Gernika eta inguruko bideak ezagutuz gogoratu dute bonbardaketa
24 berbalagunek 12, 5 kilometroko ibilbidea egin zuten zapatuan. Bidean zehar "frankisten garaiko gerra-turismoari" buruzko azalpenak jaso zituzten.
Gernikako Berbalagunek zapatuan [apirilak 27] egin zuen apirileko mendi irteera. Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrena baliatuz, egun hartan bonbetatik alde egin nahi zuten pertsonez bete ziren bide bide, baso eta mendietatik ibili ziren txangoan. Guztira 12, 5 kilometro eta 300 metroko malda zuen ibilbidea egin zuten.
Udaletxeko plazan elkartu ziren 9:00etan ibilbidean parte hartu zuten 24 berbalagunak. Jakak jantzi eta gero, gerra garaian ospitalea izan zen Josefinen egoitzatik igaro ziren, eta handik Lumoko bide zaharra hartu zuten. Bertan, 1937ko bonbardaketari eta frankisten garaiko “gerra-turismoari” buruz hitzaldi interesgarria eskaini zioten berbalagunei: “Hori izan zen Berbalaguneetik egin nahi izan genuen omenalditxoa”.
Jarraian, Amillagatik Elorrietara igotzen den bidea hartu eta Lumo eta Errigoiti arteko errepidera ailegatu zen ibiltari taldea. Apurka apurka Baldatika errekaren arrora jaitsi eta ur behera egingo zuten, errekaren “soinu atsegin eta ibar basoaren edertasunaz gozatzen” zuten bitartean.
Goikoerrotatik Armotxerrira heldu aurretik Baldatika erreka zeharkatu zuten, eta Urberuagaraino joateko bidea hartu. Ibilbidean zehar azaldu ziotenez, garai batean ur beroa ateratzen zen lur azpitik zonalde honetan. Hori dela du Urberuaga izena. Urberuagatik Atxondora eta bertatik Foruraino ailegatu ziren. Foruko erromatarren herrixka albotik igaro ostean, berbalagunak Gernika-Lumora bueltatu ziren.
Antolatzaileek ibilbidera bertaratu zirenei eskerrak eman dizkiete, eta egindako ibilbideagaz pozik agertu dira: “Ibilbide benetan polita egin genuen, eta, gainera, gure inguruetan”.