Bermeoko Udalak Gazte Mahaia aurkeztu du
Bermeoko Udalak Gazte Mahaia prestatu du "herritarrekin hurbiltasuna" lortzeko asmoagaz, eta "bide berri bat sortzeko" herritarren parte hartzea eskatu dute. Bestalde, XSakarak Ilargiaren seme-alabak Fest jaialdia antolatu du, zapaturako [martxoak 23].
Bermeoko Udalaren Kirol, Gazteria, Kultura eta Turismo sailen bitartez sortutako programaren berri eman dute gaur [martxoak 19], Talan. Apirilaren 7ra bitartean, ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute bermeotarrek.
Maite Caruezo Gazteria Saileko zinegotziak adierazi duenez, Bermeoko Udalak “herritarrekiko hurbiltasuna bideratzeko asmoagaz”, Gazte Mahaia antolatu du. Hitzordua martxoaren 26rako [martizena] jarri dute, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan. Endika Etxebarria Kultura eta Gizarte Ongizateko zinegotzia, Arantza Ormaza Berdintasun Saileko zinegotzia eta Caruezo bera batuko dira gazteekin, horien zalantak, kexak, iradokizunak eta denetarikoak entzuteko eta lantzeko. Gazte Mahaia 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da. Caruezok herritarren parte hartzea eskatu du, “bide berri bat” hasi nahi dutelako.
Zapaturako [martxoak 23], berriz, XSakara rap abeslari bermeotarrak Ilargiaren Semea diskoa aurkezteko Ilargiaren seme-alabak Fest jaialdia antolatu du. Bermeoko Kafe Antzokian izango da, 21:00etatik aurrera. Ekintza kultural ezberdinez osatutako jaia izango da: hasteko, Nerea Sutxartegaz eztabaida kulturala egingo du. Jarraian, AnePe eta bere dantzariek diskoaren interpretazioa egingo dute, eta ostean, XSakarak kontzertua eskainiko du. Jaialdia goizaldera arte luzatzearen ardura DJGabanna eta Monetek hartuko dute. Sarrerak Kafe Antzokiko webgunean daude salgai 10 eurotan; leihatilan ere erosi ahal izango dira zapatuan, 12 eurotan.
Bestalde, Aberri Egunean [martxoaren 31], urtero legez, ekitaldi instituzionala egingo du Bermeoko Udalak, 12:00etan, Goiko Plazan. “Euskaldun guztiak batzea helburu duen” ekitaldi horretara parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Herri kirol txapelketa. Xabier Ortuzar Kirol Saileko zinegotziak azaldu duenez, herritarrei “oporraldi aktiboa” eskaintzea bilatu du udalak:. Gazteen artean, bereziki, “aisialdia aktiboa” sustatu gura dute. Nabarmendu du udala eta Sustabiz Fundazioak bat egin dutela, herri kirolak Bermeora hurbiltzeko: “Erakustaldiak egitea ondo dago, asko gustatzen zaizkigu, baina parte-hartze puntu bat sartu nahi izan diogu”. Horretarako, I. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia antolatu dute elkarlanean. Apirilaren 3an eta 4an egingo dituzte saioak: lehenengoa entrenamentu saioa izango da eta bigarrena txapelketa.
Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendariak azpimarratu bezala, ekimen hori fundazioaren “ideialen barruan” sartzen da, parte hartzearen aldeko apustua egiten duelako: “Herriko jendea tartean sartzea, gazteak herri kiroletan barneratzea bilatzen da”. Bi kategoriatan lehiatuko dute txapelketa: 15 eta 18 urte bitarteakoak alde batetik, eta 19 urtetik gorakoak, bestetik. Hiru pertsonaz osatutako taldeetan izena eman beharko dute, karteletan ipini duten QR kodearen bitartez. Taldeak emakumezkoak, gizonezkoak zein mistoak izan daitezkeela jakinarazi du.
Joseba Etxebarria (Sustabiz Fundazioa): “Herri kirolez gain, finalaurreko fasean arrauna ere egongo da”
Entrenamendu saioaren garrantzia nabarmendu du Etxebarriak: “Txapelketan landuko diren diziplinak, materialak eta pisuak ezagutuko dituzte”. Hain zuzen ere, diziplinak harri-jasotzea, trontza, txinga-erutea eta ingudea izango badira ere, txapelketak “fase ezberdinak” izango dituela iragarri du: “Herri kirolez gain, finalaurreko fasean arrauna ere egongo da”. Gainera, finalean zaku-eramatea ere sartuko dute. “Ezustekoak” egon daitezkeela adierazi du Sustabiz Fundazioko zuzendariak.
Herri Kirol Txapelketa Herrikoian parte hartzen dutenentzat sariak egongo dira, eta bertaratzen direnentzat “zozketak”. Txapelketan parte hartu nahi dutenei Gernika-Lumoko Sustabiz Herri Kirol Zentroan aurretik entrenamendu saioren bat egiteko aukera eskaini diete. Ortuzarrek Sustabizek agertutako prestutasuna eskertu du eta “txapelketa polita” izatea espero du.
Ume eta gazteei aisialdi “hezigarria, dibertigarria eta aktiboa” eskaintzeko helburuarekin, Kirol Sailak saskibaloiko kanpusa antolatu du, apirilaren 2tik 5era, 11-14 urte bitartekoei zuzenduta. Horrez gain, Uretan Gozatuz! ekimena ere aurkeztu dute –apirilaren 2an eta 4an izango da–: adin tarteka banatuta, igerilekuan jolas desberdinetan parte hartuko dute gaztetxoenek. Izen emateak zabalik daude Areneko kiroldegian eta bulego birtualean.
Era berean, Caruezok iragarri du Gazteria sailetik autodefentsa pertsonalerako teknikak ikasteko tailerra antoatu dutela, 14 eta 24 urte bitartekoentzat, apirilaren 25etik 27ra. Horrez gain, apirilaren 3tik 5era Robotika kanpusa antolatu dute, Gaztelekuan. Batean zein bestean izena emateko GIZ bulegoetara hurbildu edo 688 81 99 50 zenbakira deitu dezakete interesatuek.
Bestalde, gogoratu dute, Bermeoko Santa Vera Cruz kofrafiaren eskutik, Bariku Santuan [martxoak 29] bi prozesio egongo direla, 11:00etan eta 18:00etan.
Bermeoko Udalak bisitariei zein herritarrei “ingurumenarekin arduratsuak” izateko deia egin die, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko eskatuz. Caruezok azpimarratu duenez, Bermeo “oso ondo komunikatuta” dagoen herria da, bai trenez, bai autobusez.
Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Bakio lotzeko Bizkaibus zerbitzua jarriko du martxan martxoaren 23tik apirilaren 7ra bitartean. Autobusa ordu puntuetan abiatuko da Bermeotik, 10:00etatik 20:00etara. Horrez gain, Turismo bulegoak oporraldirako Gaztelugatxeko San Juanera autobus eta gidari zerbitzuak antolatu dituela gogoratu du Caruezok.
Autokarabanen kudeaketa. Aurreko oporraldietan oihartzun handia izan zuen arazo bati irtenbidea eman nahi dio udalak. Horretarako, Bermeoko autokarabanen gunea kudeatzeko “modu berri bat” jarriko dute martxan. Ortuzarren berbetan, udal gobernuarentzat “erronka” izan da, eta auzia “nahikoa kontrolatuagoa” egongo da. Autokarabanen aparkalekua erabili gura dutenek izena emateaz gain, bertan igaroko duten gau kopuruaren berri eman beharko dute.
Burujabetasun zelaian kokatuta dagoen gunean gaua pasatu nahi dutenek ordaindu egin beharko dute. Ordainketa tasan “uraren hornidura eta ur grisen aldaketa” sartzen dira. Elektrizitatearen hornidura nahi dutenek “aparte ordaindu” beharko dute. Aparkalekuan hemeretzi autokarabanarentzako lekua dago, eta sarrera eta irteera kodea duen hesiaren bidez kontrolatuko dute. Erreserba www.bizibermeo.eus edo www.bermeo.eus webguneen bitartez egin ahalko da.