Bermeoko Udalak Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratzea eskatuko du
Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren idatziak proiektua bideragarri egiteko abiarazitako lege aldaketak bertan behera uztea eskatzen du. Guzan eta EH Bilduk aurkeztu eta onartu dute udal-mozioa; EAJk, berriz, kontra bozkatu du.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Urdaibaiko Guggenheimaren kontra idatzitako oharra mozio legez aurkeztu zuten Bermeo Guzanek eta EH Bilduk, aurreko asteko osoko bilkuran. Mozioak proiektua “behin betiko alboratzea” eta, partaidetza publikoa bultzatuz eskualderako “plan sozioekonomiko serioa” egiteko konpromisoa hartzea eskatzen zion udalari. Guzan eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta EAJk kontra bozkatu zuen.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak irakurritako eta onartutako testuak jasotzen zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lehentasuna dela “nukleoetan natur ingurunea babestea“.
Era berean, Urdaibai “mehatxupean” dagoela azpimarratu zuten, Guggenheim museoa eskualdera hedatzeak eskualdearen erronka eta premiei “bizkarra” ematen dielako, ingurumenaren babesa “bigarren mailan” utzita. Indarrean dauden legeekin hori “erabat onartezina” dela azpimarratu zuten. Urdaibaiko “osotasun ekologikoari” eragingo diola argudiatu zuten, “esentzia” arriskuan jarri eta bertan bizi direnei “kalte handiak” ekarriko dizkiela esanez.
Halaber, eskualdearen “benetako beharrizanei” erantzuna ematearen garrantzia adierazi zuten, marko legala errespetatuz eta pertsonak erdigunean jarriz. Gizarte demokratiko batean eskualdearen diagnostikoa “denon artean” egitea aldarrikatu zuten, “herritarrak eta ingurunea lehenetsiz eta eredu inposatzaileetatik urrunduz”.
Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stopeko ordezkariak defendatu zuen mozioa: “Errestaurazioa, leheneratzea eta kontserbazioa ezin dira proiektu bati lotuta egon. Bada garaia alderdikeriak utzi eta eskualdearen etorkizunari begiratzeko”. Horrez gain, legeen aldaketak guztien onurarako izan behar direla aldarrikatu zuen, eta ez “proiektu pribatu bati bidea egiteko”.
Eskualdea biziberrituko duen proiektua.
Bermeoko EAJk, berriz, Urdaibaiko Guggenheim proiektua defendatu zuen. Jeltzaleen esanetan, eskualdea biziberrituko du, bizi-kalitatea hobetuz eta herritarrentzako “garapenerako aukerak” bultzatuz.
Jeltzaleek proiektuak “baldintza bereziak” dituela onartu zuten, baina prozedura “berme osoz” egingo dela ziurtatu ere bai. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta inguruko eragile sozioekonomikoek egindako lana azpimarratu zuten.
Mozioaren argudioei erantzunez, proiektuak “industriako lurrak berreskuratzeko” eta artea eta kultura uztartuko dituen “naturgune” bihurtzeko aukera emango duela ere nabarmendu zuten. “Industriako erabilera duten lursailetatik ekipamendu-lursailetara pasatzea ahalbideratuko du”. Kostaldeko lerroaren aldaketa ere aipatu zuten: “Sarritan aipatu da, baina ez da zuzena: ez da aldaketa bat, Muruetako Ontziolaren ondoan 150 metrotan eragina duen zuzenketa bat da. 100 metroko jabari publikotik 20 metrokora igaroko da”.
Kontrako botoa azaltzean, turismo masiboari egin zioten erreferentzia, museoetan bisitari kopuru “mugatua” aurreikusten dela esanez: “Urtean 150.000 pertsona gehienez, eta gehienak ekaina eta iraila artean”. Gainera, Muruetara iristeko modua ere aipatu zuten: “Bisitariak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan helduko dira”. Izan ere, ez da ibilgailu pribatuetan heltzeko aukerarik egongo.
Hitzaldia amaitzeko, EAJk erakundeen arteko plan sozioekonomikoaren balioa nabarmendu zuen: “Horri esker Busturialdea-Urdaibairen erronkak eta beharrak identifikatuko dira, eta, horrela, biztanleen bizi kalitatea hobetuko duten ekimenak eta proiektuak definituko dira”.