dutela iragarri dute, Internet bidez jasotakoek, berriz, %30. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahalko du, eta irabazlea uztailaren 19an jakinaraziko dute.
Hala, lehiaketan sari bakarra egongo dela azaldu dute: 600 euro irabazlearentzat. Saririk jasotzen ez duten gainontzeko lanak abuztuan eta irailean jaso ahal izango dituzte egileek. Lehiaketaren oinarriak udalaren webgunean daude ikusgai, eta horrez gain, informazio gehiago nahi duenak kultur etxean eska dezakeela adierazi dute.