800 txirrindulari baino gehiagok parte hartuko dute Oiz Erronkan
Ekainaren 15an egingo den Oiz Erronka - Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista aurkeztu du Aixerrotape Txirrindularitza Elkarteak. Antolatzaileek emakumeen izen emate kopurua nabarmendu dute: iaz baino %47 gehiago dira aurten.
Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren XIV. aldia aurkeztu zuen Aixerrotape Txirrindularitza Elkarteak, atzo iluntzean [apirilak 12] . Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista legez ere ezaguna den martxa zikloturista ekainaren 15ean izango da, eta 800 txirrindularitik gora batuko ditu. Agustin Mateos elkarteko presidenteak Urdaibain egingo den probarako prestatu diren hiru ibilbideak aurkeztu zituen.
Txirrindularitza pasio duen talde handia batu zen aurkezpenean, besteak beste, Beñat Intxausti, Ziortza Villa, Pedro Horrillo, Bingen Fernandez, Gorka Gerrikagoitia eta Arsenio Gonzalez. Ekitaldi horretan, urtero bezala, Aixerrotapek txirrindularitzaren munduko pertsonaia ezagun bati omenaldia egiteko aprobetxeatu zuen. Aurtengo edizioan David Seco busturiarra omentzea erabaki dute, “txirrindulari profesional gisa egindako ibilbide luzeagatik eta Urdaibaiko bizikleta-kulturari egindako ekarpenagatik”.
Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista “ezinbesteko data” bihurtu da euskal egutegi zikloturistan. Izan ere, esan bezala, kronometratu gabeko probak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Espainiako zein beste herrialde batzuetako 800 zikloturismo zaletik gora bilduko dituela aurreratu zuten atzoko agerraldian.
Gainera, aurtengo proban emakuzmekoen izen ematea “nabarmentzekoa” dela esan zuten: iazko probagaz alderatuta, %47 egin dute gora emakumeen izen emateak, parte hartzaile guztien %20a izanik.
Aurreko urteetan egin bezala, hiru ibilbide prestatu dituzte probarako: Iraupen Martxa, Iraupen Erdiko Martxa eta Iraupen Luzeko Martxa. Laburrena “Urdaibaiko eremua erraztasunez esploratu” nahi duten horientzat aproposena dela zehaztu zuen Mateosek. Iraupen Erdiko Martxa, berriz, parte hartzaile gehien biltzen dituen ibilbidea da: Urdaibaiko bi bazterrak zeharkatzen ditu eta Uribe Kosta eta Lea-Artibai eskualdeetara iristen da. Azkenik, Iraupen Luzeko Martxa ibilbide gogorrena da: “Norberaren burua neurtzeko eta muga pertsonalak gainditzeko proba da”. Ibilbide horrek Iraupen Erdiko ibilbidea konbinatzen du, Ondarroaraino iritsiz eta Oiz mendiaren gailurrera igoz.
Oiz Hiria.
Iaz hasitako bideari jarraipena emateko asmoz, aurten ere Oiz Hiria izeneko aisialdirako gunea gaituko dela iragarri zuten. Azoka formatua izango du, eta bertan, parte hartzaileek dortsalak jasotzeaz gain, txirrindulariek zein gerturatzen diren herritarrek txirrindularitzarekin lotutako enpresak ezagutu eta Urdaibaiko Esentziekin gozatzeko aukera izango dute.
Erreferentziazko helmuga.
Urdaibaiko Estrategia Zikloturistan emandako eta emango diren urratsen berri eman zuen Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko kudeatzaileak. 2023an zehar egindako ekintzak gogoratzeaz gain, Urdaibai Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Espainiar Estatuko “erreferentziazko zikloturismo helmuga gisa finkantzeko” etorkizunerako estrategia ere azaldu zuen: “Estrategia honi esker, pedal kolpez deskubritu ahal izango dira gune berezi honetako historia eta paisaiak, modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuta”.
Urremendik Urdaibaiko zikloturisimoa espezializatzeko lanean jarraituko duela adierazi zuen Ansotegik, sektore horrek lurraldearen eta bere enpresa sarearen garapen ekonomikoari laguntzeko “beharrezkoak” diren baldintzak betetzen baititu: “Ingurumena errespetatzen duten turismo eredu jasangarriak bultzatzen ditu eta bizikleta sustatzen du, bizilagunen eta bisitarien garraiobide gisa”.