Bermeo suhiltzaile talde finko bategaz hornitzeko eskatuko du udalak
Bermeoko larrialdi zerbitzuen egungo egoerari buruzko azterketa egitea eskatuko diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Mozioa EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu zen; EAJ abstenitu egin zen.
Bermeoko herritarren “segurtasuna eta babesa” hobetzeko helburuagaz, udalerria suhiltzaile talde finko bategaz hornitzeko eskaera berriro aztertzeko eskatuko dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Bermeoko udal gobernuaren ustetan, “ezinbestekoa” da suhiltzaile zerbitzu “hurbil eta eraginkorra” izatea, horregatik eskaeragaz aurrera egiteko mozioa aurkeztu zuten aurreko asteko osoko bilkuran. Mozioa EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu zen; EAJ berriz, abstenitu egin zen.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak irakurri zuen mozioaren testuan aipatzen denez, herritarren segurtasuna bermatu eta babestea edozein administrazio publikoren “funtsezko lehentasunetako bat” da. Gaur egun, Bermeotik hurbilen dagoen suhiltzaile taldea ia 30 minutura dago, Arratzun, eta erantzun denbora “ez da nahikoa”, berehalako esku hartzea eskatzen duten larrialdiei “eraginkortasunez” erantzuteko.
“Duela urte batzuk, EH Bildu gobernua zegoela, Bermeoko Udalak udalerrian suhiltzaile talde finko bat jartzeko eskaera egin zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Eskaera hori ukatu egin zen”, gogoratu zuen Nemehk. Hala, maiatzaren 14an Artike kaleko etxebitza batean emandako suteak proposamen hori berriz ere baloratzeko beharra agerian utzi dutela adierazi zuen: “Udaltzainek minutu bat eta 15 segundotan iritsi ziren; Herri Babesa 3 minututan, eta suhiltzaileak, berriz, 34 minututan”. Horregatik, Bermeoko larrialdi zerbitzuen egungo egoeraren “azterketa xehatua” egiteko eskatuko diote aldundiari: “Erantzun-denborak eta balizko arriskuak barne, udalerrian suhiltzaileen talde finko bat behar dela babesteko”.
Bermeok Herri Babesa, Babes Zibileko boluntario taldea duela ere gogoratu zuen alkateak: “Euren dedikazioari eta ahaleginari esker, ezinbestekoa den lehen erantzuna ematen dute larrialdi egoeretan”. Horregatik, udalak eskerrak eman dizkiete egiten duten “lan ordainezinagatik”. Horregatik, boluntario taldearen “lana eta dedikazioa” jendeaurrean aitortzea gura du udalak, “baliabide gehigarrien eta etengabeko prestakuntzaren bidez” haien lana babesteko eta indartzeko moduak aztertzeagaz batera. Hala ere, boluntarioen lana suhiltzaileen talde profesional bategaz osatzea “beharrezkoa” dela nabarmendu zuen Nemehk, erantzun “azkarragoa eta espezializatuagoa” bermatzeko.