Adinekoentzako suteak prebenitzeko programa bat eskatu du EAJk
75 urtetik gorako pertsonan kalteberatasun-egoera aztertzeko eskatu diote jeltzaleek Guzan eta EH Bilduk osatutako udal gobernuari. Era berean, kiroldegiko ordutegia zabaltzeaz ere galdetu diete osoko bilkuran.
Bermeoko EAJk adineko pertsonek euren etxeetako suteen prebentzioaren aurrean duten “kalteberatasun-egoera” ebaluatzeko eskatu dio udal gobernu taldeari, azken osoko bilkuran. Horrez gain, suteen prebentzioaren inguruko arreta eta jarraipen programa martxan jartzeko eskatu die.
Jeltzaleek azaldu zutenez, Bermeon bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen tasa “gero eta handiagoa” da. Horregatik, EH Bildu eta Guzanek osatutako gobernu taldeari egoeraren azterketa egiteko eskatzen diote, suteen prebentzioari aurre egiteko: “Administrazio publiko gisa, ezinbestekoa da gure bizilagunei arreta ematea”.
Era berean, gogotratu dute EAJk alkatetza hartu zuenean — 2019-2023 legegintzaldian— Adinekoentzako Behatokia programaren sorrera bultzatu zuela, “azterketa pertsonalizatua” sustatzeko eta herritarrek laguntzarik behar zuten jakiteko. “EH Bildu eta Guzanek osatutako egungo gobernu taldea iristearekin batera, dena bere horretan geratu da, badirudi Bermeoko adinekoak ez daudela euren agendan”, adierazi zuten jeltzaleek.
Azaldu zutenez, abiatu zuten programa horrekin, ke detektagailuak jarri ziren 75 urtetik gorako hainbat pertsonen etxebizitzetan. Jeltzaleen ustetan, proiektua bukatu zenetik igaro diren 2 urteetan egoera aldatu izana “posible” da, baina “ahal den neurrian” programarekin jarraitzea onuragarria izango litzateke: “Proiektua interesgarria da gure biztanleriaren egoera pertsonalak ezagutzeko”.
Balorazio “ez positiboa”.
Endika Etxebarria Gizarte Ongizatea saileko zinegotzi arduradunak adierazi zuenez, egungo udal gobernuak proiektuari jarraipena ez ematea erabaki izanaren arrazoia erabiltzaileen balorazio negatiboa da: “Ez dugu proiektua berriztu, hilabete batean 20 intzidentzia izan zirelako”. Adierazi zuenez, gertakari horien zergatia aztertu dute, eta ikusi dute alarmak jarri zituen enpresak berak, ez zituela “alarma egoki” legez baloratu: “Alarma ez egokiak jarri ziren, eta intzidentziak sortu ziren”.
“Proiektua polita da, baina gauzatzea erdipurdikoa izan da, batez ere alarmen kalitateagatik”, adierazi zuen EH Bilduko zinegotziak. “Zergatik? Nik hilabete batean 20 intzidentzia baditut, 21. aldiz jotzean sutea badago, askorako ez du balioko”. Jeltzaleek bestalde, arazoak eman dituzten alarmak aldatu egin direla argudiatu zuten.
Kiroldegiaren ordutegia.
Otsaileko osoko bilkuran egin legez, Bermeoko ordutegiaren luzapenaz galdetu zuen Ibon Legarreta zinegotzi jeltzaleak. Adierazi zuenez, Xabier Ortuzar alkateordeak, kiroldegiko tasaren %6a justifikatzeko, otsailaz geroztik kiroldegia ordubete lehenago zabalduko zela adierazi zuen eta oraindik ohiko ordutegia mantentzen da: “Egungo gobernu taldeak %6an igo du kiroldegiko tasa, baina non dago hauteskunde kanpainan hainbestetan promestutako goizeko aparteko ordu hori?”.
“Igoera ez da kiroldegia ordu bete lehenago irekiko delako. Aurreko legealdira iritsi aurretik, gure udal kiroldegiaren autofinantzaketa %61koa zen; bere kostu guztiaren %61a erabiltzaileen ekarpenekin ordaintzen zen. Autofinantzaketa hori %43ra bajatu zen aurreko legealdian, KPI gehien hasi zenean prezioak izoztu egin zirelako”, adiezi zuen Ortuzarrek. Udal gobernuaren ustetan prezioak “aktualizatzen” joan behar da, “kiroldegia erabiltzen ez dutenei ez kargatzeko erabiltzen dutenen prezioa”.
Modu berean, Ortuzarrek adierazi du kiroldegiarena berak landu duen “lehen kontratua” izan zela, eta uste zuela prozesua “arinago” joango zela: “Pasaten den aste bakoitzeko, ni naiz gaiak gehien izorratzen nauena. Orain arazo batzuk sortu dira, kontratuan erreklamazio batzuk egon direlako, eta nik ez dut kontrolatzen horrek zer epe izango dituen”.