Ibaiak eta horren sekretuak gela barrutik ezagutuz
Ibai-ekosistema ezagutu eta horretan ematen diren aldaketek izan dezaketen eragina aztertzea du helburu maiatzaren 22ra arte Busturiko Kultur Etxean ikusgai dagoen Aztertu programaren ‘Ibaialde’ erakusketak
Ibaiak funtsezkoak dira gure bizitzarako, ezinbestekoak baitira izaki bizidun askoren biziraupenerako. Ura ere beharrezkoa dugu, baina hori ez da modu berean banatzen munduan zehar, eta gainera, horren erabilera arduragabea eta neurrigabea izaten da kasu askotan. Egoera irauli eta ingurumenaren eta pertsonen arteko harreman zuzena bultzatzeko asmoz, Aztertu programak Ibaialde kanpaina sortu du, ibai-ekosistema modu aktiboan eta esperimentalean aztertzeko.
Ibaialde kanpainaren puntu esanguratsuenetako bat izen bereko erakusketa da. Hamabi taulez osatuta dago erakusketa, eta horietan bost azpigai jorratzen
dira: lehenengoan, Ura, ibaiak… bizitza izenekoan, ibaiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak lantzen dira; bigarrenean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru hiriburuen garapenean eta paisaiaren aldaketan ibaiek izan duten eta oraindik ere baduten garrantzia aztertzen da; hirugarren gaiari lotutako tauletan, berriz, arro hidrografikoa unitate zatiezina dela azaltzen da. Laugarren gaian ibaietako bizitza jorratzen da eta bosgarren eta azken gaian, bestalde, horien etorkizuna.
Hala, ibai baten ingurumenegoera ezagutzeko interesa duen pertsona edo talde orori zuzenduta dago erakusketa. Ibaien sekretuak ezagutu nahi dituenak Busturiko Kultur Etxean ikusi ahal izango du erakusketa, maiatzaren 22ra bitartean.