Inoizko parte hartzerik altuena izan du Bermeoko Warhammer lehiaketak
Bermeoko V. Warhammer 40.000 txapelketak hainbat tokitatik iritsitako parte-hartzaileak hartu ditu asteburuan Artza frontoian. 30 talde eta 180 pertsonako parte hartzea egon da, lagun arteko giro bikainean.
Bermeoko Mahai Joko eta Rol Eskola Elkartea antolatutako V. Warhammer 40.000 txapelketa hartu du asteburuan Artza frontoiak. Antolatzaileen balorazioa “positiboa, oso ona” da, aurten 30 talde eta 180 parte hartzaile bildu baititu ekimenak, inoiz baino gehiago: “Gehiago haztea oso zaila izango da, frontoian ez garelako sartzen”. Lehiaketa lekualdatzea, ordea, ez dute begi onez ikusten, frontoian izateak ikusgarritasuna ematen dielako, herritar asko kuxkuxean joaten baitira. Era berean, parte hartzaileen aldetik jaso duten feedbacka ere “inoiz baino hobeagoa” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Bermeoko txapelketak bost ediziotan bost irabazle ezberdin izan ditu. Aurtengo talde garailea Gasteizko BattleBunker izan da; bigarren sailkatua Diamond Dogs taldea izan da eta, hirugarrena, Conclave talde madrildarra, iazko talde irabazlea. Izan ere, beste urte batez, parte hartzaileak hamaika txoko ezberdinetatik iritsi dira Bermeora: esaterako, Bilbotik bi talde, Barakaldotik hiru, Eibartik bat, Gasteiztik bi, Nafarroatik eta Asturiasetik beste bina talde, Murtziatik bat, Balear Uharteetatik bat… “Denek esan digute datorren urtean bai ala bai errepikatuko dutela”.
Warhammer izenez ezagutzen den rol jokoaren txapelketa antolatu ahal izateko beste elkarte batzuetatik jasotzen duten laguntza eskertu dute antolatzaileek: “Kluben laguntza gabe ezingo genuen ekitaldia antolatu”. Azaldu dutenez, BREE urtero urtero materiala erosten doa “autonomoak” izatera iristeko helburuagaz, baina oraindik asko falta dute: “Materiala oso garestia da”.
Elkartearen ikusgarritasuna.
BREE 80ko hamarkadan sortu zen, baina denbora batez erdi desagertuta egon ostean, duela bost urte berrinauguratu zuten. Warhammer rol jokoaren zein txapelketaren beraren ikusgarritasuna gorantz doan heinean, elkartearen ikusgarritasunak ere joera bera mantendu du. Elkarteko kideen ustetan, ikusgarritasuna lortze horretan positiboki eragin dute lehiaketa San Frantzisko eskolako gimnasiotik Artza frontoira eramateak eta lokala lekualdatzeak: “Lokalak erakusleihoa du, eta miniaturak jarri ditugunez, orain umeak begira geratzen dira, eta barruan bagaude, sartzeko esaten diegu”.
Horrek elkarte kulturalaren helburua betetzea ahalbideratzen du, izan ere, gazteak pantailetatik urrundu eta mahai jokoen inguruan biltzea du xede. Horrez gain, adin gabekoek lokala dohain erabiltzeko aukera dutela gogoratu dute; helduek berriz, mateteriala erabiltzeagatik kuota bat ordaindu beharko dute.