Lehen sektore "indartsuagoa eta erresilienteagoa" aldarrikatu du EH Bilduk
Bermeoko Kofradian izan dira gaur [apirilak 12 ]Ima Garrastatxu eta Iker Casanova EH Bilduren zerrendakideak. Arrantzaren eta oro har, lehen sektorearen egoeragaz "kezkatuta" daudela aitortu dute.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan bete-betean murgilduta, gaur goizean [apirilak 12] Bermeoko Kofradian izan dira EH Bilduren zerrendakideak diren Ima Garrastatxu eta Iker Casanova, Nadia Nemeh Bermeoko alkateagaz, Idurre Bideguren senatariagaz eta Izaskun Duque batzarkideagaz batera. Agerraldian arrantza eta lehen sektorea izan dituzte hizpide.
Arrantza eta kontserbaren industria “Bermeoren DNAn” dagoela nabarmendu dute zerrendakideek, urte luzez “gure kostaldeko herriak bizi mantentzen dituen industria” izan dela eta oraindik ere badela gogoratzeagaz batera. Arrantzaren sektoreak Bermeon duen garrantziaz gain, Busturialdearentzako eta Euskal Herriarentzako duen garrantzia ere azpimararatu dute.
Garrastatxu: “Eskubide hori aitortzen ez zitzaion sektoreko kolektibo bakarra da”
Lehen sektoreak bizi dituen zailtasunei ere egin die erreferentzia, inbertsioen beharra aldarrikatuz: “Inbertsio publikoa eta konpromiso politikoak beharrezkoak dira sektore oso baten etorkizuna bermatzeko”. Hala, EH Bilduk arrantzaren sektorearen defentsan egindako “lan garrantzitsua” nabarmendu dute: “Aurreko urtean gure senatari Idurre Bidegurenek akordio historikoa lortu zuen: itsasoko emakumeek, saregileek, neskatilek eta paketatzaileek erretiroa hartzeko adina lau urte aurreratu ahal izatea”. Adierazi dutenez, neurri horregaz sektore horretako emakumezko langileen “diskriminazio argi batekin” amaituko da: “Eskubide hori aitortzen ez zitzaion sektoreko kolektibo bakarra da”.
Casanova: “Erregenerazio sozioekonomikoarentzako oinarrietariko bat izateko potentziala dauka lehenengo sektoreak”
Euskal Herriko arrantzaren “errentagarritasuna eta jasangarritasuna posible egiteko neurriak” proposatu dituztela gogoratu dute abertzaleek. Horrez gain, koalizio abertzalearen ekimenez hirugarren herrialdeetatik inportatutako arrantza- produktuen “trazabilitatea eta kontrolak hobetzeko neurriak ezartzeko Ministeritzaren konpromisoa” lortu dutela nabarmendu dute Garrastatxu eta Casanovak.
“Erregenerazio sozioekonomikoarentzako oinarrietariko bat izateko potentziala dauka lehenengo sektoreak”, adierazi du Casanovak. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak “esan bakarrik ez, eta neurri zehatzak martxan jartzeko” garaia dela azpimarratu du zerrendakideak.
Arrantza sektoretik haratago, EH Bildu lehen sektorearen egoerarekin “kezkatuta” dagoela, eta erakunde ezberdinetan proposamenak egiten ari direla aitortu dute: “Gure lehen sektoreak arazo larriak eta egiturazkoak ditu, eta logikoa da bere frustrazio eta haserre handiak mobilizazioak eragitea”.
Casanova: “Erregenerazio sozioekonomikoarentzako oinarrietariko bat izateko potentziala dauka lehenengo sektoreak”
Nekazaritza ere gogoan izan dute agerraldian, eta, adierazi dutenez, sektore horren konponbideak ezin dira arazo ekologikoekin “bateraezinak” izan: “EH Bildutik helburu klimatiko eta ekologikoekin bateragarria den eredu agroekologikoa eraiki behar dugu, elikadura-subiranotasunerako bidean, trantsizio horren kostuak konpentsatuz eta elikagai osasuntsuen eta hurbilekoen ekoizpena bermatuz, bidezko prezioetan egindako erosketa publikoaren bidez, baserritik mahaira estrategia gauzatzeko baliabideak erraztuz eta Elikadura Katearen Legea benetan bermatuz”.
Euskal Herriko lehen sektorea “indartsuagoa eta erresilienteagoa” izatea lortu behar dela aldarrikatu dute abertzaleek, egun diru-laguntzekiko “menpekotasuna murriztuz”.