Gaztetxea biziberritzeko elkartu dira Busturiko gazteak
Belaunaldi berriak antolatu duen lehen ekitaldia izan da Otsozulo Gaua, eta antolatzaileen balorazioa "oso positiboa" da.
Gaztetxea berriz ere martxan jartzeko helburuagaz batu da Busturiko gazteria, eta horren adierazle da zapatuan [apirilak 20] antolatu zuten Otsozulo Gaua. Ez ziren jai giroa eta musika falta izan: Larru ta Lagunak eta Mikosis taldea arduratu ziren gauari musika jartzeaz. Jaia goizaldera arte luzatzeaz, berriz, DJ Desi eta Presi, DJ Otso eta DJ Zulo.
Busturiko Gazte Asanblada berria eratu dute, eta bertako kideek antolatu duten lehen ekintza izan da zapatukoa. Antolatzaileak urdurik zeuden, ez zekitelako zein izango zen herriko zein inguruko herrietako gazteen erantzuna: “Batzuk lasaiago zeuden, baina beste batzuek uste genuen gu bakarrik egongo ginela kontzertuan”. Ez zen horrela izan, gaztetxea txiki gelditu zelako kontzertuetara bertaratu zen jendearentzat: “Oso pozik gaude, eta bertaratu zen jendearen iritzia ere positiboa izan da”.
Otsozulo gaua prestatzeko aurretik gaztetxearen ardura izan zuen taldearen laguntza jaso izana eskertu dute, eta “balorazioa oso positiboa” bada ere, lehen aldia izanik, hurrengorako zertan hobetu ere ikasi dute. Aurreratu dutenez, gazte asanbladaren hurrengo erronka herriko auzoetako jaietan txosna jartzea izango da.
Belaunaldi berria.
Konfinamendu garaian gazte talde batek Otsozulo Gaztetxea okupatu eta txoko legez erabili zuen, “hankaz gora utziz”. Normaltasunera itzultzean, gaztetxearen orduko arduradunak “asanbladak antolatu eta berriz ere martxan jartzen” ahalegindu ziren, baina erantzuna ikusita, amore eman zuten. Horren ondorioetako bat iaz jaietan batzordearen txosnarik ez egotea izan zen: “Oso tristea iruditu zitzaigun txosna jartzera jendea kanpotik etorri behar izatea, eta hor ikusi genuen antolatzen hasi behar genuela”.
Aurreko arduradunekin hitz egin zuten, eta eskualdatzea egin ostean, gaztetxea garbitu eta gutxinaka elkartzen hasi ziren. Pare bat bilera egin ostean, bazkari bat antolatu zuten gaztetxean bertan, eta gustura aritu zirela ikusita, aurrerapausoa ematea erabaki zuten: “Gaztetxea garbitu eta asanbladak antolatzen hasi ginen, gero eta gazte gehiago elkartuz”. Testuinguru horretan erabaki zuten Otsozulo Gaua bezalako jai bat antolatu behar zutela.
Busturian gazteak egon badaudela aldarrikatu nahi dute gazte asanbladatik: “Busturia herri handia da, eta konturatu gara askok ez dugu elkar ezagutzen“. Era berean, beti Gernika edo Bermeora joateari “alternatiba” eskaini gura diote: “Herrian ere egoteko espazio bat, denontzako espazio bat daukagulako”.
Era berean, herriko gazteak hurrengo asanbladetan parte hartzera animatu gura dituzte, gaztetxea berriro ere martxan jartzeak eta gazteak elkartzeak “komunitatea” sortzen lagun dezaketela uste baitute.