"Guk beti sinistu diogu biktimari, eta hori defendatu dugu sareetan, eremu pribatuan zen publikoan"
Mario Lopez Lointekeko entrenatzaile ohiak Busturialdeko lau herritar salatu ditu, sare sozialetan jazarri izana leporatuta. Onintza Enbeita eta Asier Musatadi dira horietako bi, eta salatutakoek deklaratu eta egun batera, epaileak artxibatu egin du kasua.
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailea izandakoa sexu abusuengatik ikertzen ari zirela publiko egin zen joan den abenduan, eta Lopezek berak eta saskibaloi taldeko zuzendaritzako kide ohi batek Busturialdeko lau pertsona salatu dituzte, sare sozialetan eurek jazarri izana leportatuta. Herritar horietako bi dira Onintza Enbeita bertsolaria eta Asier Musatadi musikaria; beste biek nahiago dute anonimotasuna mantendu. Deklaratu eta egun batera (maiatzak 22), Enbeitak jakinarazi du epaileak artxibatu egin duela kasua. Era berean, eskertu egin du herritarren elkartasuna. “Ez ahaztu gure salaketara nondik heldu garen: hemen biktima bat dago, eta ez gara gu. Guk beti sinistuko dizugu”.
Salatutako bizilagunek atzo(maiatzak 21) deklaratu zuten, eta Enbeitak eta Musatadik esandakoaren arabera, biktimari sinisten diotela publiko egin gura izan dute beti: “Guk beti sinistu diogu biktimari, hasieratik, eta hori defendatu dugu sareetan, eremu pribatuan zen publikoan, eta gaur, epaitegian. Guk biktimak diona sinisten dugu”.
Urtarrilean argitaratutako txio batzuengatik salatu zituzten laurak. Enbeitak esan du sare sozialetan jarritako txioak konpartitzeagatik jaso duela salaketa, eta Musatadik sare sozial horretara igotako meme bat egin eta zabaltzearren. “Mario Lopez eta zuzendaritzako kide ohiak guk sareetan egindako salaketengatik salatu gaituzte, baina guk klubaren jarrera salatu dugu hasieratik, ez pertsona konkretuena. Ez dugu pertsonalki inoren jarrera salatu, klubarena baizik, iruditzen zaigulako klubak erasotzailea babestu duela, eta horrek babes barik utzi zuela biktima”.
Enbeitak adierazi du “ehunka pertsonek” hitz egin zutela gaiari buruz sare sozialetan, eta ez dutela ulertzen zergatik salatu dituzten eurak: “Bai abenduaren 17an, gaia publiko egin zenean, bai urtarrilaren 26an, Lopezen autoa Malosten agertu zenean, ehundaka txio idatzi eta konpartitu ziren. Beraz, ez dakigu zergatik gatozen gu epaitegira. Guk ez dugu inoren kontrako salaketa pertsonalik egin, ez. Hasieratik salatu dugu klubak duen jarrera, eta pentsatzen dugu benetan biktimari sinestu, eta erasotzaileagaz benetan harremanak eten badira, gertatu diren gauza batzuk ez zirela gertatu beharko”. Enbeitak aitortu du auziaren inguruko “hiru txio inguru” idatzi zituela, baina izen-abizenak aipatu barik.
Epaiketak zelako ibilbidea izan dezakeen galdetuta, “inoiz ez dela jakiten” azaldu dute: “Egia da oso labur joan direla deklarazioak. Uste dugu pertsona batzuen aurka zerbait antolatua izan den edo ez jakin gura izan dutela, baina ikusi dute pertsonalki idatzitako kontuak izan direla. Ez dugu ezer antolatu, klubaren jarrera salatu baizik; guk, eta beste ehunka herritarrek. Ez zen zerbait pertsonala izan, ordezkatzen zuten horren kontrakoa baizik. Klubaren ordezkari modura eurak egon beharrean beste batzuk egongo balira ere, gauza berak esango genituzke”.
Gernikako Sare Feministak ohar bat ateratu du elkartasuna adieraziz. Salaketak “bidegabeak” direla nabarmendu dute, eta iragarri dute borrokan jarraituko dutela: “Mugimendu feministatik lanean jarraituko dugu. Erasoak jasandakoak babestuz, haiek besarkatuz, eta kaleak aldarriz betez”.