Puntu sareguruen sarea, indarkeria matxistari aurre egiteko
Datorren astean [ekainaren 3an eta 4an] ostalariek jasoko dute formakuntza, Gaztelekuan; uztailean, berriz, merkatariek. Indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei babesa ematea da proiektuaren xedea.
Herri seguruago bat lortzeko bidean, Bermeoko Udalak gune seguruak sortu ahi ditu, indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta horien ingurukoei babesa emoteko helburuagaz. Herrian emandako indarkeria matxista kasuen gorakadak bultzatuta, Berdintasun Sailak puntu seguruen sarea osatzen hasiko da, herriko ostalari eta merkatariekin batera.
Azaldu dutenez, puntu horietan erasoren bat jasotzen duen pertsonak lehenengo momentuko babesa eta laguntza jasotzeko aukera izango du. Proiektuaren xedea herritarrengandik gertuen dauden sare naturalak aktibatzea da: “Puntu seguruak edozein motako indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei babesa emateko sortutako puntuak izango dira, baita ere, eraso matxistarik gabeko puntu babestuak. Gertuen daukaten konfiantzazko puntua izatea da helburua”, azaldu du Berdintasuneko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok.
Sarean parte hartzen duten puntu seguruetako jabe eta langileek indarkeria matxista kasuen aurrean nola jokatu behar duten jakiteko oinarrizko formakuntza jasoko dute; era berean, erasotua babesteko neurriak ezagutuko dituzte. Berdintasun Saileko langileak tabernaz taberna aritu dira puntu seguruen sarearen proiektua aurkezten, Horrez gain, formakuntzetan parte hartzeko gonbitea egin die. Bi formakuntza saio eskainiko dituzte; lehenengoa, ekainaren 3an [astelehena], 17:00etan; bigarrena, berriz, ekainaren 4an [martitzena], 10:30ean. Bi saioak Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan emango dira.
Ostalarien ostean, ekainaren erdialdean, komertzioekin lanean hasiko direla iragarri dute. Azaldu dutenaren arabera, merkatari elkartearen bitartez joko dute merkatariengana, baina baita komertzioetara bertaratuta ere. Helburua komertzioetako jabe zein langileek uztaileko lehenengo asterako aurreikusten diren formakuntzen inguruko informazio guztia jasotzea da.
Udalak ez du sarea herrigunera mugatzerik nahi. Horretarako, Berdintasun teknikaria auzoetako alkateekin batuko dela adierazi dute. Bilera ekainaren 6an izango da, eta horretan, ostalaritza eta merkataritzarik ez dagoen auzoetan indarkeria matxistaren prebentziorako, zein egoera horietako lehenengo arretarako estrategiei buruz hausnartzea bilatuko da.
Indarkeria matxistari aurre egitea guztion erantzunkizuna dela gogoratu du Ormazak: “Bermeoko Udalaren asmoa da indarkeria matxisten aurkako borrokan, herria eta herritarrak gehiago inplikatzea, guztion erantzukizuna baita”. Era berean, indarkeria sufritzen dutenei “ez daudela bakarrik” erakutsi gura diote: “laguntzeko prest gaude”.
Puntu seguruen mapa.
Udalaren asmoa Andra Mari eta Santa Eufemia jaien aurretik sareagaz bat egin duten tabernen mapa zabaltzea da. Gerora, Azaroaren 25aren aurreko asteetan, puntu seguruagaz bat egin duten komertzio eta tabernak batzen dituen mapa herritarrei aurkeztea da asmoa. Gainera, ahalik eta herritar gehiengana iristeko helburuagaz, mapa herrian presente dauden bestelako hizkuntzetan ere kaleratu nahi du Berdintasun Sailak.
Udalak puntu seguruen sarera batzeko eta formakuntzak jasotzeko deia egin die udalerriko ostalariei eta merkatariei, zenbat eta gehiago izanik “sarea osatuagoa” egongo delako.