Desizozte baten bidaia: zuritik beltzera, argazkitik kontzientziara
Izotz paisaien urtze prozesua azaltzen du Fernando Molares bilbotarraren 'Urtzearen Aztarna' argazki bildumak. Erakusketa ekainaren 16ra arte bisitatu ahal izango da Ekoetxea Urdaibain.
Egungo neguak ez dira garai batean zirelakoak, eta berdina gertatzen da antzina eratu ziren izotz-paisaiekin. Klima-aldaketa zalantzan jartzen duenik bada ere, izotz urtze polarrak ukaezina dirudi. Errealitate hori islatzeko asmoz, Artikoan eta Antartikan jarri du fokua Fernando Moleresek, gizartearen arazoak argazkigintzaren bitartez azalduz kontzientzian eragin daitekeela sinisten duen argazkilari bilbotarrak.
Ekoetxea Urdaibain dagoen Urtzearen aztarna erakusketan bildutako 30 argazkietan beste horrenbeste izotz-paisaia erakusten ditu. Lan denek argumentu-hari bakarra jarraitzen dute: izotz eremu iraunkorrak aurkeztea eta horiek lurraren berotzerik gabe nolakoak izango liratezkeen erakustea.
Moleresek aurkezten duen esperientzia lehen begirada batean ikusten denetik baino haratago doa. Izan ere, argazkilariak narratiba lineal bat jarraitzen du, non argazkien bidez izotz paisaien bilakaera ezagutzeko aukera eskaintzen duen: argazkiak garai bateko izotz-paisaiekin hasten dira, denborak igaro ahala kolore zuria pixkanaka galtzen joan arte. Azken horren adibide da, esaterako, Groenlandiako ekialdeko kostaren aireko ikuspegia islatzen duen argazkia.
Erakusketan zehar, bilbotarrak berotze globalak Antartida eta Artikoan nola eragin duen azaltzea bilatzen du, une jakin batean kolore zuria atzean utzi, eta iluntasunean barneratzen den arte. Kolore beltza nagusi duten argazkien bitartez glaziarren erabateko urtzea irudikatu nahi du Moleresek.
Kontzientzia piztea eta gizartea heztea ere badaude argazkilariaren helburuen artean. Horregatik, ikusleari klima aldaketari lotutako hainbat gairi buruzko informazio gehigarria emateko asmoz, erakusketan zehar QR kode batzuk daude. Horien bitartez, bisitariak egilearen beraren audiozko azalpenak entzun ahalko ditu, erakusketa ikusteagaz batera.
Ikusgai dauden 30 argazkiez gain, ekainaren 16a baino lehenago Ekoetxeara gerturatzen direnek bideo bat ere ikusi ahal izango dute. Ikus-entzunezko horretan, paisaia naturalak eta ingurumen-hondamendien agertokiak uztartzen dira, hirutan zatitutako argazkien segida batean proiektatuta.