San Joan sua Goiko Plazan mantenduko da, "ezohiko segurtasun neurriekin"
Lanketa "luzea eta sakona" egin eta herritarrak entzun ostean, sua betiko lekuan piztea erabaki du Bermeoko Udalak. "Kutsu politikorik ez duen erabaki politikoa" dela azaldu du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak.
Bermeoko Udalak San Joan sua Goiko Plazan mantenduko dutela iragarri du. Erabakia guztiz hartuta egon aurretik hedatu zen herritarren artean, ostalari zein udalerriko biztanleengan ezinegona sortuz. Egoera horren aurrean, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, Endika Etxebarria Telleria kultur zinegotziak eta Maite Caruezo Ugalde Garapen Ekonomikorako zinegotziak herritarren zalantzak argitu nahi izan dituzte.
San Joan bezperako suak Goiko Plazan jarraituko duen arren, udalak “aparteko segurtasun neurriak” hartuko ditu. Hasteko, Etxebarriak suaren neurria txikiagoa izango dela iragarri du, gehienez jota, 1,5×2 metrokoa. Era berean, perimetroa ere txikiagoa izango da, “iazko jende pilaketa eta inguruko kaleetan jendea harrapatuta geratzeko arriskua ekiditeko“. Sutetik urruntzeko helburuagaz, Bidebarrieta kalean dauden edukiontziak ere lekualdatuko dituztela azaldu du Etxebarriak.
Suteari dagokionez, herritarrei “erantzukizunez jokatzeko” deia egin die, zabor poltsarik ez botatzeko eskatzeagaz batera: “Egotekotan, kendu egingo ditugu”. Eukaliptoagaz ere kontu handiz ibiliko direla adierazi du Kultur zinegotziak, erraz erretzen delako eta sugarrak ateratzen dituelako. Nabarmendu duenez, azken hori nola kudeatu dezaketen erabakitzeko beste herri batzuetako suetan oinarritu dira.
Ibilgailuak ere ezin izango dira Goiko Plazara sartu, kaleak zarratu egingo baitituzte. Azaldu dutenez, kale horietan kokatuko dituzte Herri Babesaren bi kamioiak. Ez ohiko beste neurri bat ere hartu du udal gobernuak: suhiltzaileei eskailera duen kamioia eskatu diete, baina oraindik erantzunaren zain daude.
Maite Caruezo: “Eskatu dizkiguten azalpen guztiak eman ditugu”.
Lanketa luzea.
Erabakia hartu aurretik udala kultur talde, ostalari, merkatari eta herritarrekin foro ezberdinetan bilduta egon dela azpimarratu du Caruezok. Bilera horietan udalak herritarren kezkak entzun dituela azaldu du: “Foro horietan dena entzun dugu, eta eman beharreko eta eskatu dizkiguten azalpen guztiak eman ditugu”.
Etxebarria izan da hilabete luzez egindako lanketa azaldu duena: “Lanketa luzea eta sakona”. Iazko San Joan bezperan jarri du fokua, egun horren balorazioa egitean hasi baitziren beste aukera batzuk aztertzen: “Gu udalera iritsi aurretik proposamen berri bat egon zen iaz; antzerkia eta dantzak egon ziren, eta horrek perimetroa handitzea ekarri zuen. Jendetza bildu zen”. Horrez gain, suagaz ere “nahikoa arazo” ikusi zituztela adierazi du, “nahikoa altu” egon baitzen. Gaia Jai Batzordera eta Gobernuko Koordinazio Batzordera eraman zuten, balorazio bat egiteko asmoz, eta bertan urtean zehar irtenbide ezberdinak aztertzen hasteko akordiora iritsi ziren. Etxebarriak azaldu duenez, lehen pausoa 2018ko Alde Zaharreko Plan Berezia aztertzea izan zen: “Ebaluazioan eta memorian ikusi genuen Alde Zaharreko etxeen egiturekin dauden kezketako batzuk, esaterako, sua egitea arriskutsua dela”. Memoria horretan agertzen da sua dela Alde Zaharrean bizi direnen %45,5aren kezka nagusia.
Endika Etxebarria: “Jai Batzordea herriarentzat zabalik dagoen batzordea da”
Bermeoko Udalak herriagaz eta kultur taldeekin duen “foro zuzenena” Jai Batzordea dela gogoratu du Etxebarriak: “Herriarentzat zabalik dagoen batzordea da, hau da, etorkizuneko Jai Batzordeetan parte hartu nahi duenak zabalik ditu ateak, bai kultur talde legez, bai herritar moduan”. Era berean, batzordea udala osatzen duten hiru alderdi politikoek osatzen dutela nabarmendu du. San Joan suetako auzia otsailaren 21eko bileran jorratu zela azaldu du kultura zinegotziak: “Sutearen kezka parte hartzaile guztiena zela ondorioztatu zen”.
Egoeraren txosten ofizialen zain zeudela, lehen alternatiba bat pentsatu zuen udal gobernuak: Tonpoia. Gune horretan baina, ezin da suterik egin, ingurumen teknikariak gune babestua dela esan baitzien. Jai Batzordearen bigarren alternatiba jaia portura eramatea izan zen: “Portu Zuzendaritzagaz eta Herri Babesagaz hasi ginen berbetan, eta txostenak eskatzen. Hasieran ez zuten arazorik ikusi, Xixili ere bertan erretzen delako. Herri Babesaren ustetan baina, portua ez da leku guztiz segurua, besteak beste, barkuen materialengatik eta gasolinak horiek erretzeko arriskuagatik”.
Aurreko informazio guztia apirileko Herritarrak Batzordera eraman zutela azpimarratu du Etxebarriak: “Batzorde horretan oposizioagaz egiten ditugu bilerak, osoko bilkura baino astebete lehenago”. Batzorde horretan txosten ofizialei itxarotea adostu zuten. Horren arabera, Lamera eta Burujabetasun zelaia dira sua egiteko gune aproposenak. Jai Batzordeak Lamera egokiago ikusi zuen, eta udala eta kultur talde ezberdinak proposamen bat osatzen hasi ziren: “Antzerkiak eta jaiak berak diseinu bat eskatzen du”. Udalak, herritarren eta inguruaren segurtasuna bermatzea oinarrizko puntutzat izan du, eta zinegotziak adierazi duenez, ez du sua txostenean “gune segurutzat” jo diren lekuetatik atera nahi izan.
Etxebarria: “Gardentasuna da udalaren eredua”
Erabaki finkoa izan gabe, sua Lameran egiteko proposamenagaz jarraituz, udala Alde Zaharreko ostalari eta herritarrekin bildu zen bilera handi batean.“Gardentasuna da udalaren eredua, eta horregatik, txosten guztiekin joan gara bileretara, horietan jartzen duena azalduta”. Modu berean, udalaren esku dauden txostenak ikusi gura dutenek Berhazen eskatzeko aukera dutela gogoratu du Kultura zinegotziak. Une horretan herritarrek kexa eta kezkak heldu zitzaizkion udal gobernuari, eta horrek “zer pentsa” eman zien.
Udal ordezkariak sua Goiko Plazan mantentzeko hartu beharreko “ezohiko neurriak” aztertzen hasi ziren, “segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko”: “Kontutan izan behar da leku seguruago izango zela Lamera, baina guk herria entzuteko beharra dugu, entzuteko eta segurtasuna bermatzeko”. Ondorioz, Goiko Plazan ospatuko dute bermeotarrek San Joan bezpera, beste urte batez.
Kriminalizatuak.
San Joan suetako ekitaldietan kultur talde eta boluntario askok parte hartzen dutela gogoratu du alkateak: “200 pertsona inguru daude horren atzean. Kriminalizatuta sentitu dira, eta argi utzi behar duguna da, hau ez dela eurengandik etorri den ideia bat”. Udalaren lehentasuna “segurtasuna” izan dela azpimarratu du, eta herriak neurri hori “ulertu ez duela ikustean” entzuteko eta bestelako egoerak aztertzeko “prest” egon direla nabarmentzeagaz batera.
Nemeh: “Erabaki politiko bat bada ere, erabaki honek ez dauka, inondik ere ez, kutsu politikorik”
Era berean, argi utzi nahi izan du hartutako erabakiak ez duela kutsu politikorik: “Erabaki politiko bat bada ere, erabaki honek ez dauka, inondik ere ez, kutsu politikorik”. Ildo beretik, oposizioko ordezkariek aztergai dutena edo antzelako gaiei lotutako zalantzak eta kexak helarazteko horretarako dituzten foroak erabiltzea gustatuko litzaiokela azaldu du. “Gai honetan bakarrik sentitu gara, ez dugu babesik sentitu”, adierazi du alkateak.
San Joan bezperako ospakizuna lekualdatzearen kontra EAJk egindako salaketaren ostean, gobernu-taldearen «atzerapausoagaz» pozik agertu dira jeltzaleak. Era berean, “inprobisazioen aurrean plangintzetan lan gehiago egiteko” eskatu diote udalari. Azaldu dutenez, ez daude pozik Guzan eta EH Bilduk osatutako udal-gobernuaren «jarrera eta desinformazioarekin»: «Pena da prozesu honekin guztiarekin lotutako informazioa neurri handi batean komunikabideen eta filtrazioen bidez edota zuzenean galdetu diegunean iritsi izana».
Alderdi jeltzaleak uste du ospakizuna «erabat errotuta» dagoela Alde Zaharrean, eta bisitariak erakartzeko ahalmena duela. Horregatik, «segurtasun neurri bereziak hartzeko eta bermatzeko» eskatu diote gobernu taldeari, herrian errotuta dagoen tradizio horrekin jarraitzeko lankidetzarako prest daudela adierazteagaz batera.