Pertsona bat erredurekin zauritu da Bermeoko etxebizitza batean piztutako sutean
Zaurituak 2. mailako erredurak ditu besoetan, eta beste bi bizilagun kea arnasteagatik artatzeko eroan dituzte ospitalera. 09:30ak aldera sua amatatzea lortu dute suhiltzaileek. 4. eta 5. solairuak guztiz kaltetuta daude.
Artike Bideko 9.zenbakiko 4. solairuan piztu da sua 08:05aean, eta, ondorioz, erakineko bizilagun denak euren etxeetatik atera behar izan dute. 09:00ak inguruan suhiltzaileek sutea kontrolatuta eduki dute, eta 09:30ak aldera amatatzea lortu dute. 11:10ean joan dira bertatatik. 4. eta 5. solairuak guztiz kaltetuta daude, eta suhiltzaileak sutea non piztu den badakite ere, zergatik piztu den ikertzen ari dira.
1. 2. eta 3. solairuetan karbono monoxidoa zegoenez, horietako bizilagunek eguerdian jaso dute euren etxeetara sartzeko baimena. Hain zuzen ere, azken ikuskaritzak egin eta gero, 13:15 aldera, beraien etxebizitzetara sartzeko aukera izan dute.
Bermeoko Herri Babesakoak, Arratzuko eta Erandioko suhiltzaileak, hainbat anbulantzia eta larrialdi zerbitzuen helikoptero bat bertaratu dira, eta eremua hesitu eta errepidea itxi dute. Suhiltzaileek bosgarren pisuko bizilagunak atera dituzte eraikinaren barrualdetik, eta gainerako bizilagunak euren kabuz atera dira. Hain zuzen ere, 5. solairuko bizilagunen artean, ume txiki bat zegoen, eta eta horiek etxetik ateratzea “gaitza” izan dela azaldu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak: “Momentu larriak pasatu ditugu. Gizon bat sartu da bere senitartekoak ateratzera, eta 2. mailako erredurak ditu besoetan, 4. solairura ailegatzerakoan gas leherketa egon delako”. Hain zuzen ere, bizilagun hori da Gurutzetako Ospitalera eroan dutena. Beste bi bizilagunek kea arnastu dute, eta Galdakao-Usansoloko Ospitalera eroan dituzte.
Udal ordezkariek bertatik bertara jarraitu dituzte sua amatatzeko lanak, eta adierazi du kaltetuek udalaren babes osoa daukatela, eta Gurutze Gorrikoen laguntza ere eskertu du: “Lehen unetik eurekin harremanetan jarri gara, eta euren beharrizanak zeintzuk diren aztertu dugu; izan ere, euretako asko ezer gabe atera dira etxetik. Gurutze Gorrikoek laguntza handia eman digute. Kaltetu gehienek badute nora jo, gehienak senideen etxeetara joan dira, eta non egon ez daukatenentzat laguntza bideratu dugu”.
Era berean, Herri Babesakoei ere eskerrak eman dizkie. Udalerrian zerbitzu hori izatea garrantzitsua dela gogoratu du, baina aitortu du “askotan ez dela nahikoa”, eta, horregatik, suhiltzaileak hurbilago izatea eskatu dute askotan: “Arratzun daude, eta badakigu euren erantzuna berehalakoa dela, baina zaila da ordu erdi baino arinago Bermeora heltzea”.