Fernando Hierrok Bermeori buruz egindako lana jaso du udalak
'Bermeo Uriaren historia irudietan' lanak Bermeoren historiako aldi esanguratsuenak biltzen ditu; Bitor Uriarte eta Angeru Astui aritu dira aholkulari lanetan. Udalaren helburua lana argitaratzea da, baina oraindik ez dute nola egingo duten zehaztu.
Bermeoko Udalak Bermeo Uriaren historia irudietan, Fernando Hierro artista bilbotarrak udalerriari buruz egindako obra jaso du gaur [maiatzak 3], haren alaba Marinaren eskutik. Udalak erosi duen lana herriko historia islatzen duen irudiz osatuta dago, Hierrok akuarelaz egindakoak guztiak. Era berean, euskarri kegez testuak gehitu zaizkio, beti ere irudiei dagokien protagonistamoa kendu barik.
Obra osatzen duten 85 irudi-orrietan Bermeoren historiako aldi esanguratsuenak bildu ditu bilbotarrak. Bermeoko Udalak erosi duen lana eskema kronologikoa jarraitzen du: izan ere, geografikoki Historiaurreko eta Antzinaroko ikuspegi zabalagoak hartu zituen lehenengo Hierrok, eta gero, XI. mendetik aurrera, ia mendez-mende, ia gaur arte jorratu du Bermeoren historia.
Garai eta mende bakoitzari lotutako askotariko elementuak irudikatu ditu artistak bere obran, hala nola, etxeak, ofizioak, lanabesak, arrantza, armak, jantziak, edo itsasontziak. Herriaren ikuspegi zabalak eta panoramikak ere ez dira falta liburuxkan. Azaldu dutenez, batzuetan ustezko ikuspegi berriak ere landu ditu: eliza, etxe, eta abarren berreraiketak egin ditu, krokisak, mapak… Lan guzti hori, ahal izan den neurrian, dokumentazio lanetan oinarritu da. Bermeok hartzen duen lurralde osoa hartu du erreferentziatzat Hierrok; itsasoa zein baserri eta basoak gogoan izan ditu bilbotarrak, baita kale inguruari lotutakoak ere. Izan ere, mendeetan zehar izan diren guda eta batailetatik haratago, biztanleek egunerokotasun eta bizimoduetan jarri du fokua.
Akuarelaz margoztutako 85 irudi-orrik osatzen dute obra
Bitor Uriarte Anasagasti Udal Artxiboaren zinegotzi arduradunak azaldu duenez, bilbotarrak Aingeru Astui Arrantzaleen Museoaren zuzendari ohiarengana eta beragana jo zuela obra hau aurrera eraman ahal izateko laguntza eske: “Garai horietako Bermeoren ezaugarriak zehazten laguntzeko eskaera egin zigun, eta gustura egin genuen lana berarekin. Geroago, berriro hurbildu zen guregana, geure herrirako proiektu handiagoa zeukala esanez”. Izan ere, udalak erosi duen lana ez da Hierrok Bermeori buruz egindako lehena, eginda baitzituen udalerriko antzinako zenbait irudi: Bermeo 1398an eta Bermeo 1889an. Irudi historikoak marrazteko, eta iraganean herriek ustez izan zuten itxura irudikatzeko zaletasuna du marrazkilariak.
2018an bukatu zuen Hierrok gaur Bermeok jaso duen obra, eta aholkulari lanetan aritu den Aingeru Astuik azaldu duenez, Uriarte eta bera datuak esan eta esan aritu zaizkio bilbotarrari, eta “oso gustura” aritu dira testu eta dokumentu pilaketan, marrazkilariak irudikatu ahal izateko. Era beran, artistaren lana goraipatu nahi izan du: “Pentsa zer den, akuarelekin lana egitea, eta Bermeo guztia, etxe zein kaleak egin eta gero, guk esatea erratu egin dela; lan asko izan da, baina berari ez zion axola, eta berriro egiten zuen”. Izan ere, akuarelekin margozten duenez, ezin ditu zuzenketak egin eta berriz ere hutsetik hasi beharra izaten du: “Ez da haserretzen, lanari ilusio handiz begiratzen dio”.
Bitor Uriarte: “Adituekin batuko gara lan hau zein modutara argitaratu daitekeen aztertzeko”
Historiaren dibulgaziorako lagungarria izango den obra da Hierrorena, baina balio artistikoa ere izugarria dela azpimarratu du Uriartek. Modu berean, Udal gobernuak agiantaldi honetan kultura eta herriko sortzaileen lanak argitaratzearen alde egingo duela gogoratu du Uriartek . Hierroren lana ere argitaratu egingo dutela adierazi du, oraindik formatua zehazteke badago ere: “Adituekin batuko gara lan hau zein modutara argitaratu daitekeen aztertzeko, modu egokiena bilatu asmoz”. Irudiak herritarrek “eskura” izan behar dituztela uste du Uriartek, beraz, ez dute baztertzen digitalki ere argitaratzearen idea, “beti ere erabilera pertsonalerako, ez negozioa egiteko”.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly ere “pozik” agertu da udalak jaso duen obragaz, eta horren atzean egon den lan guztia azpimarratu du. Bere “lan zoragarria” Bermeori eskaintzea eskertu nahi izan dio Hierrori, eta bere alaba Marina Hierrori, udalerrira hurbildu eta obra eskura emateagatik.
Osasun arazoak direla eta, Hierro bera ezin izan da Bermeora gerturatu, eta bere alaba arduratu da udalari “bere aitaren nahia” betetzea eskertzeaz: azaldu duenez, artistak lehen unetik bere obrak udalerrian bukatzea nahi zuen. Jarrain Uriarte eta Astuiren lana nabarmendu du, “beti egon direlako babesa ematen eta laguntzen”.