Gaztelugatxeko kudeaketa hobetzeko lankidetza indartzea eskatu dio udalak aldundiari
Bermeoko alkateak kudeaketarako komunikazio-kanal "eraginkorragoa eta azkarragoa" sortzeko eskatu dio Arantxa Atutxa foru diputatuari.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea Arantza Atutxa Lejarreta Ingurumen eta Nekazaritza Saileko foru diputatuagaz eta Alex Pelaez Astorkia Ingurumeneko zuzendari nagusiagaz batzartu da Gaztelugatxeko San Juaneko kudeaketa eta sustapena hobetzeko lankidetza estrategiei buruz hitz egiteko. Bilera horretan Nemehk Gaztelugatxeri buruzko “informazio zuzena eta azkarra” jasotzearen garrantzia azaldu du.
Era berean, funtsezko beste gai batzuk ere planteatu dizkio Nemek Atutxari, hala nola, Gaztelugatxeko San Juanen kudeaketarako komunikazio kanal eraginkorragoa eta azkarragoa sortzea: “Interesa duten hainbat alderdirekin mahai bat sortzea eskatu dugu, eta Bermeoko Udala horren parte izatea. Mahai horretan, inguruari buruzko erabaki guztiak hartuko lirateke. Baina, mahaia sortu bitartean, komunikazio kanal zuzena izatea eskatu diogu, azken hilabeteetan informazioa gerora iritsi zaigulako, baita prentsaren bidez ere”.
Nadia Nemeh Shomaly: “Gure nortasuna, balioak eta tradizioak babestu gura ditugu”
Etorkizunean Gaztelugatxen egingo diren filmen grabaketa, iragarki edo bestelako ekitaldien inguruan iritzia emateko aukera izan nahi du Bermeoko Udalak: “Gure nortasuna, balioak eta tradizioak babestu gura ditugu, eta San Juanen irudia ez dadila erabili horietara egokitzen ez diren helburuetarako”.
Bileran Gaztelugatxeren eguneko bisitari kopurua berrikustea proposatu die Nemehk: “Eguneko 1.300 pertsonako muga ez baitzaigu jasangarria iruditzen”. Modu berean, jaiegun zehatz batzuetan bermeotarrentzako esklusibotasuna ziurtatzea gura dute; horri lotuta, egun horietako mantentze-lanen kostua aztertzea eskatu die Nemehk, udalak uste baitu ez lukeela ordaindu behar. Bermeon bizi diren herritarrentzat biotoporako doako sarrera bermatzea ere eskatu du alkateak.
Nemeh: “Gure helburua altxor natural eta kultural hau babestea da”
Inguruaren garbitasuna izan da bileran jorratu den beste gaietako bat. Izan ere, Nemehk itsas hondakinak garbitzeko plangintza bat egitea eskatu dio foru diputatuari. Azaldu duenez, garbiketa Bermeoko boluntarioekin egiten zen, baina aldeen artean “desadostasun bat” egon zen, eta azken garbiketa horretatik ez da gehiagorik egin. Hala, biotopoan dauden eukaliptoak kentzea ere planteatu du.
Altxor naturala babestea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren prestutasuna nabarmendu eta bileragaz “pozik” agertu da Nemeh: “Gure helburua altxor natural eta kultural hau babestea da, eta, aldi berean, bisitari guztiek, bereziki bermeotarrek, esperientzia seguru eta aberasgarri batez gozatzeko aukera izatea bermatzea”. Gainera, diputatuak “aldundiak udalagaz lan egiteko eta beharrezkoak diren informazioak beharrezko bideetatik emateko” konpromisoa berretsi duela azpimarratu du.
Gaztelugatxeko San Juanen bisitari kopurua nabarmen igo da azken urteetan, eta horrek erronka berriak ekarri ditu kudeaketa eta kontserbazioari dagokionez. Horregatik, alkatearen ustetan bileragaz “aurrrapauso garrantzitsua” eman da Bermeko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko “lankidetza estuagoa” lortzeko, “Bizkaiko ondarea den leku hori babesteko”.