Udaberri Kulturalaren egitaraua aurkeztu du Buselektrikue Elkarteak
Berrikuntzekin datorren hiru eguneko egitaraua aurkeztu dute, maiatzaren 9tik 11ra bitartekoa. I. Bermeoko Antzerki Amateur Erakustaldia antolatu dute, talde hasiberriei "beharrezko garrantzia eta pisua" emateko helburuagaz.
Udaberrian kultura bultzatzen lelopean, Buselektrikue Antzerki Taldea Elkarteak Udaberri Kulturala 2024 egitasmoa aurkeztu du. Bermeoko kultura eskaintza areagotzea dute helburu, arlo horretan herrian “arrakala handia” dagoelako Bermeo bestelako herri euskaldun eta kulturazaleekin alderatuta. Udaberri Kulturalaren 3. aldia izango da aurtengoa, eta antzerkia ardatz izanik, hiru eguneko egitarau kulturala prestatu dute, maiatzaren 9, 10 eta 11rako.
Irailean hasi ziren proiektuan lan egiten, eta geroztik hainbat bilera eta iritzi ezberdin partekatu dituzte, eta elkarteko kideek adierazi dutenez, egitasmoa antolatzeko “inoiz baino zailtasun gehiago” izan dituzte aurten. Hala ere, hiru proposamen berrirekin dator aurtengo edizioa: kontzertua, antzerkia eta bi antzerki talde amateurren erakustaldia. Izan ere, azken horiei “beharrezko garrantzia eta pisua” ematearen garrantzia azpimarratu dute.
Kontzertu batekin emango diote hasiera Udaberri Kulturalari, maiatzaren 9an [eguena], Amorante euskal musikariaren kontzertuarekin. Maiatzaren 10ean [barikua], berriz, Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi antzerkia egongo da ikusgai Nestor Basterretxea Aretoan, eta sarreren prezioa 8 eurokoa izango da. Egitaraua prestatzean Bermeoko Udalarekin “inoiz baino koordinazio hobea” izan dutela azpimarratu dute, ekintza hori Kultura Sailak antolatu duela adierazteaz batera.
Bestalde, hirugarren eta azken egunean antzerki talde amateurrak izango dira protagonistak. Izan ere, I. Bermeoko Antzerki Amateur Erakustaldia ikustera bertaratzen direnek bi antzezlanez gozatzeko aukera izango dute: lehenengo, 19:00etan, Debako Goaz Antzerki Taldearen Lotura basatiak; ostean, 20:00etan, Oñatiko Debagoienako Antzerki Plataformaren Paregabeko zozketa bat antzezlana. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da, ekitaldi osorako.
Sarrerei dagokionez, informazio guztia Buselektrikue Antzerki Taldea Elkartearen webgunean egongo dela iragarri dute, maiatzaren 2tik [eguena] aurrera. Berritasun moduan, ekitaldi guztien bukaeran liburuxka bat egongo dela iragarri dute “horiei buruzko edonolako iritziak jasotzeko”.
Aurreko urtean egin bezala, aurten ere kultur arloko diziplina ezberdinak sartzen ahalegindu direla azpimarratu dute: “Horregatik aurten kontzertu bat sartu dugu gure egitarauaren barruan”. Hala, datozen urteetara begira “bestelako kultur proposamen batzuk” gehitzea gustatuko litzaiekela adierazi dute, egitaraua prestatzen hasi zirenetik “proposamen asko” jaso dituztelako. Erakutsitako jarreragatik eta prestutasunagatik eskerrak eman dizkiete herriko “kultur sortzaile desberdinei”. Era berean, proposamen horiek hurrengo baterako kontuan hartuko dituztela iragarri dute.
Areto falta.
Bermeon “kalitatezko areto publiko baten falta” dagoela nabarmendu gura izan dute Buselektrikueko kideek. Gabezia horrek “kultur ekintzak aurrera eramatea ezinezkoa” bihurtzen duela, eta beraien antzerki elkarteaz haratago, herriko bestelako diziplinetako kultur taldeek “arazo bera” dutela zehaztu dute: “Horrela ezinezkoa da kultura sustatzea, eta Bermeo bezalako herri batek behar dituen kultur eskaintzak antolatzea”.
“Horrela ezinezkoa da kultura sustatzea, eta Bermeo bezalako herri batek behar dituen kultur eskaintzak antolatzea”
Modu berean, “behar izan eta arazo larri horri” aurre egiteko, “dagokionari erantzun bat emateko” eskatu diote: “Biztanleria eta tamaina aldetik berdintsuak diren Euskal Herriko beste herri batzuekin alderatuta, gure Bermeo oso atzean gelditzen da kontu honetan”.
Bermeoko Udalagaz ekimen bat antolatu dutela iragarri eta aurten udalarekin harremana “inoiz baino zuzenagoa” izan dela azpimarratu dute: “Gure beharrak eta arazoak entzuteko prest agertu dira eta elkarteak udalarekin duen komunikazioa erraztea ahalbideratu digu, egitarau honen ondoren etorriko diren proiektu berriak hobeto antolatu eta kudeatzeko asmoz”.
Urteurrenak.
Buselektrikue Antzerki Taldea Elkarteak 10 urte bete ditu aurten. Izan ere, taldea 2024an sortu zuten, Bermeon “antzerkia euskaraz sustatzeko” eta udaleko antzerki tailerrean sortzen ziren proeiktuak aurrera eramateko asmoz. Bermeoko Antzerki Tailerrak berak ere izango du zer ospatu datorren urtean, 15 urte beteko baititu. Buselektrikueko kideek uste dute guztia ospatzeko “momentu egokia” dela, eta proiektu berri batean lanean hasi direla aurreratu dute: “Oztopoen gainetik, bertan ezagutu eta batu garen pertsonok elkarrekin bizi ditugun bizipen zein momentuak ospatzekoak iruditzen zaizkigu”.
EGITARAUA
- Maiatzak 9, eguena: Amoranteren kontzertua, 19:30ean, Nestor Basterretxea Aretoan.
- Maiatzak 10, barikua: Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi antzerkia, 20:00etan, Nestor Basterretxea Aretoan.
- Maiatzak 11, zapatua: 19:00etan, Debako Goaz Antzerki Taldearen Lotura basatiak antzerlana; ostean, 20:00etan, Oñatiko Debagoienako Antzerki Plataformaren Paregabeko zozketa bat antzezlana.