Palestinako herritarrek eta Bakearen Artisauak taldeak piztuko dituzte sirenak
Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren egitarau zabala aurkeztu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 16tik maiatzaren 6ra bitartean askotariko ekintzak hartuko ditu udalerriak.
Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrena izango da aurtengoa, eta gertaera hori gogoan izateko egitarau zabala antolatu du, beste urte batez, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 16tik maiatzaren 6ra bitartean askotariko ekitaldiak izango dira udalerrian.
Egitarauaren aurkezpen agerraldian apirilaren 26a “egun seinalatua” dela gogoratu du Maitane Azurmendi Lobakeko kideak. Horregaz batera, Gernikatik memoria egiten jarraituko dutela adierazi du. Irakurketagaz jarraituz, Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kideak memoria “denok egunero egiten dugun zerbait” dela azpimarratu du: “Nondik gatozen adierazten digu bai, baina zer garen ere esaten digu. Ez dugu memoria egin egun hauetan guztietan 40 urte eta gero futbol txapelketa baten lorpenen harira? Ez dute oroitu hainbat belaunaldi berrik orain egun gutxi arte, bizi ez zuten gertaera?”.
Memoria “mundua begiratzeko modu bat” dela aldarrikatu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataforma osatzen duten elkarteek, Gernikatik eraikitzen duten memoria “elkartasunean” oinarritzen dela nabarmentzeagaz batera: “Justizian, ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi, eta aldi guztietan”. Ildo horretatik, beti Palestinako herriagaz egon direla eta egongo direla gogoratu dute, Gernikaren eta Palestinaren arteko lotura eginez: “Bere aurkako genozidio saiakera–gure aurka saiatu ziren bezala– beti gogoratuko dugu, historiaren lekurik ilunenenera eraman dezan Israelgo estatua”.
Egitarau zabala.
Beste urte batzuetako zenbait ekintza mantentzearen alde egin badute ere, hinbat berrikuntzagaz dator aurkeztu duten egitaraua; esaterako, Ibarrekolanda BHIko ikasleen Sarri min ematen du akordatzeak antzerkiagaz emango diote hasiera egitarauari. Joseba Sarrionandiaren unibertsoan murgildu dira batxilergo artistikoko ikasleak, eta sormen lan “ikusgarria” landu dute. Apirilaren 16an [martitzena] Lizeo Antzokian ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrera, eta Iurretako poeta bera ere izango da gazteen artean.
Apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenaren egunean bertan, sirena-hotsa entzungo dute herritarrek 4 minutu ekimenaren bitartez. Sirena piztearen ardura bi talderen esku egongo da: Pasealekuko sirena (Gernika Batzordearena) pizteaz Bakearen Artisauak taldea arduratuko da. Astrako sirena (Lobakena), berriz, Palestinako herritarrek piztuko dute. Egun berean, 21:00etan, Gernika Garretan kale antzerkia egongo da ikusgai Foru plazan. Leku beretik abiatuko da Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenari bukaera emango dion ekintza: kandelak eskuan, ibilbidea egingo dute udalerritik.
Gernika Memoriaren lekukotik bestelako ekintzak ere deitu dituzte maiatzaren 6a artean, Palestinarekin Elkartasun Eguna eta Prentsa Askatasunaren Nazioarteko eguna, esaterako. Azken horretan, maiatzaren 3an, Pablo Gonzalez Pavel berehala aske uztea eskatuko dute.
Apirilak 16, martitzena.
19:00. Sarri min ematen du akordatzeak antzerkia, Lizeo Antzokian.
Apirilak 23, martitzena.
20:00. Discp Boy pelikula, Lizeo Antzokian.
Apirilak 26, barikua.
15:45. 4 minutu ekimena, Merkurion.
20:00. Azken Barikua, Pasealekuko eskaileretan.
21:00. Gernika Garretan kale antzerkia, Foru Plazan.
21:30. Ibilbidea kandelekin, Foru Plazan hasita.
Apirilak 27, zapatua.
Palestinarekin elkartasun eguna.
Apirilak 28, domeka.
10:00. Larrabetzu burdinazko gerrikoan barrena ibilbidea, Gernika-Lleida Senidetza-Agernament Memoria ibilbidea, Larrabetzun.
18:00. Manttalingo alaba olerki omenaldi musikatua, Astran.
Maiatzak 3, barikua.
19:30. Prentsa Askatasunaren Nazioarteko egunean, Pablo Gonzalez Askatu! elkarretaratzea, Merkurion.
Maiatzak 6, astelehena.
19:00. Lore eskaintza, Nestor Basterretxearen eskultura ondoan.