Gure Kirolak Sustatzen programa aurkeztu du Sustabiz Fundazioak
Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Partehartzaileen programaren xehetasunak eman, eta lehen urtearen balantze "ezin hobea" egin du Sustabiz Fundazioak.
Sustabiz Fundazioaren Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Partehartzaileen programaren helburua da 6 eta 14 urte bitartekoentzat herri kirolakaz, euskal pilotagaz eta arraunagaz lotutako topaketa parte-hartzaileak antolatzea Busturialdeko hogei udalerrietan: «Programak barne hartzen du herri-kirolak egitea, parte-hartzaileen adinari egokitutako materialakaz eta araudiagaz, eta eskualdeko udalek, ikastetxeek eta familiek bat egingo dute bertan». Gainera, goi mailako herri kirolariak, arraunlariak zein pilotariak ere arituko direla iragarri dute.
Programa urtarrilaren 27an hasi zuten, Ajangizen, eta hurrengo hitzordua Bermeon izango da, apirilaren 3an eta 4an [eguaztena eta eguena]. Jardunaldien egutegia zehaztu barik dago, baina eskualdeko hemeretzi udalerrik parte hartuko dutela jakinarazi dute.
Programaz gain, Sustabiz Fundazioak lehen urteko balantze “ezin hobea” aurkeztu zuen atzo [martxoak 21]. Herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko fundazioa “aurreikuspenak betetzen” ari da, “ondo egindako lanaren gogobeteagaz eta proiektuak jasotako erantzun bikainagaz”.
Era berean, bigarren urteari begira aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dutela adierazi zuen Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendariak: “Gure kiroletan bezala, jasotze bat gehiago, asmatze bat gehiago…beti gainditu gura dugu geure burua eta hori da gure leitmotiv-a”. Herritarren laguntza sentitzen duela azpimarratu zuen, eta, horregatik, egiten duten lanak eta ahaleginak merezi dutela.
Busturialdeko udalekin egindako aliantzak ere azpimarratu zituzten. “Lau urteko hitzarmenak dira, Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen proiektuaren barruan, herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko”, adierazi zuen Jesus Manuel Madariaga Sustabiz Fundazioaren presidenteak. Eta eskainitako laguntza eskertu zien udalei, eragile publiko zein pribatuei. Hain zuzen ere, Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietakoa dira Sustabiz Fundazioagaz hitzarmena sinatu duten udalak.
Lehen urtean Sustabizek lortutako lorpenen artean Europara jauzi egitea nabarmendu zuten; izan ere, fundazioa AEJsST Kirol Tradizionalen Europako Elkartean sartu da. Elkarte horrek Europako hamazazpi herrialdetako deferazioak, fundazioak eta elkarteak biltzen ditu, eta Sustabizentzat pauso handia da: “AEJeSTko kide izatea harro egoteko modukoa da”. Izan ere, horrek sustapeneko, ikerketarako eta Erasmus+ proiektuak abian jartzeko aukera emango die, besteak beste. Gainera, Etxebarriak adierazi bezala, elkarteen arteko lankidetza horrek, “esperientzia, ikaskuntza-prozesua eta beste maila bateko harremanak” ekarriko dizkio Sustabizi.