Opor aurreko bazkarian batuko dira berbalagunak
Bazkari irekia antolatu dute barikuan [ekainak 7], baina aurretik izena eman beharko da. Uztailean eta abuztuan ere mintzataldeak egingo dituztela ere iragarri dute; izen emateko azken eguna ekainaren 23a izango da.
Oporrak hartu aurretik, bazkaria egingo dute Bermeoko berbalagunek. Hitzordua datorren barikuan [ekainak 7] jarri dute, Artzan. Bazkaltzera joan aurretik, Lameran batuko dira berbalagunak, 14:00etan.
Azaldu dutenez, bazkarirako izen emateko ez da beharrezko berbalagun kidea izatea, bazkari irekia izango baita. Horregatik, lagun eta inguruekokin batera bazkarira hurbiltzeko deia egin die herritarrei. Izen ematea “erraza” dela azaldu dute: 607 60 95 80 zenbakira mezu bat idatzi edota deitzea.
Era berean, gogoratu dute oraindik nahi duenak zabalik duela Udaberriko Berbalagun lehiaketan parte hartzeko aukera; izan ere, galdetegia ekainaren 14ra arte egongo da zabalik. Parte hartzen dutenek, lau galdera erantzun eta Bermeoko produktuen sorta irabazteko aukera izango dute.
Udako berbalagun.
Uztailean eta abuztuan ere mintzataldeak antolatuko ditu Berbalagunek, eta horretarako izen emateko azken eguna ekainaren 23a [domeka] izango dela iragarri dute. Azaldu dutenez, parte hartzeko interesa dutenek hilabete batean zein bietan egin gura duten aukeratu ahal izango dute.
Aurretatu dutenez, udako taldea asteazkenero elkartuko da, 20:00etatik 21:00etara. Lehen hitzordua uztailaren 3rako deitu dute, Lameran. Izena eman nahi duenak 607 60 95 80 telefono zenbakiaren bitartez, bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatziz, edo galdetegia betez egin dezake. Mezuetan norberaren ordutegiak idazteko eskaria egin dute.