Nestor Basterretxea "bermeotar unibertsala" omenduko dute
Artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, 'Nestor Basterretxea 100 urte' erakusketaren inaugurazioa egingo dute goizean Nestor Basterretxea Aretoan. Ostean, omenaldia Frantziskotarren klaustrora lekualdatuko da lora eskaintza egiteko.
Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute zapatuan, Bermeon. XX. mendeko euskal artistarik garrantzitsuenetakoa izan zen Basterretxea, eta bere herrian haren “zabaltasuna eta sakontasuna” gogoratu nahi dituzte, artistaren gizarte konpromisoak eta lanek Euskal Herriko iruditeria kolektiboan izan duten eraginagaz batera. Horretarako, udalerriko hainbat erakunde eta entitate kulturalek eta Bermeoko Udalak bat egin dute urte honetarako jarduera programa bat aurkezteko.
Bermeoko Udalak zapatuan [maiatzak 4] ospatuko du “bermeotar unibertsalaren” jaiotzaren mendeurrena. Goizean zehar, Barrueta Arte Elkarteko kideek Basterretxearen omenezko marrazkiak egingo dituzte, Frantziskotarren klaustroan, artistaren Hilerriak artelanen artean.
2002tik Bermeoko seme kuttuna da Basterretxea, eta Endika Etxeberria Telleria kultura zinegotziak gogoratu duenez, udalerria bera da artista bermeotarraren artelan gehien dituen herria: “Haren altxor bat dugu”. Izan ere, asko dira Bermeon zehar aurki daitezkeen lanak, hala nola, Euskal Kosmogonia, Hilargi amandrearen mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua eta abar.
Jarraian, 11:00etan, Nestor Basterretxea 100 urte erakusketaren inaugurazioa egingo dute, artistaren izena duen aretoan. Bertan, “inoiz ikusi ez diren lan harrigarriak” egongo dira ikusgai, tartean, Basterretxeak berak bere lagun bermeotar batzuei oparitutakoak. Gainera, Barrueta Arte Elkartekoek bermeotarraren lanekin osatu duten liburutxoa ere aurkeztuko dute. Erakusketa maiatzaren 12ra bitartean bisitatu ahal izango da, 19:00etatik 21:00etara.
Erakusketaren antolatzaileetako bat da Pedro Lazpiur, eta azaldu duenez, inaugurazioan “erakusketaren inguruko azalpenak emango dira, jendeak ulertu dezan zelan antolatu den erakusketa, zer esatea bilatu den eta nola egiten dugun lan”. Nestor Basterretxeak Bermeon duen garrantzia ere aipatu du: “Bermeotarrentzat oso inportantea da, bermeotar internazionala”. Artistak bere ibilbidean jorratu zituen adar ezberdinak ikusi ahalko dira erakusketa osatuko duten 90 lanetan: izan ere, bermeotarra margolaritzan, diseinu grafikoa, eskultura eta abar trebatu zen. Hala ere, Lazpiurrek Basterretxeak “kulturaz hitz egiteko, eta hori transmititzeko” zuen gaitasuna azpimarratu du.
Inaugurazioaren ostean, aretoan bertan, Nestorren lagunak solasaldiaz gozatuko dute. Iratxe Astui kazetariak bideratuko du, eta artistaren alderik ezezagunena ezagutzeko aukera emango emango duela aurreratu dute. Bideo emanaldiak ere egongo dira; izan ere, Turismo Bulegoak eta Alberto Bilbaok egindako bi bideo aurkeztuko dira, eta bertaratzen direnek, Basterretxearen lagunen adierazpen batzuk eta bermeotarrari berari egngo elkarrizketa bat entzun zein ikusteko aukera izango dute.
Nestor Basterretxea Aretotik Frantziskotarren klaustrora lekualdatuko da ospakizuna, 13:00etan. Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua egingo dio Hildakoen estela seriearen inguruan. Jarrain, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak hartuko du hitza, eta haren senitartekoak ere bertan izango dira. Omenaldiari amaiera emateko, Mikel Laboaren abesti batekin lore eskaintza eingo diote.
Bisita gidatuak.
Bermeoko Udalaren egitaraua, ordea, ez da zapatuan bukatuko, udazkenean izango baitu jarraipena. Aurreratu dutenez, Turismo Bulegoak antolatuta, Basterretxeak oparitutako ohartxo batzuk oinarri hartuta egin diren bisita gidatuak eskainiko dituzte. Datak zehazteke dauden arren, Etxebarriak aurreratu du “ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko, hilabete batean euskaraz eskainiko direla, eta bestean gazteleraz”.