EAJk 40 urtetan gauzatutako proiektu estrategikoak balioan jarri dituzte Bermeon
EAJko ordezkariek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ekitaldi politikoa egin dute Bermeon. 40 urtez alderditik gauzatutako proiektu estrategikoak eta arlo ezberdinetan egindako lana balioan jarri dituzte.
Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainaren barruan, Bermeon izan ziren atzo arratsaldean [apirilak 15] Itxaso Atutxa, Josu Erkoreka eta Aritz Abaroa EAJko ordezkariak. Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, alderdia urte luzez gaur egungo egoera lortzeko lanean aritu dela aldarrikatu zuen, aurrera egiteko lanean jarraituko dutela azpimarratuz.
“Ez gara zerotik hasten! Ez ezazue hori onartu! Hobetu behar dugula? Zelan ez. Gauza asko dagoela egiteko? Egongo ez da ba! Baina geuk egin behar dugu, eta norberak aukeratu dezala”, adierazi zuen Atutxak. Izan ere, 40 urtetan EAJk egindako lana balioan jarri gura izan zuen Bizkai Buru Batzarreko presidenteak: “40 urtetan egon da alderdiak burututa hainbat eta hainbat instituziotan jendea lanean, gaur daukagun egoera hau izateko”.
Aritz Abaroa bermeotarrak bakoitza nor den eta herriaren alde zer egin duen jakitearen garrantzia aldarrikatu zuen; horretarako, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren “etorkizunerako funtsezkoak” izan ziren proiektuak aurkeztu zituztenean, “gaur arduratuta agertzen diren beste batzuk non egon ziren” ikusteko, herritarrei “atzera” begiratzeko eskatu zien: “Bilboko metroa? Ez. Bilboko Guggenheim? Ez. Euskalduna? Ez. Basque Culinary Center? Ez. Hezkuntza Legea? Ez”. Proiektu horien aurka agertu zirenak “ez direla aldatu” eta berdin jarraitzen dutela nabarmendu zuen Abaroak: “Gaztelugatxe? Ez. Busturialdea Bizkaiko ur partzuergoan sartzea? Ez. Guggenheim Urdaibai? Ez. Gernikako ospitalea erreferente bihurtzea? Ez”.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoak aurrera egin badute, “EAJren konpromisoari eta alderdiak markatu dituen proiektu estrategikoei bai esateagatik” izan dela argi esan zuen Abaroak.”Batzuk egon zein egon ez”, herritarrek beraien bizi kalitateari 7,5eko puntuazioa ematen diotela azpimarratu zuen bermeotarrak: “Giza garapenaren indizien punta-puntako herrien artean dago, batzuk egon zein ez egon”.
Josu Erkoreka bermeotarrak, bestalde, egiten dutena egiten dutela “denak kontra” dituztela salatu zuen: “Gauza berdina gertatzen zaigu kanpaina guztietan. Esaten duguna esaten dugula, egiten duguna egiten dugula, igotzen garela edo jaisten garela, beti dena txarto egiten dugu, beti jasotzen dugu kritika“.