Naturako elementuak berrerabiltzearen artea
Gaurtik eta urrira bitartean egongo da ikusgai Jose Angel Lasaren ‘-n, -z, -tik, -rantz’ eskultura erakusketa, Frantziskotarren klaustroan.
Berrogei urte luzez egindako lanagaz jantzi du Frantziskotarren klaustroa Jose Angel Lasa bermeotar bizilagunak. Eskultorea da Lasa, eta gaurtik [maiatzak 11] eta urrira bitartean, naturan jaso dituen materialak berrerabilirta sortu dituen 50 obratik gora ikusteko aukera egongo da, -n, -z, -tik, -rantz’ eskultura erakusketan.
Lasaren lanak forma, neurri eta garai ezberdinetakoak dira, eta denek ala denek, berrerabilera dute oinarrian. Erakusketan ikusgai dauden 16 lan, esaterako, joan den neguan Lameran botatako zuhaitz zatiekin eginda dauela azaldu du Lasak: “Nik ez ditut zuhaitzak botako, hondakinak dira edo inork gura ez dituenak. Ingurutik jasotzen ditudanak berrerabiltzen ditut”.
“Suposatzen dut umetatik datorren zerbait izango dela, baina nik ere ez dakit”
Urte askotako lana bada ere, inspirazioa nondik datorkion zehaztea “zaila” egiten zaio Legorretako eskultoreari. “Badakit gauzak kontatzeko jarrera hau daukadala. Pinturarako ez dut jarrera hau izan, ezta argazkigintzarako ere, baina bai ordea gauza hauek egiteko. Suposatzen dut umetatik datorren zerbait izango dela, baina nik ere ez dakit; normalean horretan ari garenok ez dakigu nondik datorkigun inspirazioa”.
Bere obra deskribatzeko orduan, ordea, prozesua “intentsitate handikoa” dela nabarmentzen du: “Atapuercara joan, han egon, moztu, kamioi bat lortu, ekarri… lehertuta amaitzen duzu”. Gainera, erakusketan ikusi daitekeen legez, pieza batzuetan kolore ezberdinak ere nahasten ditu Lasak, eta aitortu duenez, benetan gustukoa duen emaitza lortu arte froga asko egin behar izaten ditu.
“Lekua oso ederra da, espazioaren antolaketa oso berezia da.
Erakusketa Frantziskotarrek klaustroan ikusgai egotea ez da kasualitatea. Izan ere, eskultoreak egunak eta orduak ematen ditu bertan: “Lekua oso ederra da, espazioaren antolaketa oso berezia da. Normalean ez da inor egoten, hortaz, datorrenarentzat opari bat da”. Hala ere, ez da Lasaren burutik igaro zen eszenatoki bakarra izan; lanak kokatzeko espazio zabala behar zuenaren jakitun, Bermeoko ospitalea erabiltzea ere pentsatu zuen. Hala baina, Frantziskotarrekin eta Bermeoko Udalagaz harremanetan jarrita, azkenean klaustroan egitea lortu du.
Klaustroaren atzizkiak.
‘-n, -z, -tik, -rantz’ izena jarri dio legorretarrak erakusketa, hizkuntza eta artearen arteko lotura eginez: “Euskarak badu gauza izugarri bat, atzizkiak. Atzizkia ez da ezer zerbaiten ondoan ez badago, eta horrela ikusten ditut gauza hauek. Klaustroaren atzizkiak dira lan hauek”.
Erakusketa osatzen duten lanak “bidelagun” bezala ikusten ditu Lasak. Bere esanetan, artearen munduan, XX. mendeak ematen duen aukeretako bat da hori, “errealago” egiten duena: “Gaur egun, irudikatu dezakezu, eta horrez gain beste ariketa batzuk egin ditzakezu, eta nik uste dut horretan nabilela pieza hauekin”.