"Errealitatetik urruntzen nauelako maitemindu nintzen errugbiaz"
Gernika Rugby Taldean jokatu zuen Goirienak, taldea desegin arte. Egun Getxo Rugby Taldeko jokalaria da, eta Ohorezko Mailara igotzeko finalaurrekoak jokatuko ditu asteburuan.

Iaz Ohorezko Mailara igotzetik pauso batera geratu zineten.
Lehenengo gelditu ginen, eta azkenean Ohorezko Mailara igotzeko finala galdu genuen: 3 eta 5. Golpe izugarria izan zen.
Aurten igoera lortu dezakezuela uste al duzu?
Igoera lortu nahi dugu, baina jolasten disfrutatzea da garrantzitsuena. Baina bai, uste dut lortu dezakegula. Denboraldi erregularra egin, eta partidu bat bera ere galdu gabe bukatu dugu, eta kanporaketako finalaurrekoa jokatuko dugu asteburuan, Pingüinas Rugby Burgosen aurka, bigarren sailkatuaren aurka. Irabaziz gero, Cisneros edo Abellesen kontra jokatuko genuke finala. Eta hori irabazita, zuzenean Ohorezko Mailan izango ginateke. Finala galduko bagenu, beste aukera bat izango genuke.
Zure burua Ohorezko Mailan imajinatzen al duzu?
Nire taldeagaz batera hor eta edonon ikusten naiz. Benetan uste dut lortu dezakegula. Ni bakarrik imajinatzea ezinezkoa da.

Argazkia: Fredy Monfoto
Ia 10 urte daramatzazu errugbian. Zer balorazio egiten duzu?
Ibilbide gogorra izan da. Gernikako hasierako taldea hutsetik sortu genuen, eta horretatik ezer ez geratzea gogorra egin zitzaidan. Hala ere, errugbia oso polita da. Asko lagundu dit, bai sozialki, bai emozionalki: ate berriak zabaldu dizkit, jende berria ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta tarte batez burua hustea errazten dit.
«Aurreiritzietatik urrundu behar gara, eta pixkanaka lortzen ari garela uste dut»
Hasi eta gutxira jaso zenuen Euskal Selekzioaren deialdia. Nola gogoratzen duzu?
Besteak besten Madrilen, Frantzian eta Erroman egon naiz Euskal Selekzioagaz, eta ondo gogoratzen dut Euskal Ligan jokatzen nuenean, Gernikan, izan nuen lehen deialdia. Ilusio handia egin zidan.
Aurretik kirol ezberdinetan aritutakoa zara. Zerk egiten du zuretzat errugbia berezi?
Bai, kirol askotan aritu naiz, baina horietan sekula ez dut sentitu errugbiarekin dudan konexio berezia. Sekula ez nuke pentsatuko hainbeste urtez kirol berdina egingo nuenik. Zaila da errugbia aukeratzearen zergatia azaltzea, baina, uste dut egunerokotasunetik irten eta errealitatetik urruntzeko laguntzagatik maitemindu nintzela errugbiaz. Bidean aurkitutako jendeak ere zeresan handia izan du horretan.

Argazkia: Fredy Monfoto
Zerk eraman zintuen errugbia probatzera?
Egia esateko ez nuen errugbia ezagutzen, eta ez nuen probatzeko kuriositaterik. Gernikan errugbian aritzeko batzen hasi zirenean, behin eta berriz saiatu ziren ni konbentzitzen, baina beti ezetza ematen nien. Hori esanda ere, egun batean joateko esaten zidaten, eta behin kasu egin nien, eta gaur arte.
Gernika Rugby Taldean sortu zenuten taldea. Nolakoa izan zen harrera?
Bere momentuan uste genuen harrera ona egin zigutela klubean. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, klubeko zuzendaritza-batzordearen harrera ona izan zen edo ez esatean zalantza sortzen zait: hasieran bai; nobedadea ginen, nesken taldea… Gerora, ordea, traba asko jarri zizkiguten, eta amaiera ez zen horren atsegina izan. Herritarren aldetik, ordea, oso polita izan zen. Urbietara joaten ziren gu ikustera, eta babestuak sentitzen ginen.
Zerk eragin zuen emakumezkoen taldearen desagerpena?
Gutxi ginen, eta asko Gernikatik kanpo bizi ziren. Gainera, errugbia kontaktuzko kirola da, eta hasiberriak izanik, lesio asko izaten genituen. Zaila zen hori lanarekin eta ardurekin uztartzea. Egia da sasoi batean sortu ziren giro txarrak eta desadostasunek jendeak taldea utzi nahi izatea ekarri zutela. Azkenean sei edo zazpi jokalari gelditu ginen, eta horrela ezinezkoa zen aurrera egitea; ondo pasatzen genuen, baina ezin genuen partidurik lehiatu. Taldea desagertzea faktore ezberdinen ondorioa izan zen: ez genuen nahi, baina ez zegoen besterik.
Taldea desagertu arren, gainontzekoek ere errugbiari lotuta jarraitzen al dute?
Bai, batzuk errugbian jarraitzeko erabakia hartu genuen, gure bizitzan izan zuen inpaktu positiboagatik. Esaterako, Nerea Garciak eta Eider Olarretak Eibarrera jo zuten, Leticia Calderonek Mungian jokatzen du eta Garazi Goikoleak eta nik Getxon. Talde ona osatzen genuen, eta polita da errugbian jarraitzeko bakoitzak bere alternatibak bilatu dituela ikustea. Lagun talde ona sortu genuen, eta guztiekin hurbileko harremana mantentzea zaila bada ere, oraindik kontaktuan jarraitzen dugu.
Nola jaso zenuen Getxo Rugbyn jokatzeko deia?
Getxora joateko aukera berez etorri zen. Taldean gutxi gelditzen ginenean, Getxo Rugby Taldearekin batera sortu genuen taldea. Euskal Ligan jokatzen genuen. Denboraldia amaitu zenean, Getxokoek jokatzen jarraitu nahi genuen galdetu ziguten, eta geroztik bertan nago.
Desberdintasun handia al dago bi kluben artean?
Getxora joatean, aurretik osatutako talde batean sartu ginen, eta profesioanal izan barik, zeukan ibilbideagatik, gu ohituta geundena baino profesionalagoa zen. Ezberdintasun nagusia seriotasuna da: Gernikan lehiatzera, baina bereziki ondo pasatzera joaten ginen, galdu arren irabazi izan begenu bezala ospatzen genuen. Getxon ez; urte asko errugbian daramatzan jendearekin jolasteak, esaterako Barbara Plarekin–Espainiar selekzioarekin jokatu du eta Olinpiar Jokoetan egondakoa da–, guztiok automatikoki entrenamendu eta partiduak seriotasun handiagoarekin hartzea dakar. Zuzendaritza taldea oso pozik dago gure taldearekin .
Getxotarren erantzuna ona izaten al da Faduran?
Bai, jendea gu ikustera etortzen da eta babesa helarazten digute. Iaz finalean Faduran bildu zen jendetza izugarria izan zen. Aipatzekoa da gizonezkoen lehen zein bigarren taldeko jokalariak ere bertaratzen direla.
Esaten da hirugarren denborak komunitatea sortzen duela; bat al zatoz?
Bai, jokalarien artean komunitate berezia sortzen da. Egongo ez balitz, askok errugbia aspaldi utzita izango luketela uste dut, hor sortzen den giroa ez delako beste inon aurkitzen. Berdegunean elkar plakatzen dugu, baina gero ahaztu egiten zaigu.
Errugbia inplikazio altua eskatzen duen talde kirola al da?
Bai. Iaz esaterako, hiru seme-alaba zituzten bi emakume izan genituen taldean, Kantabriatik etortzen zirenak. Partiduetan umeak harmailetan uzten zituzten jokatu ahal izateko. Gainera, kanpoan jokatzen dugunean, ordu asko ematen ditugu kanpoan, batzuetan asteburu osoa. Bateragarri egitea zaila da batzuetan, baina zure pasioa bada, errazagoa da. Jokalariak beti ahalegintzen gara lana aldatzen, taldearekin egon ahal izateko.
Zer esango esango zenieke alabak errugbian aritzearen beldur diren gurasoei?
Beraiek ere probatu beharko luketela. Kanpotik ikusita, basatia ematen du, baina ez da horrenbesterako. Aurreiritzietatik urrundu behar gara, eta pixkanaka lortzen ari garela uste dut.
Eta neskei?
Askotan errugbia aukera legez aurkeztu ez arren, probatzeko. Errugbian denontzako tokia dago: argalak, lodiak, azkarrak, motelak… Beti izango dute tokia, eta kirolaz haratago poztasun asko ekarriko dizkie.