Elikagai soberakinak berreskuratzeko Rexcatering proiektuagaz bat egin du Eleizalde Ikastolak
Eleizaldeko ikasleek jangelan sortutako soberakinak Areneko Kiroldegiaren kanpoaldean ipini duten salmenta automatikoko makina batean jarriko dituzte, behar duten herritarrek doan hartu ahal izateko. Proiektuaren helburua "zaborrik ez sortzea" da.
Bermeoko Eleizalde Ikastolak Rexcatering sareagaz bat egin du. Elikagaien soberakinak berreskuratzeko proiektua da Rexcatering, Zero Zabor Fundazioagaz eta Ausolan taldeagaz elkarlanean garatu dutena. Proiektu horregaz, Eleizalde Ikastola elikagai-hondakinen kontrako eta ekonomia zirkularreko proiektuetan aitzindari bilakatu da, eskualdean horrelako proiektu bat martxan jarri duen lehen hezkuntza zentroa baita. Gaur bertan hasita [apirilak 17], herritarren esku jarriko dituzte eskolako jangelan sortzen diren soberakinak, Areneko Kiroldegiaren kanpoaldean ipini duten Zero Zabor Hozkailua izeneko salmenta automatikoko makinaan.
Urko Goitia Eleizalde Ikastolako zuzendariak adierazi duenez, duela urte batzuk izan zuten Zero Zabor Fundazioaren berri, eta geroztik “lan piloa” egin dute, proiektua aurrera eraman ahal izateko. Ikastolan Rexcatering ezarrita, beraien “hezkuntza proiektua errealitate bihurtzen” ari direla azpimarratu du: “Proiektuak hiru helburu nagusi ditu: jasangarritasuna, ikasleek horrelako ekintzetan parte hartu ahal izatea, eta, hirugarrena, elkartasuna; guk soberan duguna behar duen beste batek erabili ahal izatea, inolako kosturik barik”.
Urko Goitia: “Esperientzia eta ikaskuntza aberasgarria izango da, zalantzarik gabe”
Rexcatering zerbitzua bai ikastolako komunitateari, bai Bermeoko herriari “ekarpen handia” egingo dion elkartasun proiektua dela nabarmendu du Goitiak. Proiektua ikasleekin batera eta horien parte hartze aktiboa sustatuz egitea onuragarria izango dela adierazi du: “Esperientzia eta ikaskuntza aberasgarria izango da, zalantzarik gabe”.
Era berean, argi utzi nahi izan du proiektuaren helburua ez dela soberakinak sortzea, zaborrik ez sortzea baizik, jangelatik zaborrontzira doan janaria aprobetxatzea, alegia. Helburu horregaz bat egin du Naroa Zendaia jantokiko Ausolan taldeko kudeatzaileak: “Helburua ez da zenbat eta soberakin gehiago hobeto, baizik eta kontrakoa. Horretarako, software baten bitartez egunean zenbat errazio sortzen diren kontrolatu ahal izango dugu, esaterako, arroza egiten dugunean hogei geratzen dira sobera. Datu horiek ezagututa, Aitor sukaldariari esan ahalko diogu egunero zenbat soberakin dauden, eta gutxiago kozinatuta guztientzako janaria egongo dela ziurtatu, soberakinak murriztuz”.
Naroa Zendaia: “Gure hezkuntza proiektuaren barruan beti euki ditugu elikagaien xahuketa ekiditeko ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak”
Ausolan taldea ezinbestekoa izan da proiektua Eleizalde Ikastolan ezartzeko, beraiek ezagutu baitzuten Rexcatering: “Gure hezkuntza proiektuaren barruan beti eduki ditugu elikagaien xahuketa ekiditeko ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak, baina beti izan dugu proiektu sendoago baten falta. Beste hezkuntza zentro batzuetan ere aritu direlako ezagutu genituen Zero Zabor Fundaziokoak eta, beraien proiektua aurkeztu zigutenean, lehenengo momentutik konbentzitu gintuzten eta horrela aurkeztu genuen proiektua ikastolan”.
Prozesua.
Ikastolako sukaldean hasten da Rexcateringen prozesua: bertan, sukaldariak arduratuko dira elikagaien manipulazioaz eta ikasleentzako bazkaria kozinatzeaz. Behin bazkalordua igarota, sukaldeko arduradunak arduratuko dira soberakinen kudeaketaz: “Soberakinak erabat konpostagarriak diren ontzi indibidualetan sartuko dituzte, eta termikoki zigilatu“. Hau da, ontzi horiek hozkailu berezi batean gordeko dituzte, “tenperatura jakin batean, ordu kopuru jakin batez”.
Prozesuagaz jarraitzea, ordea, ikasleen ardura izango da. Aurrez adostutako ikasle talde bat arduratu beharko da, egunero goizeko hamarrak inguruan, jantokira jaitsi eta janaria Zero Zabor Hozkailura eramateaz: “Jangelara jaistean aurreko eguneko zenbat ontzi dauden eta barruan zer dagoen identifikatu beharko dute”. Datu horiek horretarako prestatutako aplikazio batean jarri beharko dituzte, eta horrela elikagaien etiketazio prozesua burutuko dute: “Etiketa bakoitzean ikusi ahal izango da eskainitako janaria zer den, nola manipulatu den, noiz sukaldatu den, alergenoak eta zein iraungitze data duen”. Behin azken urrats hori emanda, janaria prest egongo da behar duen edonork jasotzeko. Makinaren funtzionamendua bestelako salmenta automatikoko makina batena bezalakoa da: hau da, edozein herritarrek jaso nahi duen janariaren zenbakia sartu eta makinatik atera ahal izango du.
Zendaia: “Erabiltzen den material guztia konpostagarria da”
Ikastolaren helburua “ordu batzuetan sortutako soberakina hor ez egotea” bada ere, iraungitze data igaro eta ontziren batek oraindik hozkailuan jarraitzea gerta litekela aurreikusi dute. Kasu horretan, aplikazioak jakinaraziko die kendu egin behar dutela, eta aurreko eguneko elikagaiak hozkailura eraman dituzten ikasleen ardura izango da batu eta zaborrontzi organikora botatzea. “Erabiltzen den material guztia konpostagarria da, ontzia, estalkia, etiketaren tinta… Hozkailuan hartu eta zaborrontzi organikora doa zuzenean, dagoen bezala”, argi esan du Zendaiak.
Ikuspegi soziala.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh eta Gizarte Ongizate Saileko zinegotzia den Endika Etxebarria ere Eleizalde Ikastolara bertaratu dira, Rexcatering proiektuaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzera. Etxebarriak adierazi duenez, udaletik “oso pozik” hartu zuten ikastolaren ekimen hori, eta “erraztasun osoa” eman nahi izan diote. Izan ere, Ingurumen eta Gizarte Ongizate Sailetik bideratu nahi duten proiektu baten “hasiera bikaina” izan daitekeela uste dute, “urteetan zehar bultzatu eta geroz eta handiagoa egin ahal dena”. Aurreratu duenez, udaletik etorkizunerako aurreikusita duten proiektuak “elikagaien eta organikoaren birziklapenagaz” du zerikusia. Era berean, herritarrei makina “erantzukizunez” erabiltzeko eskaera egin die: “Ikuspegi soziala du makina horren erabilerak, ingurumen ikuspegiagaz batera, eta denon erantzukizuna da hori bezalako proiektuak zaintzea”.
Goitia zuzendariak ikasleen eta sukaldeko arduradunen parte hartzea eta inplikazioa, Bermeoko Udalaren prestutasuna eta Ausolan taldearen laguntza eskertu nahi izan ditu. Modu berean, Rexcatingen bultzatzaileei, Zero Zabor Fundazioari, ere eskerrak eman dizkio, “proiektua posible egiteagatik”.
,