Zentral nuklearretako lanak bertan behera gelditu zirela ospatuko dute
Enaden Begiak Elkarteak lanen etetearen 40. urteurrena ospatzeko ekintzak antolatu ditu. Antonio Aretxabala geologoak 'Energia eta materialen krisia' hitzaldia emango du bihar [maiatzak 24], Eskolondon.
Lemoizko, Debako eta Ea eta Ispasterko zentral nuklearrak egiteko lanak behin betiko gelditu izanaren 40. urteurrena ospatzeko asmoz, Enaden Begiak Elkarteak astebururako [maiatzak 24 eta 25] ekintza ezberdinak antolatu ditu, Eskolondon (Ea).
Bihar [maiatzak 24] Energia eta materialen krisia eztabaidagaz emango diote hasiera egitarauari, 18:30ean. Aurreratu dutenez, fosilaren garaia bukatzen ote dagoen eta, hala bada, horri zer-nolako trantsizioa eman ahal zaion azalduko du Antonio Aretxabala geologo eta lurren zientzietan doktoreak.
Zapatuan [maiatzak 25], berriz, memoria historikoa ardatz, Izan zitekeen zentral nuklearretik geoparkera hitzaldia emangodu Paco Salegik, 11:30ean. Bertan, Deban egin nahi zuten zentral nuklearra geldiarazteko nola antolatu ziren azalduko du. Jarrain, Jose Allendek eta Euskal Herrian zentral nuklearren aurkako borroka bultzatu zuten batzorde antinuklearreko beste zenbait kidek hartuko dute hitza. Azaldu dutenez, batzorde horretan, euskal kostalderako aurreikusi zituzten proiektu nuklearrak gelditzeko piztu ziren borroka ezberdinak azalduko dituzte. Era berean, “harrapaketa ekologiko eta soziala” gelditzea lortu zuen borrokari buruzko erakusketa irekiko dute. Erakusketa arratsaldean ere zabalik egongo dela iragarri dute, 17:30etik 19:30era, interesa duen edonor gertutaratu dadin. Bertan, Euskal Herriko historia antinuklearra modu kronologiko batean ezagutzeko aukera egongo da, baita argazki, film, egunkari, liburu eta bestelako materialak ikusteko aukera ere.