Asteburua jai giroz jantzi da Maietz Pazko jaietan
Bi asteburutan ospatu dituzte Maietz Pazko jaiak Muxikako Eleizalde auzoan, eta udalerriko dantza taldekoen txanda izan zen atzo [maiatzak 19]. Meza ostean eskaini zuten erakustaldia Baso-Txoritxukoek, plazan. Jarraian, berriz, elizpean batu ziren herritarrak. Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak eta Onintza Enbeita muxikarrak.
Hainbat urtez jaiak ospatu barik egon ostean, hirugarren urtez jarraian batu dira maietzpazkoetan. Jai Batzordekoek egunotan lanean aritu direnei eskerrak eman zizkieten atzo: “Honen atzean lan handia dago, eta denen laguntzari esker aurrera ateratzen dira jaiak. Herri txikiak bizirik mantentzen dituena bertako jendea da, eta Muxikak gauza bat badauka, horixe da, herria hiltzen ez uzteko prest dagoen jende asko dago. Jende txiki askok gauza txiki asko egiten dituenean, halako gauzak aurrera ateratzen dira”.
Bestalde, aurten zendu den Juanita Uruburu gogoan izan zuten: “Gure herrian gauza txiki asko egin dituen pertsona txikia izan da Juanita. Berak jende asko batu gaitu, eta hutsune handia utzi du. Horregatik, maietzpazkoak hari omenaldi txiki bat eginda amaitu nahi izan ditugu, herriagatik egindako lan guztia eskertzeko”. Momentu hunkigarria izan zen, eta esker ona adierazteko, Kolakaine Elkartearen izenean, oroigarria eman zieten haren senitartekoei eta beste bat txokoan jarri zuten.
Sukarrietan ere ospatu dituzte Maietz Pazko jaiak asteburuan. Sukalkia eta herri kirolak izan ziren protagonista zapatuan [maiatzak 18]; izan ere, goizetik bildu ziren parkean lagun taldeak, eguraldia lagun, patatak zuritu eta egun ona pasatzeko asmoz.
Herri Kirolak, Euskal Pilota eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazioak Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Partehartzaileak antolatu zituen, eta Busturialdeko 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutiek parte harte hartu zuten horretan. Arkupe Sustabiz Kirol Alkarteko pilota partidekin hasi zuten eguna, eta jarraian, hasi zen jardunaldi parte hartzailea, Gazteek hainbat diziplina probatzeko aukera izan zuten, besteak beste: trontza, harrijasotzea, txinga erutea, ingude jasotzea, sokatira, esku pilota, pala eta zesta punta. Gainera, Xabi Barandika goi mailako puntistagaz zesta punta praktikatzeko aukera izan zuten, eta harrijasotzea Karmele Gisasola herri kirolariagaz. 12:30etan, Sustabizeko harri-jasotzaileek erakustaldia eskaini zuten: Andrea Sage, Iñaki Rafael, Engels Bello eta, Sukarrietako Leire Bergarak.
Meza Nagusiagaz hasi zuten eguna sukarrietarrek atzo [maiatzak 19], Mundakako abesbagatzagaz batera. Ostean, sardinadak hartu zuen Plazuela. XXII. Mus Txapelketagaz eman zieten amaiera jaiei.