Autismoaren Espektroko Nahasmenari buruzko jardunaldiaren balorazio positiboa egin du AmaTeak
TEAri buruzko Bermeoko II. jardunaldia antolatu zuen elkarteak zapatuan [apirilak 15], eta 50 pertsona inguru elkartu ziren Maria Bonales psikologoaren hitzaldian. Bermeoko Gurutze Gorriak jaso du aurtengo Konpromiso Saria.
Autismoaren Espektroko Nahasmenari buruzko Bermeoko II. jardunaldia antolatu zuen AmaTea Elkarteak, zapatuan [apirilak 13], Bermeon. Autismoaz Kontzientziatzeko Nazioarteko egunari (apirilak 2) jarraiki, iaz hasitako bideari jarraipena eman nahi izan diote elkartetik; oporrak bitarteko, antolatzeko eta ekitaldia zabaltzeko denbora gutxi izan badute ere, lortutakoagaz eta jendearen erantzunagaz “pozik” agertu dira AEN daukaten umeen zenbait gurasok osatutako laguntza eta babes taldekoak.
Maria Bonales psikologoa eta haurren neurogarapenean aditu denaren hitzaldiagaz hasi zuten eguna: “Eskaintzen dugun hitzaldi bakoitzak arlo ezberdinak jorratzera bilatzen dugu. Mariak honelako ezaugarriak dituen ume baten garunak nola funtzionatzen duen azaldu zigun, eta gurasoek hobeto ulertzeko oso lagungarria izan da”.
Zapatuan 50 bat pertsona gerturatu ziren jardunaldira, eta asko iaz ere egon baziren ere, bada AmaTearekin lehen kontaktua zapatuan izan zuenik ere. Elkartetik adierazi dutenez, Bonalesen hitzaldia amaituta zenbait pertsona antolatzaileengana hurbildu ziren bai laguntza eske bai hurrengo ekitaldietarako laguntza eskaintzera: “Diagnostikoa jaso berri zuten guraso batzuk etorri ziren, gurekin hitz egin nahi zutela eta laguntza eskaini ahal bagenien galdetzera. Azkenean hori da guk egiten duguna: gurasoen artean lagundu eta elkarri beharrezko informazioa eman”.
Jardunaldien bigarren aldia bukatuta, datorren urtera begira daude jada AmaTea elkarteko kideak. Elkartearen helburuetako bat Autismoaren Espektroko Nahasmenari buruzko informazioa Bermeon zentralizatzea da: “Ekitaldiak eta formakuntzak herrian egitea gura dugu, hezkuntza zentroak zein familiak ikasi eta hezi egin behar garelako”. Horrez gain AENren ikusgarritasunaren alde, eta herritarren artean sentsibilizazioa zabaltzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute, jardunaldiez gain bestelako formakuntzak ere eskainiz.
Konpromiso Saria.
AmaTearen proiektua babestu duten pertsona eta taldeei errekonozimendua eta eskerrak emateko helburuagaz sortu zuten iaz Konpromiso Saria. Lehenengo sarituak Eleizalde Ikastolak eta Vanesa Corral psikologoa izan ziren, “proposatu zaien guztiari baietz esan diotelako beti”. Zentroaren baitan psikologo zerbitzua dute ikasle guztiek eta baita behar duten familiek ere; hurrengo pausoa logopedia zerbitzua jartzea izango dela iragarri dute. Zerbitzua familiek ordaintzen badute ere, ikasgela bat erabiltzeko aukera izatea pauso handia dela adierazi dute: “Helburua umeak eta familiak hainbeste bidaiatu behar ez izatea da; zerbitzuak Bermeora etortzea eta herriko profesionalak elkartzea. Eskualdea dinamizatu nahi dugu, ez dezagun denetako guztiok Bilbora joan beharra izatea”.
TEAri buruzko Bermeoko II. jardunaldian, berriz, Bermeoko Gurutze Gorriak jaso zuen konpromiso saria: uneoro eskainitako laguntza eta prestutasuna eta Gurutze Gorriaren 150. urteurrenean elkarlanean aritzeko aukera eskertu nahi izan zituzten, besteak beste.