LGTBI+ udal diagnostikoa jarri dute martxan, Bermeon
LGTBI+ politiketan aditua den Hiruki Larroxa kooperatibagaz batera egingo dute diagnostikoa. LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutu gura dute, eta, horretarako, banakako elkarrizketak eta galdetegiak prestatu dituzte. Urtea amaitu aurretik diagnostikoa eginda egotea aurreikusi dute.
Bermeoko Udalak LGTBI+ udal diagnostikoa egingo du, Hiruki Larroxagaz lankidetzan. Bermeo matxismorik eta LGTBI+ fobiarik gabeko esparru “askatzailea eta bizigarria” izatea nahi dute, eta, horretarako, LGTBI+ politiketan, politika publikoetan eta teoria feministetan aditu den kooperatibagaz elkarlanean arituko dira. Urtea bukatu aurretik diagnostikoa amaituta egotea espero dute.
Diagnostikoaren helburu nagusia Bermeoko LGTBI+ kolektiboaren egoera ezagutzea da, Vanessa Juez berdintasun teknikariak azaldu duenez: “Askotan gertatzen da sexilioa: LGTBI+ kolektibokoek herri txikietatik alde egiten dutela herri handiagoetara edo hirietara”. Udalak alde egite horren zergatia ezagutu nahi du, irtenbideak eskaini ahal izateko: “Jakin gura dugu, zer den herri handi edo hiri horietan aurkitzen dutena, horietan askatasunez bizi ahal izateko”. Era berean, helburu nagusia ez bada ere, diagnostikoa baliatuz, udalerrian LGTBI+ pertsonen mugimendua “sortu eta saretzea” ere bilatzen dute.
Bermeo udalerri bizigarria izateko helburuagaz, LGTBI+ herritarren bizipenak eta errealitate horien inguruan herrian zein eskualdean dagoen “ezagutza eta sentsibilizazioa” izango ditu oinarri udal diagnostikoak. Horretarako, bide ezberdinak uztartuko dituzte: alde batetik, banakako elkarrizketa sakonak egingo dituzte; bestetik, bai LGTBI+ kolektiboko pertsonekin, bai udaleko ordezkariekin eta herriko eragileekin talde eztabaidak antolatuko dituzte; azkenik, herritar guztiei zuzenduteko galdetegia zabalduko dute herritarren “aurreiritziak, ezagutzak, jarrerak eta jokabideak biltzeko”.
Aurreratu bezala, udalak identifikatuta dauzka kolektibo horren parte diren zenbait pertsona, eta horiekin egingo dituzte elkarrizketak. Garazi Beramendi eta Joseba Gabilondo Hiruki Larroxako ordezkariek azaldu dutenez, elkarrizketak “anonimoak, konfidentzialak eta beharrezkoak” dira, eguneroko bizitzan eta esparru ezberdinetan bizi dituzten egoerak ezagutzeko, eta “Bermeon komunitate horrek zer errealitate bizi duen ezagutzeko”.
Galdetegia bete gura dutenek, herriko toki estrategikoetan zein udalaren eraikinetan egongo diren kartelen bitartez egin ahal dute, QR kodea eskaneatuz. Hala ere, nahi duenak eskuz betetzeko aukera ere izango duela iragarri dute. Zenbat eta herritar gehiagok galdetegia erantzun, “orduan eta aberatsagoa” izango da emaitza, horregatik, udaletik herrritar guztiak animatu dituzte parte hartzera: “Galdetegiak betetzeak ez du denbora askorik eskatzen”.
Behin elkarrizketetatik, talde eztabaidetatik eta galdetegietatik jasotako erantzunetatik ateratako ondorio eta proposamenak jasota, udala LGTBI+ udal politika publikoak diseinatzen hasiko dela azpimarratu dute.
Arantza Ormaza Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, argi dute “Bermeo denontzako herria” izan behar dela, eta horretarako lan egingo dute. Gogoratu du “asko” direla herritik alde egin dutenak herrian ez dutelako “euren lekua” aurkitu ez, edo herrian “ezin izan dutelako aske bizi“. Ormazak azpimarratu du horri “buelta eman” behar diotela, Bermeo “herri segurua, askea eta denena” izatea lortzeko bidean; horretarako, herritarren parte hartzea eskatu du: “Denon artean herri hobea lortuko dugulako”.
Berdintasun Sailak helbide elektroniko bat sortu du prozesuari buruzko galderak egiteko edota aurrerantzean kolektibokoek izan ditzaketen zalantzak argitzeko: LGTB@bermeo.eus.