Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiagaz bat egin du Bermeoko Udalak
EH Bildu eta Guzanek aurkeztutako eta onartutako mozioak Israelekiko boikot ekonomikoa aurreikusten du. Udalak israeldar jatorria duen ekitaldirik ez hartzeko konpromisoa hartu du. EAJk kontrako botoa eman du.
Bermeoko EH Bilduk eta Guzanek Gernika Palestina Deialdi Herritarraren testua mozio legez aurkeztu zuen osoko bilkuran. Mozioak, besteak beste, Israel Palestinan egiten ari den “ekintza militarrak arbuiatzea” eta Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiagaz bat egitea eskatzen zion udalari. Guzanen eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa, gehiengo osoz, eta EAJk kontra bozkatu zuen.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak irakurri zuen testuak urriaren 7az geroztik “Israelek 27.000 palestinar baino gehiago hil” dituela gogoratu zuen. Horrez gain, mozioak adierazi zuen Israelek 2019az geroztik munduan izandako gatazketan guztira hildako haurren kopurua gainditu duela Gazako zerrendan.
Era berean, Gernika Palestina dinamikak egindako eskaerak zerrendatu zituen: Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den ekintzak “irmotasun osoz” arbuiatzea; erasoak “berehala” etetea eskatzea, palestinarrei “erabateko elkartasuna” adieraztea; Europar Batasunari beharrezko “laguntza finantzarioa eta humanitarioa” eskaintzea eskatzea; Europako Batasunari, espainiar estatuari eta Eusko Jaurlaritzari “ahalik eta azkarren” antolatzeko exijitu diete, errefuxiatuak “ahalik eta baldintzarik onenetan” hartzeko.
Horrez gain, Bermeoko Udalak Israeli nazioarteko legedia errespetatzeko eskatzea exijitzen zuen mozioak, armak baztertzeko eta “bide diplomatikoetara itzultzeko”. Udalak Europar Batasunari deseskalatzea bultzatzeko “ahalegin handiagoa” egin dezala exijitzea ere jasotzen zuen mozioak, baita Bermeoko Udalak Larrialdi Humanitariorako dirulaguntza onartzea, eta Israelgo jatorria duen kirol, kultur edota bestelako izaera duen ekitaldirik ez antolatzea ere.
Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiagaz bat egitearen alde, eta Europar Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko eragileei Israeli laguntza humanitarioari sarbidea emateko mugak “berehala” zabaltzeko exijitzea ere jasotzen zuen mozioak. Halaber, Palestinako bandera balkoi nagusian jartzeko konpromisoa hartzeko eta Bermeoko Gernika-Palestina herri ekimenak antolatutako ekintzekin bat egiteko exijitzen zuen mozioak.
Hori esanda, Israel egiten ari dena “ telebistaz emandako genozidioa” dela adierazi zuen Nemehk: “Gaur egun inork ezin du esan ez dakiela Palestinan zer gertatzen ari den, eta Gazan konkretuki”. Horrez gain, “injustiziarekiko enpatia apur bat dutenek” nazioarteko komunitateari jarduteko eskatu diotela gehitu zuen, azken honek “alde batera” begiratzen duela nabarmenduz. “Garai da erakundeek eta biztanleria zibilak euren eskuetan dauzkaten neurriak hartzeko, eta neurririk garrantzitsuena boikota da”. Bermeoko Udalak aurrerapauso bat eman eta boikotarekin bat egin behar duela azpimarratu zuen: “Hitzetatik ekintzetara pasatu behar gara”.
Beraz, behin mozioa onartuta, udalak “boikot instituzionala” egingo dio Estatu Israeldarrari. “Desinbertsio kanpaina guztiekin bat egingo dugu eta ez dugu harremanik izango genozidio horren konplize diren enpresa eta multinazionalekin”. EH Bildu eta Guzan ez direla “injustizia” horren konplize izango azpimarratu zuen Nemehk.
Boikotaren kontra.
Israelen jokabidea “neurrigabea” izaten ari dela onartu zuen Bermeoko EAJk. Era berean, “Hamas talde terroristak” israeldar zibilak bahitu eta hil izana “gaitzetsi” behar dela ere azpimarratu zuten, erail zuten pertsona bat euskalduna izan zela gogoratuz. Mozioaren testuan horri erreferentziarik ez egiteagaz desados agertu ziren jeltzaleak.
Bestalde, Palestinatik alde egitea lortzen duten errefuxiatuak “bide diplomatikoen bidez” irteten direla, eta, nazionalitate bikoitza duten errefuxiatu batzuk Torrejonera iritsi direla gogoratu zuten. Azpimarratu zutenez, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari errefuxiatuak hartzeko eskatu dionean, “Jaurlaritza prest” agertu dela gogoratu zuten: “Lehenengo minututik krisi mahai bat sortu zuen, eta erantzunak ematen joan dira, esaterako, laguntza ekonomikoa bideratzeko unean”. Jaurlaritzak Gazako palestinarrei laguntzeko 750.000 euroko “beste diru sail bat” bideratuko duela nabarmendu zuten jeltzaleek. “Harrerari eta diru laguntzei dagokioenez, uste dugu goi mailako administrazioek badituztela bideak eta tresnak, eta erabiltzen ari direla”.
Boikotari dagokionez, EAJren ustez, “ezin da Israelgo biztanleria zibila kondenatu, bere gobernuaren jardunbide txarragatik”. Adierazi zutenez, ez dute uste boikota “egokia” denik, “biktimizazio bikoitza” ekarriko lukelako: “Gobernuen, talde terroristen eta herrritarren ekintzak bereizteko gai izan behar gara”.
Mozioaren alde botoa emateko lehen baldintza legez, EAJk urriaren 7an Hamasen “eraso indiskiminatua” aipatzea eskatu zuen. Era berean, Israelgo Estatua Nazioarteko Zuzenbidea “sistematikoki urratzen” ari dela eta su etena eskatu behar dela nabarmendu zuten, beti ere, “nazioarteko komunitateak bultzatuta eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenei jarraituz”. Azkenik, “korridore humanitarioetara” jotzearen beharra azpimarratu zuten jeltzaleek: “Ezinbesteko ikusten dugu nazioarteko komunitatea, Nazio Batuak eta bereziki, Europar Batasuna nazioarteko konferentzia bat deitzera bultzatzea”. Konferentzia horren bitartez “bi estaturen konstituzioan” oinarritutako gatazka konpontzeko bideak aztertu eta eztabaidatuko lirateke. Ondorioz, EH Bildu eta Guzanek aurkeztutako testuarekin bat ez zetozenez, kontra bozkatu zuten.
Ekintzetatik hitzetara.
Nemehk Jaurlaritzak onartutako ditu laguntza “ondo” dagoela onartu zuen, nahikoa ez dela gehituz: “Horiek ez dira ekintzak, gauza gehiago behar ditugu. Zer da gehiago? Boikota”. Era berean, EAJk Donostian Palestinaren alde egindako manifestazio nazionalagaz bat egin zuela gogoratu zuen. Deialdi horretako manifestua ere aipatu zuen: “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela esan zen orduan. Gure esku dagoen neurri guztiak jarri behar direla genozidioa gelditzeko”. Hala, manifestazioarekin bat egitea, baina, ekintza bat aurkeztean ezetza ematea leporatu zien: “Etikoki alderdi humanista bazarete, Israelegaz harreman guztiak moztea eskatzea egokiena litzateke, Ukraniagaz egin bezala”.
Bere jatorri palestinarrari aipamena egin zion Nemehk herritarrak “hitz politak entzuteaz eta inork neurririk ez hartzeaz” nazkatuta daudela esateko: “Hau ez da urrian hasi, hau gure antzinako borroka bat da”. Bermeoko Udalak Palestinako herria defendatu eta Israelgo Estatua auzitegietara emanago duen “edozein neurri” babestu behar duela azpimarratu zuen.