Ondo eginiko lanaren isla
Tximinien, sutegien edota hodien garbitsunean, mantenuan nahiz instalazioan aditua da Surarte Garbitxu. Hurbileko tratu atsegina eta zerbitzuen profesionaltasuna dira beraien ikurrak.
Surarte Garbitxuk urteak daramatza tximinia, beheko su edo hodien inguruko edozein arazori konponbidea ematen. Kide bik osatzen dute lantaldea: batetik, Lorenek; bestetik, Jonek. Beren zerbitzuak Bizkaiko luze-zabalean ematen dituzte, Busturialdetik, Lea-Artibaitik, Mungialdetik nahiz Durangaldetik hasita. Jonek, hain zuzen, 25 urte baino gehiagoko eskarmentu zabala du ogibide horretan.
Duela lau urtetik, tximinien eta parekoen mantenuagaz, garbiketagaz eta arazoen konponketagaz lotutako edozein arazori irtenbidea ematen die Surarte Garbitxuk. Etxez etxeko sistema baliatuz, beraien zerbitzuak arazoa dagoen lekuan bertan eskaintzen dituzte Loren eta Jonek, hau da, hurbiltasunezko eta aurrez aurreko tratuagaz.
Tximinia bakoitza «mundu bat» denez, kasu bakoitzari egokitutako lana egiten du Surartek. Urte asko dituzten eraikinetako tximinia sistemak moldatzea da, esate baterako, egiten duten lanetako bat. Izan ere, eraikuntza horien isolamendua sarritan oso zaharkitua egoten da, eta urak kalte egiten die. Beraz, Surartek, tximinia sistema garbitzeaz gain, hezetasunaren aurkako lana ere egiten du: «Ohikoa izaten da horrelakoak egitea, adibidez, baserri zaharretan; hezetasunari aurre egitea gure eguneroko helburuetako bat da».
Kamera endoskopikoarekin
Kualifikazio handiko profesionalak izateaz gain, Surarteko kideek goi mailako teknologia nahiz materiala erabiltzen dituzte egunerokotasunean. Adibidez, tximinien benetako egoera bertatik bertara eta zehaztasun handiz zein den ezagutu ahal izateko, kamera endoskopiko izenekoa erabiltzen dute.
Arazoaren kokaleku zehatza topatzen dute, euren kamera endoskopikoarekin
Tximinia osorik garbitu ondoren erabiltzen duten baliabidea da hori, eta helburu argi eta garbi bategaz baliatzen dute: «Kamera endoskopikoaren helmuga tximinia barrualdetik aztertzea da, begi hutsez iritsi ezin garen tarteak barne. Kamera bat txertatuta daukan sistema da, eta kamera horrek hartzen dituen irudiak pantaila baten bitartez jasotzen ditugu. Lanabes teknologiko hori erabilita, zehaztasun eta fidagarritasun handiarekin jakin dezakegu tximiniaren zein tokitan kokatzen den arazoa, arazo hori zein motatakoa den eta, zelan ez, traba horri konponbidea zelan jarri diezaiokegun ere bai».
Lanerako oinarriak
Beraien zerbitzuak ematerako orduan gardentasuna eta zintzotasuna mantentzea dira Surarteren gidalerro esanguratsuenak: «Batzuetan, garbiketak, mantenu lanak edota konponketak egiten ditugu; beste batzuetan, berriz, bideoak grabatzeko edota informeak egiteko eskatzen digute. Egiten dugun lana, edozelakoa izanda ere, garden islatzen dugu bai tarifetan, bai fakturetan. Bezeroagaz beti jokatzen dugu zintzotasun osoz».
Lanean aurkitzen duten akats ohikoenetako bat tximinien eraikuntza materialagaz lotuta dago: «Gaur egun, tximinia gehientsuenak goitik behera metalez eginak dira; duela zenbait urtera arte, baina, bestelako materialak ere erabiltzen ziren. Adibidez, inoiz suertatu izan zaigu adreiluzko tximinia sistemekin topo egitea; kasu horietarako soluzioak ematen saiatzen gara».
Bezero bakoitzari egokitutako tratua eta zerbitzu integrala ematea dute helburu
Ez hori bakarrik: etxe berriak erosi orduko, tximiniaren egoera zelakoa den jakiteko zerbitzua ere ematen dute: «Askotan, arazoak gertatu orduko ematen ditugu zerbitzuak, eta ez bakarrik ondoren».
Aholkularitza zerbitzu integrala eta pertsonalizatua ematea da, hain zuzen ere, Surarteren indarguneetako bat. «Kasu bakoitzari hoberen egokitzen zaizkion aukerak azaltzen dizkiogu bezeroari, baita tximiniaren osasuna ahal den hoberen mantentzeko argibideak eman ere. Jendea kontziente izan behar da tximinia behintzat urtean behin garbitzea komeni dela».
Datuek diote gaur egun suteekin lotuta sortzen diren istripu gehientsuenek lotura zuzena daukatela beheko suen eta tximinien mantenuarekin; horien egoera modu erregularrean zaintzea, hortaz, garrantzitsua da. Hain zuzen, bi kideek aho batez azpimarratu dute «orain» dela tximinien eta beheko suen garbiketa egiteko sasoirik egokiena: «Hurrengo neguari begira garbi eta erabiltzeko prest egon daitezen, orain egitea komeni da; neguan eginez gero, bezeroa su barik egon beharko litzateke, guk lanak amaitu artean».
Loren Ortiz eta Jon Martinez dira proiektuaren atzean dauden bi kideak
Listor asiarraren habien garbiketa da Surarteren ohiko beste egitekoetako bat. «Geroz eta gehiago» agertzen ari dira liztor espezie horren habiak han-hemenka eta, beraz, istripuak sortzeko arriskua handitzen ari da; horri aurre egiteko, habia horiek errotik garbitzen ditugu, segurtasun eta fidagarritasun guztiz».
Harremanetarako bideak
Surarteren webean eskaintzen dituzten zerbitzu denak ageri diren arren, tokian tokiko egoeretara moldatu daitezke; beraz, edozein zalantza duenari eurekin hartu-emanetan ipintzeko deia egiten diote. Modu bi daude horretarako: telefono bidez [695 71 93 10 edo 656 72 04 88] eta euren webera jota; hain zuzen, www.surartegarbitxu.com-en atal berezi bat dute, bezeroek beren kontsultak egin ditzaten.