Letrak eta artea, edonondik ere
Markos Gimenok euskaraz idatzitako palindromoen bilduma apirilaren 28ra arte dgoa ikusgai Euskal Herria Museoan. Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok zuzendu dute erakusketa.
Arteletra. Letra zein zenbaki, ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera. Nork ez du kapikua! ohikatu aurreko autoaren matrikula ikustean? Zenbakiekin errazago antzeman ohi diren arren, badago hitzetan ikusi eta arteletra sortzeko gaitasuna duenik ere; ezker-eskuin eta eskuin-ezker ikusita hitz bera irakurtzen dela begirada sinple batez ikusten dutenak. Are gehiago, alderantziz irakurrita esaldi ezberdinak, baina hizkuntza berean zentzudunak direnak hautemateko gaitasuna duenik ere bada. Arteletra munduan maisu zen Markos Gimeno Vesga.
Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Hitz horiekin hasi zuen Joseba Sarrionaindiak Markos Gimenoren Karteletrak erakusketaren aurkezpena. Sorkuntzari lotutako bizitza izan zuen Gimenok, eta bere ingurukoei pentsarazteko zuen dohainaren erakusle dira Markos Gimenoren Kartelertak erakusketa osatzen duten euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartelak. Karteletrak apirilaren 28ra arte daude ikusgai Gernika Lumoko Euskal Herria Museoan.
Palindromo bifronteak sortzeko trebezia zuen Gimenok, erakusketako karteletan argi geratu bezala: alderantziz irakurrita esanahi berria duten hitzak aurkitzen zituen, hala larutan, nola natural. Gimenok utzitako lana «ikaragarria» dela aitortu du Sarrionandiak, orotara 3.000 palindromotik gora sortu eta bildu baitzituen.
Gimenoren espiritu sortzailea hiztun guztiengana hurbiltzea da erakusketaren helburua: haren lana elkarrizketagai bihurtzea. Sarrionandiaren esanetan, «umorearen eta kritikaren ikuspegitik aurreiritziak kuestionatzeko testuak sortzea» zuen jomuga ermuarrak. Artista polifazetiko eta moldakorra izan zen Gimeno. Bipolaritatea zuen, eta, Sarrionandiaren hitzetan, bere lanean euskaldunak ondo ordezkatzen ditu.
Idazle iurretarraren arabera, «euskadunak normalitate batean bageunde bezala bizi gara, baina bi kultura eta hizkuntzatan bizitzeak, euskaldunak eskizofrenia egoeran jartzen ditu soziolinguistikoki».
Erakusketan ikusgai dauden karteletako batzuk Gimenok berak diseinatu zituen, baina Sarrionandiaren esku-hartzea ezinbestekoa izan da Euskal Herriko 30 artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen laguntzeko. Gainera, Euskal Herria Museora gerturatzen diren bisitariek egile ezberdinen jatorrizko lanak ere aurkituko dituzte bertan, hala collageak, nola tintazko marrazkiak.
Gimenoren lagun Esther Astarloa zeramistak palindromoetan oinarritutako piezak egin ditu, eta horiek ere ikusgai daude erakusketan. Gimenoren familiaren ekarpena ere esanguratsua izan da erakusketa osatzeko, bere lan eta objektu pertsonalak utzi baitituzte.
101 letrakartel.
Erakusketari lotutako liburua ere argitaratu du Sarrionandiak: Markos Gimenoren 101 letrakartel. Horretan, Gimenoren eta bestelako «egile erreal eta fiktizioen» idazkien bidez glosatutako 100 iruditik gora bildu ditu iurretarrak.
Azaroaren 27an inauguratu zuten erakusketa, eta horri lotutako hainbat jarduera eskaini dituzte Euskal Herria Museoan. Hala, hitzordu berezienetakoa da apirilaren 19rako antolatu du ten Mursegoren kontzertua. Maite Arroitajauregik palindromoetan oinarritutako piezak konposatu ditu, eta biolontxeloa lagun, bere ahotsak soinua jarriko dio Gimenoren arteari. Arteletrari.