Jasangarritasunaren aldeko eskola-sarea handitzen
Eskola Jasangarriak ziurtagiriak banatu dituzte, Ekoetxean Urdaibain.
Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Eskola Jasangarriak ziurtagiria jaso dute 2030eko Eskola Agenda programan parte hartu duten hamahiru ikastetxek gaur goizean [ekainak 4], Ekoetxea Urdaibain. Jasangarriatasunaren, berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren aldeko horien apustua aitortzen dute ziurtagiriek, eta berau daukaten ikastetxe publiko eta itunpekoek IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskolen sarea osatzen dute; horietako irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek elkarrekin bultzatzen dute jasangarritasunerako hezkuntza.
Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak nabarmendu du euskal hezkuntza-komunitateak erkidegoko ingurumenaren etorkizunaren eta jasangarritasunaren alde duen konpromisoa. Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak ziurtagiri horrek daukan garrantziaz hitz egin du, euren lana, prozedurak eta esperientziak eta, oro har, ikastetxeek hezkuntzari, parte-hartzeari eta jasangarritasunari dagokienez duten “kalitatea aitortzen” duelako.
Lekeitioko Institutua (Lekeitio BHI), Markina-Xemeingo Bera-Kruz Ikastola, Bilboko Kirikiño Ikastola eta Jesuitak Indautxu eta Madre De Dios ikastetxeak, Getxoko Zubileta, Muskizko San Juan Ikastetxea, Zaldibarko Eskola, Durangoko San Jose-Jesuitak, Legutioko Garazi Eskola, Gasteizko Olabide Ikastola, Hondarribiako Talaia eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastetxeak dira aipatutakoak, eta udalerri horietako zenbait alkate eta udal ordezkari egon dira Ekoetxeako ekitaldian.