Zapatilapeko txikliek, Bizkaiko taldekako finalaurrekoetara
Maiatzaren 25eko Arrigorriagako saioan izango dira eskualdeko hiru taldeak: Lau Buru, Troiako Zaldia eta Zapatilapeko txikliek.
Durangaldeko Urruxarrak eta Busturialdeko Zapatilapeko txikliek taldeek Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa jokatu zuten barikuan [maiatzak 3], Goiurian. Auzoko jaiak aprobetxatuta, giro ederrean aritu ziren bi taldeak bertsotan. Saio bakarra egin zuten, eta Iker Uriarte, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia, Koldo Muñiz, Antton Gorriño, Xabier Enbeita eta Inazio Gonzalok osatzen duten taldea nagusitu zen. Izan ere, publikoak etxeko taldearen alde egin zuen, baina bi taldeetako kideek osatutako epaimahaiak Gernikako taldearen alde bozkatu zuen; horrela, maiatzaren 25en Arrigorriagan jokatuko diren finalaurrekoetara sailkatu da Zapatilapeko txikliek taldea. Finalaurrekoetarako sailkatuta daude eskualdeko beste bi taldeak ere: LauBuru eta Troiako Zaldia.