Gobernu taldearen kudeaketa ekonomikoaren "aurreikuspen falta" salatu du EAJk
Jeltzaleek egonkortze prozesuak sortuko dituen kalte-ordainen ordainketari aurre egiteko aurreikuspen falta, eta ibilgailuen zergan aurkeztu zuten aurreikuspen "puztua" aurpegiratu dizkie EH Bildu eta Guzani.
Bermeoko udal gobernu taldeak kudeaketa ekonomikoan izan duen “aurreikuspen eta zorroztasun falta” salatu zituen EAJk aurreko asteko osoko bilkuran. Jeltzaleek 2023ko ekitaldiko likidazioari buruzko informaziorik jaso ez dutela nabarmendu zuten.
Jeltzaleek azaldu zutenez, aurreko urteko likidazioa beste dekretu bat balitz bezala aurkeztu du udal gobernuak, eta ez izan beharko litzatekeen “puntu eta aparte” bat bezala: “Helburu bakarra herritarrei informazioa ez ematea da”. Kontuen likidazioaren onarpena alkateari dagokion arren, horren berri Kontuen Batzorde Berezi batean eman behar duela azpimarratu zuten jeltzaleek: “eta gero, herritar guztiei osoko bilkuran: “EH Bilduk eta Guzanek osatutako gobernu taldeak informazioa ezkutatu du. Horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia da”.
2023ko ekitaldiko emaitzari ere egin zioten erreferentzia jeltzaleek beraien berbaldian. Azaldu zutenez, honek 100.000 eurotik gorako saldo negatiboa izan du: “2019-2023 legegintzaldiaren barruan ekitaldiaren erdia gure kudeaketari dagokiola egia den arren, baiezta dezakegu gure taldeak 10 milioi inguruko diru-sarrerekin, 8 milioi inguruko gastuarekin, eta kontuan 8 milioiko saldoarekin utzi zituela kontuak”. Azpimarratu zutenez, itxierako emaitza hori aurrekontuaren “jarraipen faltaren isla argia” da: “EH Bilduren eta Guzanen gobernu taldeak sartzen ari zenaren kontral zorrotzik egin barik gastatu du dirua, eta ez da espero zen guztia sartu”.
Aurrekontuetako eztabaidak.
EH Bildu eta Guzanek urte honetarako aurrekontuen eztabaidan planteatu zituzten bi gairekin “denborak arrazoia eman diela” adierazi dute jeltzaleek. Alde batetik, egonkortze prozesuak sortuko dituen kalte-ordainen ordainketari dagokionez, EAJk salatu du, udal gobernuak “ordaindu egin beharko zela bazekien arren, eztabaidan salatu bezala, ez duela aurreikuspen ekonomikorik egin”. Ondorioz, hasiera batean beste helburu bat zuen diru kopuru jakin bat ordainketa horiei aurre egiteko erabili beharko da. Beste proiektu batzuk finantzaketarik gabe geratu ez daitezen, jeltzaleek proposamen bat helarazi diote udal gobernuari: “Gure proposamena soberakina ordainketa horiei aurre egiteko erabiltzea da”.
Bigarren auzia, berriz, ibilgailuen gaineko zergari lotutakoa da; jeltzaleek azaldu dutenez, udal gobernuak aurrekontuan egin zuen aurreikuspena “oso puztuta” zegoen: “Horrela esan genuen, eta orain frogatzen da. Hau da, puntu horretan aurrekontuak 132.000 euroko desoreka du jada”.
Era berean, EAJk eskari bat egin dio udal taldeari. Hain zuzen, Itxasbegiko aparkalekuaren proiektuarekin aurrera jarraitzea eskatu dute: “Ikusten ari garenez prozedurek ez dute aurrera egiten, baina epeak aurrera doaz, eta horrek erakusten digu gobernu taldeak ez duela eremu horretako bizilagunentzat hain estrategikoa den proiektu horren alde egiten”. EAJk alkatetza utzi aurretik aurkeztu zuen proiektu hori.