Bizkaiko Itsaso eta Irristatze Industriaren topagune izango da Bermeo
Ekitaldiak sektoreko enpresak bilduko ditu, barikuan, Arrantzaleen Museoan. "Ideiak trukatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta funtsezko lotura profesionalak ezartzeko" helburua du topaketak.
Bizkaiko Itsaso eta Irristatze Industriaren topaketa hartuko du Bermeok, barikuan [maiatzak 17], Arrantzaleen Museoan. Itsasoaren Industrian eta Bizkaiko Irristaketan berrikuntza, iraunkortasuna eta hazkundea bultzatzea helburu duen topaketa horretan, sektoreak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak ezagutu eta eztabaidarako aukera egongo dela iragarri dute.
Topaketak sektoreko enpresen arteko ideia trukaketa sustatu gura du, berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren aplikazioari begira “ezagutzak zabaltzeko eta funtsezko lotura profesionalak ezartzeko”. Azaldu dutenez, iaz antzeko ekimenak egin ziren, eta 3o enpresa eta erakundetik gora elkartu ziren: “lankidetza eta negozio-aukera berriak sortu ziren”.
Jardunaldiak bi ordu eta erdiko iraupena izango du, 9:30etik 12:00etara. Carlos San Jose, Circular Design Factory enpresaren zuzendari eta sortzaileak eskainiko du Ekonomia Zirkularraren eta Deskarbonizazioaren erronka ETEentzat hitzaldia, 9:45ean. Jarraian, networking profesionala landuko da. Ekitaldia Arrain Azokaren esparruan egingo dela aprobetxatuz, 12:00etan, azokaren inaugurazio ekitaldira gertutaratu eta bisita egingo dute.
Ekitaldia norbere jarduera itsasoarekin, kirol-arrantzarekin, nautikarekin, surfarekin, belarekin, urpekaritzarekin, arraunarekin edo sektore horiei zerbitzuak eskaintzearekin lotuta duen orori zuzenduta dago. Izen ematea doakoa da, baina aldez aurretik galdetegia bete beharko da.