EH Bildu da indar bozkatuena Busturialdean
10.997 boto lortu ditu EH Bilduk Busturialdean, eta 10.569, berriz, EAJk. Hamar herritan nagusitu da bat, eta beste hamarretan, bestea; guztira, 428 botoko aldea egon da bi indar politiko nagusien artean.
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere nagusitasuna galdu du Busturialdean, EH Bildu izan baita eskualdeko alderdi politiko bozkatuena; 10.997 boto lortu ditu, EAJk baino 428 boto gehiago, 10.569 boto izan baitira Euzko Alderdi Jeltzalearentzat. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, 2.744 boto gehiago izan ditu koalizio abertzaleak (8.253 izan zituen 2020an), eta 892 boto gutxiago izan ditu EAJk (11.461 izan zituen 2020an).
Bi alderdi nagusien arteko aldeak estuak izan dira, parekatuak. Izan ere, eskualdeko hamar herritan nagusitu da EH Bildu (Ajangiz, Ea, Elantxobe, Forua, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Mendata, Mundaka, Muxika eta Nabarniz), eta beste horrenbestetan, EAJ (Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Errigoiti, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Morga, Murueta eta Sukarrieta).
PSE-EE izan da hirugarren indarra eskualdean, 1.081 botogaz, duela lau urte baino 240 boto gehiago lortuta (841 izan zituen). Duela lau urte, 871 botogaz, Elkarrekin Podemos izan zen hirugarrena, baina aurten 301 lortu ditu, eta seigarren indarra izan da eskualdean, PPren eta Sumarren ostean; 413 boto eta 383 boto eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Sumarrek parte hartze esanguratsua eduki du bai Bermeon (127 boto), bai Gernika-Lumon (147 boto); horiez gain, Mundakan 23 herritarrek eman diete beraien bozka.
Eskualdeko herri nagusiei erreparatuz, EAJ gailendu da Bermeon, eta EH Bildu Gernika-Lumon. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, 840 boto irabazi ditu koalizio subiranistak Gernika-Lumon, eta 352 galdu dituzte jeltzaleek. Izan ere, EAJk EH Bilduri 906 boto atera zizkion, eta aurten, EH Bildu 281 botoko aldeagaz nagusitu da udalerrian. Kostako herrian asko murriztu dira aldeak, 2020an EAJk EH Bilduri 1.498 botoko aldea atera ziolako, eta aurten, 348 botokoa; izan ere, 985 boto irabazi ditu ezker subiranistak Bermeon, eta 170 boto galdu ditu EAJk.
Aldaketa eman da eskualdeko hainbat udalerri txikitan: duela lau urte ez bezala, EH Bilduk boto gehien lortu ditu Mundakan, Mendatan, Elantxoben, Ibarrangelun eta Foruan. Alderdi bi horien arteko aldeak, joandako hauteskundeetakoekin alderatuta, oso estuak izan dira: Kortezubin, EAJk EH Bilduri boto bateko aldea atera dio; 136 poltsikoratu dituzte jeltzaleek, eta 135 ezker subiranistak. 2020an, EAJk 59 botoko aldea urratu zuen. Arratzun ere, alderdi bien arteko aldea murriztu egin da: 136 lortu ditu EAJk; hamar boza gutxiago, ostera, koalizio abertzaleak.
Beste horrenbeste gertatu da Busturian: 2020. urtean EAJk 457 eta EH Bilduk 251. Aurten, ordea, hamabi botoko alde txikia egon da alderdi bien artean: 390 boto EAJren alde, eta 378 EH Bildurentzat. Jeltzaleak nagusi izan dira Muruetan, Morgan, Sukarrietan zein Errigoitin. Alderdi bozkatuenak izan diren bi horien arteko aldeak handiagoak edota txikiagoak izan dira han-hemen. Ereñon, parekotasuna erabatekoa izan da: 76 ereñarrek bozkatu dute hala EAJ, nola EH Bildu.
Parte hartzeak gora egin du aurten: %71,1etik %74,8ra irauli da. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datu orokorrekin alderatuta, batez bestekoa gainditzen du eskualdekoak: %62,70ekoa da aipatutako herrialdeetakoa. Murueta izan da parte hartze tasarik mardulena eduki duen udalerria (%86,47koa); jarraian kokatu dira, hurrenez hurren, Nabarniz (%81,13koa), Kortezubi (%80,91koa) eta Arratzu (%80,71). Parte hartzerik murritzena eduki duen herria, berriz, Bermeo izan da, %63,77koa izanik. Daturik txikienak eduki dituzte, bestalde, Elantxobek (%69,07koa), Gernika-Lumon (%68,60koa) eta Busturiak (%66,07koa).
27na eserleku. Emaitza orokorrei dagokienez, eta atzerriko botoen zenbaketaren faltan, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, eta 370.554 botogaz, eta EH Bildu izan da bigarren indarra, 341.735 botogaz. Biek 27na eserleku lortu dituzte; 2020an baino ia 92.155 boto gehiago eta 6 eserleku gehiago lortu ditu EH Bilduk eta EAJk lau eserleku galdu ditu.
Araban eta Gipuzkoan EH Bildu izan da lehenengo indarra, eta EAJk sendo eutsi dio Bizkaian. 153 udalerritan EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, 95 udalerrietan EAJ eta PP izan da bozkatuena Guardian. EAJk 11 eserleku lortu ditu Bizkaian, 9 Gipuzkoan 7 Araban; EH Bilduk 11 Gipuzkoan eta 8na Bizkaian eta Araban.
PSE-EEk 12 dauzka (149.660 boto), launa lortu ditu lurralde bakoitzean (2020an baino bi gehiago) eta PPk 7 (2020an baino bat gehiago), 97.149 botogaz. %62,49koa izan da parte hartzea (% 50,78 izan zen 2020an).
Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da; VOXek eta Sumarrek bana eserleku lortu dituzte, eta, beraz, azken hori Eusko Legebiltzarrean sartuko da lehenengoz, 35.092 botogaz. Biek ala biek Araban lortu dute eserlekua. VOXek orain dela lau urte baino 4.000 bat boto gehiago zenbatu ditu gaur, 21.396 boto.
EAJ izan da nagusi Bizkaian, 222.092 boto lortu baititu, duela lau urte baino 21.753 gehiago. EH Bilduk, berriz, 2020an baino 48.163 boto gehiago eskuratu ditu (160.782 guztira). PSE-EEk eta PPk ere goranzko joera eduki dute. Hori horrela, eserleku bat galdu du Bizkaian EAJk (11 ditu), eta EH Bilduk bi irabazi ditu, zortzi eserleku eskuratuz. Lau eserlekugaz PSE-EEk eserleku bat gehiago lortu du agintaldi berrirako, eta PP berdin gelditu da, bi eserlekugaz. Bizkaiko parte hartzea %63,41ekoa izan da.