Israelekiko boikotari kontrako botoa ematearen zergatiaz galdetu dio alkateak EAJri
Eskualdeko beste udalerri batzuetan jeltzaleak Israeli boikota egiteren alde agertu direla argudituta, Bermeon aurkeztutako mozioaren kontra bozkatzearen arrazoia zein den galdetu die Nadia Nemeh Bermeoko alkateak. Jeltzaleek Hamasen terrorismoari buruzko aipamenik ez egitea leporatu diote udal gobernuari.
EAJko ordezkariei martxoko osoko bilkuran onartuko Gernika Palestina Deialdi Herritarrak aurkeztutako mozioan izandako jarrerari buruz galdegiteko aprobetxatu zuen Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak atzoko [maiatzak 3o] osoko bilkurako eskariak eta ituna tartea. Mozioa EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu zuten eta EAJk kontra bozkatu zuen.
“Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelekiko boikota eskatzeko” zela nabarmendu zuen alkateak; udalak Israelekiko boikot ekonomikoagaz bat eginez, Israelgo jatorria duen produkturik edota kontrataziorik ez egiteko konpromisoa hartu zuen.
Nadia Nemeh Bermeoko alkatea: “Euskal Herrian badakigu zer den hildakoak hiltzaile eta errugabeak errudun izatea”
Eskualdeko beste udalerri batzuetan jeltzaleek alde bozkatu dutela jakin ostean, eurak kontra agertzearen zergatiaz galdetu zien oposizioko zinegotziei: “Martxotik hona, beste herri batzuetan aurkeztu da mozio bera, eta harrituta gaude EAJk beste herri batzuetan alde bozkatu duela ikustean. Alde Mundakan, alde Muxikan, alde Ajangizen, alde Ean… Mozio berdin-berdina da. Zergatik Bermeon kontra? Bermeoko boto-emaileak horren desberdinak dira? Ez dakit. Ziur al zaudete zuen hautesleek horren argi dutela kontra daudela?”. Jeltzaleen oposizioa egiteko modua “suntsitzailea” da alkatearen ustez: “Udal gobernuak aurkezten dituen mozioei ezetza edo abtentzioa ematen diezue, sistematizatutako gauza bat modura”.
Gernika Palestina Deialdi Herritarra “sentimendu” batetik sortutakoa dela azpimarratu zuen Nemehk, Palestina eta Euskal Herriaren artean lotura eginez: “Gernikak eta Euskal Herriak badakite zer den basakeria, eta horren ostean datozela gezurrak eta iruzurrak. Euskal Herrian badakigu zer den hildakoak hiltzaile eta errugabeak errudun izatea. Hala ere, Gernikan ez zuten lortu eta Palestinan ere pausoak eman dira hori ez gertatzeko, Atzo Gernika, gaur Gazan eta Rafahn“.
Nemeh: “Lehenengo bonbardaketatik guk ikara barik erabili dugu genozidio hitza”
Alderdi jeltzalea mozioaren aurkako botoaz galdegiteko, Gernika-Palestinak Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren baitan antolatutako ekitaldi instituzionalari egin zion erreferentzia, horretan Gernika-Lumoko EAJko zinegotzi bat egon zelako ekitaldia babesten: “Badakizue Gernikako ekitaldi horretan, beste batzuen artean, Gernika-Lumoko EAJko zinegotzia egon zela ekitaldia babesten? Baina zuek, martxoan, kontra bozkatu zenuten”.
“Gai humanitarioa”.
Urriaz geroztik, Palestinan 36.000 pertsona hil direla esan zuen alkateak: “Lehenengo bonbardaketatik guk ikara barik erabili dugu genozidio hitza”. Era berean, maiatzean bertan, “guda krimenak” egotzita, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahu eta Defentsa Ministro Yoav Gallant atxilotzeko eskatu duela gogoratu zuen: “Hortaz, ondo erabili izan dugu genozidio hitza”.
Nemeh: “Eskerrak beste alderdi batzuk justizia sozialean sinisten dugula”
Palestinari elkartasuna adieraztea gai politikoa baino, “gai humanitarioa” dela nabarmendu zuen. Horrez gain, azken hilabeteetan “kultur arloko hainbat eragilek” Israelekiko boikota eskatu dutela azaldu zuen: “Ez bakarrik elkartasuna; boikota”. Boikotaren aurka “argi eta garbi” agertu den politikari bakarra “Voxeko bozeramailea” izan dela gogoratu zien jeltzaleei: “Eskerrak beste alderdi batzuek justizia sozialean sinisten dugula, gutxienez hemen gauden udal gobernuko kideek bai behintzat. Beraz, zergatik bozkatu du kontra EAJk?”.
Adierazpen instituzionala.
Aritz Abaroa EAJko zinegotziaren iritziz, “ez da zilegia jeltzaleen borondate ona” zalantzan jartzea, udal taldeak gai horrekiko adierazpen instituzionala onartuta duelako: “Adierazpen instituzional horretan, danok, aho batez, onartu genituen, alde batetik, Israelen hilketak eta, bestetik, Hamasen terrorismoa“.
Aritz Abaroa, EAJko zinegotzia: “Israelen hilketan gaitzesten ditugu, baina Hamasen terrorismoa ere salatu behar da”
Martxoan aurkeztutako mozioko puntuekin “ados” egon zirela adierazi du jeltzaleak. Hala, gogoratu du bere udal taldeak mozioko testuan Hamasen terrorismoa salatzeko eskatu zuela: “Aurrez adierazita eta onartuta geneuzkan adierazpan instituzional horretan jasotzen ziren puntu guztiak, bai osoko bilkura honetako talde guztiek onartu genuena, bai Eusko Legebiltzarrean, Voxek izan ezik, gainontzeko talde guztiek onartutakoa, hori errepikatzea eskatu genuen, ezin genuelako hankamotz utzi. Israelen hilketak gaitzesten ditugu, baina Hamasen terrorismoa ere salatu behar da, hor dagolako hasiera. Zergatik? Zuk esan bezala Euskal Herrian badakigulako zer den indarkeria“.
Bermeoko EAJz gain, alderdi guztiek “euren ikuspuntua” argi azaldu duela defendatu zuen Abaroak: “Kontra bozkatu genuen, ez zitzaiolako Hamasen terrorismoari aipamenik egiten”. Mozioa Gernika Palestina Deialdi Herritarrak aurkeztu bazuen ere, osoko bilkuran “osatzeko aukera” zutela eta udal gobernuak ez zuela Hamasen terrorismoa gehitu nahi izan gogoratu zuen.